Pierra Menta «gogorra eta ederra»

Mendiko eskiko proba entzutetsuaren 38. aldia jokatu da martxoaren 13tik 16ra. Baldintza oso onak izan dituzte eguraldiari eta elurrari dagokienez. Euskal eskiatzaileak inoiz baino gehiago izan dira, hamabi. «Ederra eta gogorra» izan dela nabarmendu dute.

Pierra Menta
Aurtengo Pierra Mentako irudia: eskiatzaileak Gran Mont mendiko ertzean. JOCELYN CHAVY
ramon olasagasti
2024ko apirilaren 3a
05:00
Entzun

Mendi-mendiko eskia, horixe da Pierra Menta: ertzak, korridoreak, igoera eta jaitsiera ikusgarriak, 3.000 metroko desnibeleko etapak bata bestearen atzetik... Beaufortain ibarreko mendietan (Savoiako Alpeak, Frantzia) egiten da lasterketa, lau egunean, eta, askoren iritziz, mendiko eskiko proba nagusia da. Aurten, gainera, elur baldintzak eta eguraldia aldeko izan dira, eta ohi bezain ikusgarria izan da lasterketa. Aspaldiko partez, bailarako bertako bi eskiatzaile nagusitu dira gizonezkoetan: Xavier Gachet beti bigarrena eta William Bon Mardion. Ikusgarria izan da Davide Magnini eta Robert Antonioli italiarrekin izan duten lehia: lau etapa eta 10.000 metroko desnibela gainditu ondoren, segundo gutxiko tartean ebatzi da lasterketa. Nesketan, berriz, errazago nagusitu dira Axelle Mollaret eta Emily Harrop, frantsesak hauek ere. Euskaldunak ere inoiz baino gehiago izan dira, hamabi denetara, gizonezkoak guztiak. Iñigo Martinez de Albornoz hamazazpigarrena izan da, Marc Pinsach kataluniarrarekin, eta Asier Labairu 29.a, Daniel Izquierdo espainiarrarekin. Bikote bakoitzaren lekukotza jaso du BERRIAk.

Iñigo Martinez de Albornoz (Donostia, 1996) – Marc Pinsach (Casa de la Selva, Herrialde Katalanak, 1989)

«Aurreko aldietako arantza ateratzea lortu dut»

Iñigo Martinez de Albornoz aurten buru-belarri dabil Munduko Kopako esprint probetan. Denboraldiaren hasieran, Val Thorenseko (Frantzia) proban zilarrezko domina eskuratu zuen, inoizko emaitzarik onena maila horretako proba batean. Pierra Menta ondo egokitzen zitzaion egutegian, eta Tignesko kontzentrazio batean Marc Pinsach katalanak galdetu zionean animatuko ote zen, ez zuen zalantzarik egin. Maila nagusian hirugarren Pierra zuen, eta gazteen mailan ere lautan egina zuen. «Aurrekoetan hainbat arazo tekniko izan nituen, eta oraingoan Marcekin joatea berme izugarria zen. Marc handietako bat da mendiko eskian: Kilianen [Jornet] urte berekoa eta ikaskidea da; Font Romeun elkarrekin bizi eta entrenatzen ziren, eta gurekin egon da Espainiako selekzioan duela bi urtera arte».

Iñigo Martinez de Albornoz Pierra Mentan
Iñigo Martinez de Albornoz aurtengo Pierra Mentan. SKIMO STATS

Lehiatzea bai, sailkapenean ahalik eta goren egotea ere bai, baina batez ere gozatzea zen bien helburua. «Marc urte askoan ibili da gorenean lehiatzen, laugarren ere izan zen 2018an, eta oraingoan gozatzera gindoazen gehiago. Lehen egunean, lehertzera joan gabe ea non egon gintezkeen ikusi genuen, eta hurrengo bi etapetan ondo lehiatu ginen. Laugarrenean kosta zitzaigun gehien, pilatutako nekearen ondorioz, baina eutsi genion. Aurreko aldietako arantza ateratzea lortu dut, eta pozik nago 17. postuarekin eta hartu dugun gozatuarekin», laburbildu du Martinez de Albornozek.

Apirilaren 8-9an Munduko Kopako proba azken proban lehiatuko da Cortina d‘Ampezzon (Italia), esprintean eta erreleboetan. Apirilaren 20an, berriz, PDG proban parte hartuko du, distantzia luzeko Munduko Txapelketan, eta hor bukatuko du denboraldia.

