Ate joka da Pirena Advance 2011. Elur baldintza egokien esperoan bi astez atzeratu zuten zakur leren Pirinioetako lasterketa ezaguna, baina azkenean otsailaren 5etik 19ra bitartean jokatuko dela baieztatu dute antolatzaileek. «Egunotan elurra egingo duela dio iragarpenak, eta hurrengo astean ere botako duela. Kezka badugu, zerura begira gaude une oro, baina jokatu jokatuko da», jakinarazi du Pirenako zuzendari Pep Paresek.
Urtero legez, La Partacua eta La Molina eski estazioak lotuko ditu lasterketak, bi asteko epean. Proba hasi bezperan, otsailaren 4an, Pirenaren aurkezpen ekitaldi ofiziala egingo dute Zaragozan (Espainia), eta hilaren 5ean jokatuko da lehenengo etapa, Tena haraneko La Partacua-Nieve de Aragon estazioaren inguruetan. Pirenak 20. ekitaldia du aurten, nahiz eta duela 21 urte jokatu zen estreinako aldiz —2007an bertan behera geratu zen—. Zenbaki dantza ohikoa du aurtengoak ere: hamalau etapa, 400 kilometro, 300 zakur tiraka eta korrika eta, musher-ak eta skijoring eskiatzaileak aintzat hartuta, 43 talde.
Urtarrilaren 22rako iragarri zuten lasterketaren hasiera, baina Pep Pares buru duen antolakuntzak nahiago izan du bi astez atzeratzea; hainbat etapatako ibilbideak prestatu eta trazatzeko elur baldintza egokiagoak izango dituztelakoan. Atzerapenak, ordea, hainbat lehiakideren egutegia aldrebestu du, eta Pirenan ez parte-hartzea erabaki dute zenbaitek, ezinbestean. «Pena izan da, eta jakin badakigu oztopoa dela askorentzat. Izena eman zutenetako bostek ez dute parte hartuko, baina eguraldia eta elur nahikoa egitea ez dago gure esku», dio Paresek. Hori da Jesus Raigoso eta Jesus de la Torre nafarren kasua. Raigoso klasiko bat da Pirenan, hutsik egiten ez duen horietakoa, baina aurten ez da lasterketan izango. Egoera berean da De la Torre ere. Horiek horrela, lau beharrean, bi dira Pirenan irtengo diren euskal ordezkariak: Iker Ozkoidi eta Beñat Zubillaga. Haiei Gallartan bizi den Jose Manuel Varela batu behar zaie.
Iker Ozkoidik badaki Pirena irabaztea zer den. Txakurrek tiratutako zakur leren kategorian 2009ko ekitaldia irabazi zuen, eta podiumera beste lau alditan igo da, lasterketa bigarren postuan bukatuta. Aurten ere irabazteko hautagai nagusietako bat da iruindarra. Aurkariak urterokoak izango ditu, 2008 eta 2010ean Pirena irabazi zuen Tom Andres alemaniarra, besteak beste. Paresek garbi du garaipenerako hautagaiak horiek direla: «Tom Andres eta Iker Ozkoidi dira azken hiru urteetako irabazleak, eta aurten ere haien artean erabakiko da. Musher onak izateaz gain, proba ezagutzen dute, tradizio handia dute Pirenan, eta txakur talde indartsuak dituzte. 2006an irabazi zuen Josep Domingo ere irtengo da, baina Andresen eta Ozkoidiren arteko lehia ikusten dut. Biengatik poztuko nintzateke».
Sei eta hamabi txakur bitartean jar ditzake musher bakoitzak lerari tiraka, eta hamalau animalia eraman ditzake, gehienez, Pirenara. «Etaparen arabera aukeratzen dute zenbat txakur jarri, baina kategoria berean lehiatzen dira guztiak, sei txakurrekin irten edo hamar jarri», azaldu du Pirenako zuzendariak. Zakur leretan 32 taldek eman dute izena.
Gizonak eta emakumeak batera
Zakur leren proba ez ezik, skijoring modalitatea ere hauspotzen ari da Pirena. Iraupen eskiak jantzi eta eskiatzaileari lotzen zaizkio kasu horretan txakurrak. «Gizonen eta emakumeen arteko banaketarik ez dagoen kirol bakarretakoa da; guztiak lehiatzen dira maila berean. Hiru txakur eraman ditzake lehiakide bakoitzak, baina bat edo birekin korri dezake etapa bakoitza», argitu du Paresek.
Beñat Zubillaga donostiarrak estreinakoz parte hartuko du, hain zuzen, skijoring kategorian. Guztira, 11 eskiatzailek eman dute izena. «Azken urteetako irabazleak falta dira, baina bi aldiz irabazi duen Jana Porubska etorriko da. Tentuz harekin, oso ona baita», jakinarazi du.
Aldaketa gutxi ibilbidean
Hamalau etapatan Espainiako, Frantziako, Andorrako eta Kataluniako Pirinioak zeharkatuko ditu Pirenak, eta etapatako lau gauez jokatuko dira: Beret-Montgarri, otsailaren 9an; Gran Pallars-Port Aine, otsailaren 11n; Plateau de Beilleko etapa, otsailaren 14an; eta Grandvalira-El Tarter, otsailaren 16an. Kopetako argien laguntza eta indar handiko fokoetako argia izango dituzte bidelagun zakur lerek.
Pic de L'Orri gaina da ibilbideko punturik garaiena, 2.440 metrorekin. Otsailaren 11n eta 13an pasako dira handik. Desnibel mailarik handiena gainditu beharko duten eguna, berriz, gauez jokatuko den Andorrako etapan gaindituko dute parte-hartzaileek: Grandvalira eta El Tarter artean %18ko maldak igoko dituzte lerek —skijoring kategoriakoek ez dute etapa hori jokatuko—. «Ikuskizuna izango da, ziur, baina lehiaketatik haratago Pirenak baditu beste balio batzuk ere: animaliekiko, naturareki eta joko garbiarekiko errespetua, esaterako», jakinarazi du Paresek.
Mendia
Pirena 2011, zeruari begira
Bi asteko atzerapenarekin, otsailaren 5etik 19ra bitartean jokatuko da zakur leren proba ezaguna. Elur faltak eragin du egun aldaketa, eta elurraren esperoan dira antolatzaileak. Iker Ozkoidi eta Beñat Zubillaga dira euskal ordezkariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu