Mendia. Neguko espedizioak. Simone Moro. Alpinista

«Porrot egiteari ez zaio beldurrik eduki behar»

Gasherbrum II mendira igo zen aurreko neguan, Denis Urubkorekin eta Cory Richardsekin. Karakorumen neguan igotako lehenengo zortzimilakoa izan zen. Nanga Parbatera hilaren 26an abiatuko dira Moro eta Urubko, beste urrats bat egitera.

2011ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Energia transmititzen du Simone Morok (Bergamo, Italia, 1967). Mexikotik iritsi zen Euskal Herrira, eta ordu bakarra lo eginda eman zuen hitzaldia Gasteizko Mendi Film Festibalaren aurkezpen ekitaldian, astelehenean. Astearte goizaldean abiatu zen Italiara, beste hitzaldi bi ematera, eta handik Alemaniara joango da, Reinhold Messner lagun duela, Nanga Parbatera egin asmo duen espedizioa aurkeztera. Neguko espedizioen bilakaeran mugarria jarri zuten aurreko neguan Morok berak, Denis Urubkok eta Cory Richardsek, Gasherbrum II mendira igota —Karakorum mendikatean neguan igotako aurreneko zortzimilakoa (8.035)—. Nanga Parbaten beste hainbeste egin nahi dute orain Urubkok eta biek. Abenduaren 26an abiatuko dira Pakistanera, baina burua eta gogoa dagoeneko han dituzte. Hona emanaldiaren aurretik izandako solasaldia.

Zergatik aukeratu duzue Nanga Parbat negurako?

Denis eta bion asmoa Broad Peakera joatea zen. Beste bitan saiatu naiz neguan Broad Peakera igotzen, eta mendiarekiko kontuak itxi nahi genituen. 2008an gailurretik 200 metrora geratu nintzen, eta ongi ezagutzen dut mendia. Orduko hartan berandu nenbilen, ordea, eta buelta eman eta jaistea hobetsi nuen, segurtasunagatik. Behar bezala jokatu nuela uste dut.

Zergatik aldatu dituzue asmoak?

Pakistango militarrek helikopteroak erabiltzeko prezioa %300 handitu dutelako; orduko 3.000 euro eskatzen zituzten lehen, eta 8.400 euro eskatzen ari dira orain. Krisi garaiotan ez da zuzena mendi batera igotzen saiatzeagatik hainbeste diru xahutzea. Kontua ez da diru kopuru hori ordaintzeko prest dauden babesleak ote ditugun: etikoki jokatzea da kontua. Zatarra da mendi batera estilo alpino eta garbian igotzeko saioa mendira iritsi aurretik hainbeste diru gastatuz zikintzea. Nanga Parbat da sasoi honetan beheko kanpalekura helikopterorik erabili gabe iristeko mendi bakanetakoa; oinez bi egun pasatxoan iritsiko garela aurreikusi dugu.

Nondik saiatuko zarete igotzen?

Diamir hormako Kinshofer bidetik saiatuko gara ziurrenera, baina ez dugu beste aukeraren bat baztertzen. 2003an Jean Christophe Lafaillerekin igo nuena ere begiratuko dugu; bide zuzen eta tentea da, baina nahiko segurua. Mendiaren baldintzen arabera erabakiko dugu.

Muturreko baldintzak izango dituzuela jakin badakizue, baina Nanga Parbatek ba al du bestelako bereizgarririk?

25 urte dira Nanga Parbatera neguan igotzen lehenengoz saiatu zirenetik, eta denera neguko 11 saio egin dira. Horrek adierazten du mendi zaila dela neguan. Bada kezkatzen nauen kontu bat: beheko kanpalekutik tontorrera dagoen desnibela. Zortzimilako gehienetan, 5.000 metrora jarri ohi dira kanpalekuak, baina Nangaren kasuan, 4.000 pasatxora. Horrek mila metroren aldea esan nahi du, eta egun bat gehiago behar izatea igotzeko. Eguraldi oneko tarteak txikiak direla aintzat hartuta, barealdia iritsi aurreko ekaitzarekin hasi beharko dugu igoera.

Poloniako espedizio bat ere joatekoa da. Sortu al daiteke nolabaiteko lasterketa igotzen lehenengoak nortzuk izan?

Zintzoki esango dut nahiago genuela bakarrik joan izan bagina, Broad Peakera joatekotan ginen bezala. Mendizaleon artean idatzi gabeko akordio bat bagenuen: gu Broad Peakera, errusiarrak K2ra, Alex Txikonen taldea G-I mendira eta poloniarrak Nanga Parbatera. Guk aldatu dugu asmoa; beraz, ezin dugu ezer esan. Poloniarrekin harreman ona dugu, eta haiek baino hamar bat egun lehenago iritsiko gara beheko kanpalekura. Haiek ezagututa, ez dut uste gure arteko lehiarik edo lasterketarik izango denik. Lana banatu dezakegu edo bide banatatik saiatu; baina ez gara lehenago igotzeko presaz ibiliko. Haiek bost alpinista dira, eta gu, bikotea; zazpikote batean ez dut uste gerrarik sortuko dugunik.

Baldintzen gogortasuna nabarmentzen duzue neguan zoazten mendizaleek. Zer du erakargarri neguak?

Bi hitzetan laburtuta: esplorazioa eta abentura. Askotan erabiltzen ditugun hitzak dira, baina zer esan nahi duten ez dakigu. Adibide batekin azal daiteke; Everestera bide normaletik apirileko edo maiatzeko sasoian joaten bagara, esploraziorik edo abenturarik ez dago. Neketsua eta gogorra da, arriskutsua ere bai, baina ez dago abenturarako edo esploraziorako tarterik. Esfortzua jende askorekin partekatzen da. Neguak jende uholde horretatik libre izatea dakar. Mendizalea bakarrik dago mendian, eta nola igo pentsatu eta aztertu behar du, estrategia bat diseinatu. Nolabait 40 edo 50 urte atzera egiteko modua da. Ez da hobea edo okerragoa, desberdina baizik.

Karakorumeko zortzimilakoetan mugarria jarri zenuten aurreko neguan G-IIra igota. Zer garrantzi ematen diozu egindakoari?

Ez da egokia nik esatea, baina historikoa izan zela uste dut. 1988an Wielicky Lhotsera igo zenetik 2005ean Piotr Morawski eta biok Shisha Pangmara igo ginen arte beste neguko igoerarik ez zen egin 17 urtean. Ate berri bat ireki genuen orduan, eta espedizio gehiago saiatu dira ordutik ate hori zeharkatzen. Denis Urubkorekin Makalura igo nintzen 2009an, eta Cory Richardsekin igo ginen Urubko eta biok Gasherbrum IIra. Erakutsi dugu posible dela halakorik egitea, eta nazioarteko alpinista batzuentzat ispilua izan gara. Pakistanen beste ate bat ireki dugu, eta garbi daukat beste alpinista batzuek jarraituko diotela guk irekitako bide horri.

Urubkok eta zuk zeuk egungo talderik indartsuenetakoa osatzen duzue.

Egin dudan alpinismotik zerbait gustatzen bazait, talde lanean oinarritutakoa dela da, eta muturreko erronka baterako taldearekin asmatzea zaila da. Denisek eta biok 12 urte daramagu elkarrekin, eta lagunak gara mendizale bainoago, anaiak ia. Gure arteko harremanaz hitz egiten dugunean, gustatzen zaigu beste bikote batzuetan pentsatzea: Felix eta Alberto Iñurrategi, Messner eta Kammerlander, Kukuczka eta Wielicky, Troillet eta Loretan, Alex eta Thomas Huber… Haien bidean gabiltzala uste dut. Lagunak eta sokalagunak izateko oreka lortu dugu.

Gasherbrum II mendian, Cory Richards izan zenuten sokalagun. Orain, Matteo Zanga doa zuekin...

Baina espedizioko argazkilaria izango da, ez da mendira igoko. Alpinista da, baina ez dago prestatua halako igoera bati ekiteko. Argazki eta bideoak aterako ditu beheko kanpalekura bidean, eta gero Denisek eta biok hartutako irudiak jaso eta editatuko ditu. Tresneria ona du eta irudi dotoreak hartuko ditu, ziur.

Teknologien bilakaerarekin espedizioen ia unean uneko informazioa izaten da egun. Alpinista ez ezik, argazkilari eta kamerari ere bazarete.