Asier Labairu (Iruñea, 1996) – Daniel Izquierdo (Soria, Espainia, 1998)

«Zaila da lortu dugun postua baino goragokorik lortzea»

Asier Labairu iaz bezala Axier Alonso oñatiarrarekin parte hartzekoa zen aurten ere, baina Alonsoren azken orduko lesio bat tarteko, Daniel Izquierdorekin osatu du azkenean bikotea. «Iaz, bueltatzeko gogoz itzuli ginen Axi eta biok. Iazkoa hobetu genezakeela uste dut, Axi sasoiko zegoen aurten, eta garai txarrean min hartu zuen. Pena handia izan zen harekin ez parte hartzea». Denborarik galdu gabe, Daniel Izquierdo soriarrari proposatu zion elkarrekin joatea. «Pisukideak gara Jakan, elkarrekin entrenatzen gara, eta azkar eman zidan baiezkoa». Aurtengo elur denboraldi eskasarekin, «ahal izan duten moduan» ibili dira entrenatzeko, pista asko sartuz. «Motibazio aldetik izan ditugu beheraldiak, batez ere lasterketak bertan behera geratzen hasi zirenean, baina, horri aurre egin, eta elurra iristearekin batera berriro ekin genion, eta, orain, denboraldia salbatu dugulakoan nago».

Asier Labairu 2024ko Pierra Menta proban.
Asier Labairu 2024ko Pierra Mentako jaitsiera batean. SKIMO STATS

Pierra Mentan bazekiten maila handia izango zela eta den-denak han izango zirela, egutegian ez delako bat etorri Munduko Kopako probekin. Hori dela eta, ez zuten postu aldetik helburu jakinik eraman, are gehiago kontuan izanda Izquierdorentzat lehen Pierra zela. «Dortsala hartu genuenean, 33a egokitu zitzaigun, eta txantxetan esan nion: 'Ea dortsalaren zenbakia hobetzen dugun'. Azkenean 29. egin dugu, eta oso pozik gaude emaitzarekin. Zaila da hortik goragoko postu bat lortzea. Aurreko urtean ez bezala, zorte handia izan dugu eguraldiarekin, 1.600 metrotik gora elur baldintza oso onak izan ditugu, arazorik ere ez dugu izan erorikoekin, materialarekin... Eta errendimendu aldetik ere oso ongi», laburtu du aurtengo parte hartzea Labairuk.

Lehen bi etapa luzeetan (3.000 metro inguruko desnibela), «buruarekin» korritu zuten. «Azken laurdenean beti bikote batzuk gainditzen genituen, eta indartsu bukatu genituen bi etapa horiek. Hirugarrenean indartsuago atera ginen, gehiago arriskatuz, Grand Monteko ertzean aurre samarrean sartzeko, eta 27. helmugaratu ginen. Hura izan zen etaparik onena guretzat. Laugarrenean, erdi gaixo joan nintzen, gorputzaldi txarrarekin, eta Danik asko lagundu zidan, gomarekin tiratzen, une oro laguntza eskaintzen, eta, azkenean, eutsi genion postuari».

Jon Ander Aranburu (Zumarraga, 1987) – Ander de Miguel (Iruñea, 1995)

«Gorantz ez gara inor baino gutxiago, baina, jaitsieretan, nabaritzen da aldea»

Jon Ander Aranburuk bigarren Pierra Menta zuen aurtengoa; duela bost aldi Igone Campos bikotekidearekin parte hartu zuen. Ander de Miguelek, berriz, lehena zuen. Aurtengo elur denboraldi kaskarra dela medio, ahal izan duten moduan entrenatuta joan ziren Pierra Mentara. «Pistetan entrenatu behar izan dugu asko. Gorantz bai, sasoia hartzen duzu, baina, Pierrako jaitsiera teknikoei begira, justuago ibili gara entrenatzeko. Eta nabaritzen da: gorantz ez gara inor baino gutxiago, baina, jaitsieretan, nabaritzen da aldea», azaldu du Aranburuk.

Jon Ander Aranburu Pierra Mentan
Jon Ander Aranburuk bigarren Pierra Menta izan du aurtengoa. SKIMO STATS

«Izan dugun denboraldiaren ondoren, lasterketa asko bertan behera geratuta, aurtengo Pierra opari bat izan da. Iragarpenak onak zirela jakinda, lehen egunetik etapa luzeak eta gogorrak jarri zizkiguten. Elur baldintzak ere onak izan ditugu. Bailaran beste urte batzuetan baino elur gutxiago zegoen, baina, behin altuera pixka bat hartuta, elur asko eta baldintza oso onak izan ditugu».

