Octavio Perez. Mendi korrikalarien entrenatzailea

«Podiumerako aukeran ikusten dut Kenyarren bat, beroa eginez gero»

Perezek proiektu bat sortu du Kenyako atletek mendi lasterketetan parte hartzeko. Bertan parte hartzen ari diren lau lasterkari Zegama-Aizkorrin lehiatuko dira igandean. Haientzat aukera handia izan daitekeela deritzo.

Ezker eskuin, Bem Kimtai, Reuben Narry, Octavio Perez, Robert Pkemboi eta Matthew Kiptanui. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Zegama
2022ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun

Entrenatzaile ezaguna bihurtu da azkenaldian Octavio Perez (Xativa, Herrialde Katalanak, 1978). Orain bi urte jarri zuen martxan Sky Runners Kenya, mendi lasterketetara zuzendu duen lasterkarien taldea, Kenyan. Iazko denboraldian emaitza onak lortu zituen taldeko izarrak: Ben Kimtaik. Esaterako, Gorbeia Suzienen podiumera igo zen. Aurrekoak kontuan hartuta, Zegama-Aizkorrirako ilusio handiarekin dabil Perez. Ia hamar egun daramatza taldearekin Zegamako ibilbidean entrenatzen. Esperantzara kondenatuta jarraitu nahi du.

 

Nolatan sortu zenuen atleta kenyarrak mendian korrika jartzeko proiektua?

Gezurra badirudi ere, Kilian Jornet errepideko lasterketa batzuk egiten hasi zenean etorri zitzaidan ideia burura. Zera pentsatu nuen; Jornet errepidean gauza handiak egiteko gai bada, zer egiteko gai izango lirateke kenyarrak mendiko lasterketetan? Buruari buelta asko eman ondoren, Itenen [Kenya] entrenamendu batzuk prestatu nituen hango hainbat korrikalarirekin. Asmoa zera zen: haiek hona ekartzea, eta, ahal bazuten behintzat, bizimodua mendi lasterketetatik ateratzea. Maila handiko lasterketak izan behar zuten, dirua irabaz zezaten. Transgrancanariako [Kanaria Uharteak, Espainia] maratoia izan zen lehena. Lau korrikalari ekarri genituen azkenean, eta hiru behintzat podiumean izan ziren.

Nola egin zenuen hautaketa?

Pandemia garaia zen, eta ni ezin izan nintzen Itenen egon. Gaizki-ulertu bat izan genuen, gainera, eta, probak, mendiko lasterketa batean egin ordez, mendietara igotzeko errepideetan egin zituzten. Errepidean egindako igoerak eta jaitsierak izan ziren. Dena berria zen haientzat, eta nahiz eta ondoren Espainian bi hilabetez ondo prestatzen aritu, lehen mendiko lasterketa oso gogorra izan zen.

Zergatik egin dute mendi lasterketetarako jauzia?

Kenyan, maratoirako hautatua izatea oso-oso zaila da. Munduko onenak daude bertan, eta nahiz eta maratoian 2 ordu eta 8 minutu, edo 2 ordu eta 10 minutuko denborak egin, han ez dira inor. Inoiz ez dute aukerarik izan kanpoan lehiatzeko. Horregatik, aukerak sortzen zaizkienean, aprobetxatu egin behar dituzte. Nik, Kenyan, hiru etxetxo dauzkat sukaldearekin, eta janaria eta ostatua ematen diet bertan egon ahal izateko eta nire saioetan entrenatzeko. Ondoren, lehiatzeko eta bidaiatzeko aukera eskaintzen diet.

Gaur egun zenbat korrikalarirekin ari zara lanean?

Bederatzi eta hamaika artean ari dira nirekin. Joan eta etorri egiten dira asko, baina kopurua hori da. Zegama-Aizkorrira lau gizonezkorekin etorri naiz.

Ondo egokitu al dira mendira?

Nik baietz esango nuke. Igotzen oso oso onak dira. Iruditzen zait Zegama-Aizkorrin alde egingo dutela igoeretan. Eremu teknikoetan gehiago sufritzen dute. Esaterako, Aizkorriko gailurrak ez dituzte oso gogoko izan entrenamenduetan, baina nik ez ditut hain gaizki ikusi. Serieak egiten ere ibili gara gailurretan, eta uste baino hobeto ikusi ditut. Korrika egiteko eremuetan eta jaitsiera errazetan hegan egiten dute.

Zer kostatzen zaie gehien?

Ez dakite ondo neurtzen eta erregulatzen. Edatea ere asko kostatzen zaie. Seguru asko, gehien horixe lantzen ari naiz haiekin.

Laster Zegama-Aizkorri irabazteko moduan ikusten al duzu baten bat?

[Barrezka erantzun du] Laster egun gutxi barru izan daiteke! Eguraldiak asko baldintzatuko du lasterketa. Azken asteetan egin duen beroa egiten badu, asko izango dute irabazia. Aldiz, euria egingo balu, aukerak asko jaitsiko lirateke. Beroarekin, eta ez badira lehertzen, aukera asko ikusten diot baten bati podiumean egoteko. Ia amaierara arte aurrean izango dira eguraldi beroarekin, betiere tamaina hartzen badiote, eta ondo erregulatzen badute. Nik horretan ezin diet askoz gehiago lagundu. Maiz esaten diet ez dela gauza bera bi orduko maratoia, edo lau orduko mendi lasterketa bat.

Errepidean gertatzen den antzera, mendi lasterketak ere bide bat izan daitezke horrelako korrikalarientzat dirua irabazteko?

Bai, zalantzarik gabe! Egun hauetan esan diet Zegama-Aizkorrin lehen hamarren artean sailkatzen badira aukera handiak izan ditzaketela etorkizunean, esaterako, Golden Trail Series probetan edo beste hainbat lasterketetan parte hartzeko. Oraingoz, inork ez dauka egutegi finkorik, eta igandeko lasterketak gauzak asko aldatu edo baldintzatu ditzake.

Iragarpen bat egiteko eskatuz gero, noren alde egingo zenuke?

Bihotz-bihotzetik egingo dut pronostikoa. Lehen aukera, Reuben Narryren edo Mathew Kiptanuiren alde izango da, Kilian Jorneti esprintean irabazita [barrez]. Bihotzak horrela agintzen dit! Kimtai ez dut hain sasoiko ikusten. Badakit oso zaila izango dutela, eta oso lehiatua izango dela lasterketa. Zaila da pronostiko bat egitea, baina ez litzateke erokeria bat izango bi kenyar podiumean ikustea. Horrekin amesten dut.

Zein da helburu nagusia iganderako?

Hotzean pentsatuta, podiumean bat sartuta konformatuko nintzateke. Hori lortuz gero, bizitza ere aldatu dakioke baten bati.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.