Egiari zor, ohituta gaude halakoetara, espedizio gehienetan ibili garelako irudiak biltzen. Guk hartutakoak, noski, ez dira profesional batzuek hartutakoen mailakoak izango; iaz Cory Richardsek hartutakoak, esaterako. Baina geroz eta garrantzi handiagoa ematen diogu horri; mendira hiru bideokamera eta argazki kamera bi eramango ditugu.

Mendian egiten duzuena nolabait saltzeko beharra al dago horren guztiaren atzean?

Jendeak hori pentsa dezake, eltzetik babak ateratzeko behar dugula hori. Baina jendearekin esperientzia bat partekatzea da gure asmoa; bizipen batzuk jendeari helaraztea, nahiz eta tontorrera iritsi ez. Alpinista batzuek tontorrera iristen direnean soilik ematen dute egindakoaren berria; guk nahiago dugu garbi jokatu eta egiten dugunaren berri bere horretan eman, izan tontorrera iritsita edo izan porrotarekin. Eta porroterako prest gaude gu.

Tontorrera ez iristeari porrota deitu al dakioke?

Bere horretan porrot hitza ez da hitz ezkorra. Bizitza porrotez josita dago; bikotekidearekin izandako porrota, alor profesionalean eta lanean izandakoa, familiarekin edo lagunekin izandakoa... Himalayan ere porrot egin daiteke, eta hori ez da inolako arazoa. Porrot egitea batzuetan ezinbestekoa izaten da, itzultzeko eta eskalada dotore batekin tontorrera iristeko akuilu eta pizgarria. Neguan joatea zeinen gogorra den ederki dakigu Denisek eta biok, eta tontorrik gabe buelta gaitezkeela badakigu. Errealitate hori barneratzea garrantzitsua dela uste dut; ez zaio porrotari beldurrik eduki behar.

Errusiarrak talde handian doaz K2ra; zuek, berriz, bi lagun baino ez zarete. Oso estilo desberdinak dira. Negurako zein da aproposagoa?

Errusiarrek arrakastarako aukera gehiago eduki dezakete, talde handia izateaz gain mendizale indartsuak direlako. Gogotik prestatu dute, gainera, espedizioa. Sobietarren estiloa beti izan da talde handian joatekoa. Kulturala dute hori. Esan dezaket ez dela nire gustukoa, baina errespetatzen dut haien joateko modua. Azken urteetan frogatu dugu tontorrera neguan iristeko gakoa azkar eta arin igotzea dela. Neguan eguraldi oneko tarteak laburrak dira, eta hala igotzeko, egun oneko leiho tarte luzeagoa behar da. Altuerara behar bezala aurrez prestatzea eskatzen du horrek, eta prestaketa fisikoaz gain, burua eta estrategia ere behar bezala antolatzea.

Teknologia berriekin ez al da galdu abenturaren eta esplorazioaren bidea?

Neurri batean bai, baina teknologiak mendian badu gauza on bat: guk nahi dugunean off tekla zapal dezakegu Nanga Parbaten gaudela eta erabat bakartuta egon. Eguneroko bizitzan ezinezkoa da hori; etengabe ari gara deiak jaso eta erantzuten edo gu geu deiak egiten.

Zorrotza izan zara neguko espedizioa zer den zehazteko orduan, eta ika-mika handien iturria izan zenuten egutegia Jean Christophe Lafaille zenak eta zuk zeuk.

Uste dut eragina izan zuela orduko ika-mika horrek, eta azken urteotan neguko espedizio ia guztiak abiatukogara abenduaren 21etik aurrera. Errusiarrak dira aurten salbuespena, hilaren 15ean [atzo] iritsiko direlako Islamabadera, baina trekkinga hasten dutenerako negua izango da. Gustatzen zait arau hori mendizale guztiok pixkanaka barneratu dugula ikustea, eta arau batzuk ezinbestekoak dira alpinismoan: negua da edo ez da, estilo alpinoan igotzen da edo ez da alpinoan igotzen, oxigenoa erabiltzen da edo ez da erabiltzen... baina gauzak diren bezala esan behar dira. Garbia izan behar da, eta arauak errespetatu egin behar ditugu. Arauak komeni bezala moldatzen direnean, anarkia dator.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.