Egokitu zitzaien dortsalagatik, lehen etapan aurreneko 50 bikoteen kaxoitik atera ziren, eta kaxoi horretan eustea hartu zuten helburutzat. «Lehen eguna ez genuen on-ona ere eduki. Agian, fuerte samar hasi ginen, eta, gero, posturen batzuk galdu genituen: 51. bukatu genuen. Bigarren etapan lehen kaxoia berreskuratu genuen, eta egunetik egunera aurrera egin genuen. Hortik aurrera ondo lehiatu ginela uste dut». 42.ak izan ziren azkenean.

Lehian bete-betean joanda, Aranburuk onartzen du proban zehar «nahi baino gutxiago» goza dezaketela ibilbideaz, paisaiaz eta inguruaz. «Oso kirol teknikoa da, eta oso zentratuta joan behar duzu, beti erne, baina, aldi berean, badakizu non zauden, zein leku ederra den, eta gozatzen zoaz. Muino bat gainditu, zer igoera datorren ikusi, zer Z ederrak dauden trazatuta, eta jabetzen zara, bai». Materialarekin ere berdin, etengabe zaindu behar izaten dutela dio Aranburuk. «Arazoren bat izan eta ez baduzu etapa bukatzen, adio, etxera zoaz. Hori dela eta, jaitsieretan fuerte goaz, ahal den azkarrena, baina beti gordetzen, burua galdu gabe. Bai, azkarrago jaitsi gaitezke agian, baina arrisku gehitxo hartuta, eta garrantzitsuena egunero etapa bukatzea da».

Aitor Ajuria (Leintz-Gantzaga, 1998) – Adria Duarri (Pala de Torroella, Herrialde Katalanak, 1997)

«Hainbeste arazo izan ez bagenu, postu hobea lor genezakeen»

Aitor Ajuria gazte-gaztetatik lehiatu izan da mendiko eskian. Aurtengo negua Alpeetan egin du, «eski estazio batean lanean», eta, batez ere asteburuetan lan asko egin arren, aste barruan aukera dezente izan du eskiatzeko. «Hemen, Alpeetan, etxean geratzea eta mendira ez joatea da zailena». Hasieran ez zuen Pierrarako asmorik, baina Adria Duarri katalanak —mendiko lasterketetan duela urte batzuk ezagututako lagunak— Pierrarako proposamena egin zionean, «asko pentsatu barik aurrera» egin zuen.

Aitor Ajuria eta Adria Duarri 2024ko Pierra Menta proban
Aitor Ajuria eta Adria Duarri aurtengo Pierran.

Ez zaio damutu. «Aurten zorte handia izan dugu eguraldiarekin. Goiko partean elur asko zegoen eta, horri esker, mendi-mendiko Pierra izan da, oso-oso polita», nabarmendu du. Nolanahi ere, arazo tekniko dezente izan dute materialarekin, eskiekin, kranpoiekin, botekin... «Egunero bagenuen zerbait, baina tira, lortu genuen arazo guztiak gainditzea. Alde horretatik, erraza ematen du, baina ez da hain erraza Pierra bukatzea. Gainerakoan, erritmo iraunkorrari eutsi genion, biok ondo hartu genuen elkar, eta asko gozatu genuen».

Arazoak arazo, 56. postuan bukatu dute, eta Alpeetako eskiatzaileekin zer-nolako aldea dagoen kontuan izanda, ez da postu makala. «Ez da, ez. Maila izugarria dago hemen, txikitatik eskiatzen dabilen jendea, eta aldea handia da. Hainbeste arazo izan ez bagenu, postu hobea lor genezakeen, baina Pierran dena hartu behar da kontuan. Beraz, pozik gaude lortutakoarekin».

Aitor Otxoa (Oñati, 1972) – Gorka Galdos (Oñati, 1980)

«Ez dakit lehen bi etapak halako gogorrak ezagutu ditudan inoiz»

Aitor Otxoak 2003an egin zuen lehen Pierra Menta, eta erabat maiteminduta itzuli zen handik. Aurtengoa hemeretzigarrena izan du, eta Gorka Galdos herrikideak bosgarrena. Elkarrekin, berriz, hirugarren aldia izan dute. «Aurtengoa ederra izan da: etapa gogorrak prestatu dituzte: behean ez zegoen elur askorik, baina goian oso baldintza onak zeuden», azaldu du Otxoak. Lehen bi etapak bereziki gogorrak izan zirela azaldu du oñatiarrak. «Lehen etapan ibilbide ederra prestatu zuten: korridoreak, ertzak, Grande Journee sartu zuten aspaldiko partez —urteak igo gabe—, Mirantin... Ia 3.000 metro. Eta bigarrenean 3.200 metro. Ez dakit Pierra batean lehen bi etapak halako gogorrak ezagutu ditudan inoiz. Bigarren egunean anoa gune bat jarri zuten, bakoitzari litro eta erdi ur emateko. Bigarren aldiz ikusi dut anoa gune bat Pierra batean».

Gorka Galdos eta Aitor Otxoa 2024ko Pierra Menta proban
Gorka Galdos eta Aitor Otxoa pozik, aurtengoa bukatuta.

Hirugarren etapan, Grand Monteko ertzean, lehenak ondo pasatu ziren, baina atzetik zetozenek ilara luze samarra harrapatu zuten, eta lainoa sartu zitzaien. «Hala ere, gozatu genuen. Gainera, iparretik, aurten igo ginen lekutik, gutxitan egin da. Traza luzeak eta oso ondo eginak. Etapa polita geratu zen. Aupa!».

Joan Maria Vendrell katalana da gaur egun Pierra Menta gehien egin dituen eskiatzailea, 22.a izan du aurten, eta, haren atzetik, Aitor Otxoa da gehien egin dutenetako bat. Hogeigarrena egiteko gogoz itzuli da. «Kristoren giroa eduki dugu gure artean, katalanekin... Pena izan da, eta katalanek esan digute: 'Zer pasatzen da hemen? Jada ikurrinik ez da ikusten'; eta egia da, lehen beti lagunen bat edo beste, oñatiarrak, ondarroarrak... etortzen ziren, baina Covida izan eta gero pixka bat hoztu egin da kontua. Ea hurrengoan...».

Ibai Goñi (Barañain, 1981) – Patxi Rubio (Iruñea, 1982)

«Lehen egunaren ondoren, gure artean esan genuen: goza dezagun»

Ibai Goñik eta Patxi Rubiok lehen aldia zuten Pierra Mentan. «Duela bi urte Tour du Rutorren parte hartu genuen; han hiru egun dira, eta, hura egin ondoren, pentsatu genuen prest egon gintezkeela Pierra egiteko. Mitoagatik edo izenagatik errespetu handia pizten zigun, baina tira, animatu ginen, eta egia esan, ederra izan da», adierazi du Goñik. Pirinioetan denboraldi kaskarra izan arren, Pierrari esker motibazioari eutsi diote, eta «entrenatzeko adina elur» izan dutela azaldu du Barañaingo eskiatzaileak. «Ahal zenean, mendian, eta, ezin zenean, pistetan».

Patxi Rubio eta Ibai Goñi 2024ko Pierra Menta proban
Patxi Rubio eta Ibai Goñi 2024ko Pierra Menta proban.

Errespetu handiarekin hasi ziren, jakinik lau egun zirela eta helburua ongi bukatzea zela. «Erritmoa hartu eta denbora mozketak pasatzea zen helburua hasieran. Lehenbizikoan ordu baten aldearekin iritsi ginen, eta horrek lasaitu egin gintuen, neurria hartu genion lasterketari. Eta lehen eguneko konfiantza horrekin, moldatu gintezkeela ikusita, gure artean esan genuen: goza dezagun». Eta halaxe egin zuten etapaz etapa.

«Gure aspirazioa zen Pierra Menta ezagutzea. Hau, azken batean, kirol bat da, eta beti saiatzen zara ahalik eta hoberen egiten, baina beste erritmo batean, beste txip batekin... Adibidez, bion artean ez genuen sokarik lotu, bat ahulago zihoanean besteak tiratzeko... Aurrean doazenak saiatzen dira edozein faktore optimizatzen, baina guk lasaiago hartzen genuen. Eta, egia esan, gozatzeko aukera izan genuen: batzuetan gelditu, paisaia ikusi, eta konturatu hor geundela, Pierraren aldi oso ona egokitu zitzaigula... Gainera, partaide gehienok Le Chornaix aterpean egoten gara, eta hor oso giro ona sortu da euskaldunen eta katalanen artean».

Markel Irizar (Oñati, 1980) – Mikel Navarro (Urretxu, 1973)

«Mendiko eskian bost orduko ahalegina handiagoa da txirrindularitzan baino»

Txirrindularitza profesionala utzi zuenetik beste kirol batzuetarako «betidanik izan duen jakin-mina» asetzen dabil Markel Irizar. «Iaz, Donostiako maratoia egin nuen, eta ez zidan eman nik espero nuena; mendiko trail bat ere egin nuen, Aloñakoa: asko gozatu nuen, eta aurten berriro egingo dut. Mendiko eskiak, ordea, jakin-mina ez, obsesioa piztu dit beti, elurzale amorratua izan naiz betidanik, baina 15 urterekin utzi egin behar izan nuen, arriskuagatik, eta utzita eduki nuen profesional izan nintzen denboran. 40 urterekin hasi nintzen berriro mendiko eskian».

Aitor Otxoa, Markel Irizar eta Mikel Navarro, 2024ko Pierra Mentan
Aitor Otxoa, Markel Irizar eta Mikel Navarro, 2024ko Pierra Menta abiatu bezperan. MARKEL IRIZAR

Asmoa, berez, Pierrerako ez, Altitoyrako zuten Mikel Navarro lehengusuak eta biek, baina proba bertan behera geratu zenean, erdi txantxetan, Pierrari begira hasi ziren. «'Izena emango dugu, ez gaituzte hartuko baina...'. Horixe esan nion, eta berak ‘txirrindularia izan zarela jartzen baduzu, hartu egingo gaituzte’ eta horixe pasatu zen, txirrindulari ohia jarri eta hartu egin gintuzten». Mikel Navarro hainbat urtez ibili da mendiko eskian goi mailan lehiatzen, Pierra Menta ere egindakoa da, eta Irizarrek adierazi du «une oro gidari» izan duela. «Maisu oso on batekin joan naiz».

Lidl-Trek taldearen egonaldiak zirela medio, Pierra Mentara behar bezala prestatu gabe joan zela onartu du Irizarrek. «Gehienez ere 22.000 metroko entrenamenduarekin joango nintzen 10.000 metroko proba bat egitera. Maratoi batera gehienez ere 80 kilometro entrenatuta joatea bezala da hori. Material aldetik ere han gehienak karbonozko botekin zihoazen, eta ni plastikozkoekin; eskiak nik 71ko zabalerakoak eraman nituen, eta han denak 64koekin zihoazen... Ondorioz, hanka bakoitzean besteek baino 300 gramo gehiago eramango nituen, eta hori kilometroen eta egunen joanean antzeman egiten da».

Amaitzea eta gozatzea beste helbururik gabe joan ziren Irizar eta Navarro. «Lehenengo etapa nahiko txukun egin genuen, freskoago ginelako agian. Bigarrena ere hainbestean, baina, hurrengo egunetan, nik apur bat behera egin nuen. Osasun arazoak ere izan genituen: nik konjuntibitisa, Mikelek azazkal batekin arazoak... eta horrek ere baldintzatu gintuen. Azken etapan, berriz, bukatzeko irrika horrekin eta ez erortzeko kezkarekin, apur bat blokeatuta joan nintzen, eta ez nuen lasai eskiatu, baina tira, bukatu genuen, eta pozik».

Pierra Mentan, zale-zale askorik ez du ikusi Irizarrek. «Asko profesionalak ziren, beste asko suhiltzaileak, militarrak, poliziak, guardia zibilak eta liberatuak... Ni bezalako zaleak, 150. postutik 180ra bitartekoak, askoz gehiago ez. Pierra Mentan parte hartzeko, baldintzetako bat da 850 metroko desnibel teknikoa ordubetean gainditzeko gai izatea. Han azkena ere ibili egiten da»

Askotan esan izan da Pierra Menta mendiko eskiko Tourra dela. Bi kirolak alderatzen hasita, txirrindularitza eta mendiko eskia biak gogorrak direla dio Irizarrek, baina bere kasuan, ñabardura hau egin du: «Mendiko eskian ez naiz kapaz txirrindularitzan dudan mugaraino sufritzeko. Txirrindularitzan, batzuetan muturreraino eraman dezakezu gorputza, baina gero, beherantz edo zelaian, indarberritzeko aukera duzu, taupadak 130era jaitsita. Mendiko eskian, berriz, hain muturreraino ez duzu eramaten gorputza, baina osotasunean hartuta, bost orduko ahalegina handiagoa da mendiko eskian. Nik beherantz ere sutan eramaten nituen hankak».

Irizarrentzat ere, Le Chornaixeko giroa izan da onena. «Lagun pila bat egin dugu. Harreman oso polita eduki dugu denok, kimika oso polita egon da. Batzuek ezagutzen ninduten, eta esaten zidaten: ‘hara, txirrindularia, a zer meritua daukazun, baina nora zoaz bota horiekin...’. Giro hori izan da politena».

Telmo Martinez de Albornoz (Donostia, 1969) – Juan Xalmet (Bartzelona, 1979)

«Markak hor egon arren, lortu dute herriko izaera horri eustea»

Telmo Martinez de Albornoz donostiarra, Iñigoren osaba, familia osoa bezala, txikitatik ibili izan da eskiatzen Candanchun, eta haurra zela hasi zen alpinoko lasterketetan lehiatzen. Gaur egun Bartzelonan bizi da, eta, hainbat urtez eskia utzi zuen arren, duela 8 urte berriro hasi zenetik erabat katigatuta dauka mendiko eskiak. Donostiara sarri etortzen da ama bisitatzera, eta aldiro, Bartzelonara itzuli baino lehen, geldialdia egiten du Candanchun eskiatzeko. «Aurten, lesio bat sendatu ostean, metro dezente pilatu ditut, eta, Juan Xalmet lagun kataluniarrak Pierrarako aukera aipatu zidanean, baiezkoa eman nion azkenean. Errespetu handia nion probari, nire adinean are gehiago, baina ilusio handia ere pizten zidan».

Juan Xalmet eta Telmo Martinez de Albornoz, 2024ko Pierra Mentan
Juan Xalmet eta Telmo Martinez de Albornoz.

Telmo Martinez de Albornozen helburua bukatzea zen. «Lehen egunean beldurtuta joan nintzen. Hasieran ito samar joan ginen biok, zelaiguneetan ere kosta egiten zitzaigun, baina gero buelta eman genion. Atzealdean joan ginen, mozketak saihesten. Gero, egunez egun, konfiantza hartu eta gozatu egin genuen. Esperientzia ederra izan da. Aukera ikusgarria gure pasioaz gozatzeko».

Probako giroarekin etorri da bereziki gogobeteta, partaideen arteko bizikidetzarekin. «Bertako jendea ere oso atsegina da. Mendiko eskiko marka guztiak Pierran daude, baina lortu dute herriko izaera horri eustea. Adibidez, nik lehen egunean arazo bat izan nuen bota batekin, eta helmugako karpetara nindoala bota konpontzera, baserritar batek geratu ninduen, eta laguntza eskaini. Jean Marc Joguet zen, lehen aldia, 1986koa, irabazitakoa, eta biharamunean egin behar genuen etapa goitik behera azaldu zidan».

2024ko Pierra Mentako hainbat partaide
2024ko Pierra Mentako hainbat partaide euskal herritar eta katalan, lagun giroan.

SAILKAPENAK

Gizonezkoak

1.- WILLIAM BON MARDION / XAVIER  GACHET   10h00'43
2.- ROBERT ANTONIOLI / DAVIDE MAGNINI           10h01'17
3.- JAKOB HERRMANN / MATHEO JACQUEMOUD  10h07'08
17.- IÑIGO MARTINEZ DE ALBORNOZ / MARC PINSACH RUBIROLA 11h33'34
29.- ASIER LABAIRU / DANIEL IZQUIERDO    12h35'16
42.-JON ANDER ARANBURU / ANDER DE MIGUEL   13h08'30
56.- AITOR AJURIA / ADRIA DUARRI GUILÀ 13h37'24
135.- AITOR OTXOA BIAIN / GORKA GALDOS           16h22'23
156.- IBAI GOÑI / PATXI RUBIO    17h40'18
164.- MARKEL IRIZAR / MIKEL NAVARRO        18h17'18
170.- TELMO MARTINEZ DE ALBORNOZ / JUAN XALMET            19h04'34

Emakumezkoak

1.- AXELLE MOLLARET / EMILY HARROP     11h54'04
2.- ALBA DE SILVESTRO / GIULIA MURADA 12h14'14
3.- CELIA PERILLAT-PESSEY / LORNA BONNEL       12h25'54

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.