Pantxo Saint Martin. Mendiko eskiatzailea

«Pierra Menta 25. postuan amaitu dugu, bete dugu gure helburua»

Altitoyko edo Pierra Mentako sailkapenei begiratu bat emanez gero, Saint Martin da lehen euskal herritarra: hamargarren Altitoyn eta hogeita bosgarren Pierra Mentan, bietan Antoine Rodriguez bikotearekin. Nabarmentzeko moduko emaitzak. Umetan hasi zen eskiatzen, baina ez da hasi zaharra mendiko eskiko lehiaketetan. Mendiko lasterketak ere egiten ditu. Hobetzeko lanean jarraitzeko asmoa du. Apaltasuna eta lanerako gogoa ditu ikur.

Unai Ugartemendia.
2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Udan Senperen bizi da, eta Larhungo trenean aritzen da lanean; neguan, aldiz, lekua egiten dio bere zaletasun handiari eta Gouretten bizitzen da (Okzitania), eski irakasle lanak egiten baititu han. Udaberriaren atarian,mendiko eskiko denboraldia amaitzear, sasoi ona da Pantxo Saint Martinekin (Donibane Lohizune, Lapurdi, 1992) hitz egiteko, egindakoaz eta egiteko daukanaz.

Gaur egun mendiko eskian ibiltzen zara, baina, umetan, zein kirol egindakoa zara eskola garaian?

Txikitan, errugbian eta pilotan, esku-huska, aritzen nintzen aste barruan. Horiez gain, ikastola garaian, eski alpinoan ere hasi nintzen neguko asteburuetan.

Eta mendiko eskian, noiz hasi zinen?

Bost urtez Alpeetan ibili nintzen eskia irakasten, Pirinioetara itzuli aurretik. Han hasi nintzen mendiko eskian, lagunek eta nik pistaz kanpoko eski irteerak egiten baikenituen ahal genuen guztietan. Esan dezaket duela lau urte hasi nintzela benetan mendi eskiko lasterketetan parte hartzen.

Nork eraman zintuen lehenbizikoz eskiatzera?

3 urterekin hasi nintzen ikasten, aitarekin eta amarekin. Neguko asteburu guztietan Gourettera joaten nintzen gurasoekin eta anaiarekin.

Zuri zaletasuna etxetik datorkizun arren, eskiatzea ez da ohikoena izaten inguruan.

Egia da eskia ez dela gehien praktikatzen den kirola Ipar Euskal Herriko gazteen artean. Uste dut ni nintzela nire ikastolan asteburu guztietan eskiatzen aritzen zen haur bakarrenetarikoa. Esan bezala, amaren familian eskiatzera joateko ohitura zuten. Nire izeba zahar baten apartamentu txiki-txiki batera joaten ginen denok batera. Ibiltzen hasi orduko eskiatzen ikasi nuen, eta gustura ibiltzen nintzen. Gerora, jada nahiko heldua izan nintzenenan, eski alpinoko lasterketetan parte hartzen hasi nintzen.

Gogoan al duzu mendiko eskiko lehen lasterketa?

Lehen-lehena Courchevelen [Rhone, Frantzia] izan zen, kronoigoera bat. Egiazko mendiko eskiko lehen lasterketa duela lau urteko Pierra Menta izan zen [Rhone, Frantzia]. Mickael Sans nire bikotekidearekin joan nintzen, eta orduan oso teknika eskasa genuen: ez genekien igoerako eski larruak eskietatik kentzen, eskiak botetatik askatu gabe. Gure helburua Pierra Mentako lau etapak burutzea zen, sailkapenean helburu berezirik jarri gabe. Bikotekako lasterketa hori abentura ikaragarri polita izan zen, lagunen artean, giro izugarria, paisaia liluragarriak eta kirol erronka ederra, horretan segitzeko gogoa ematen duen horietakoa.

Oraindik oso gaztea bazara ere, emaitza handiak lortu dituzu. Noiz konturatu zinen horretarako balio zenuela?

Mendiko eskian hasi nintzenean, udako mendi lasterketen denboraldia prestatzeko modu gisa hartu nuen. Pixkana-pixkana, kirol horretaz gero eta gehiago gozatzen hasi nintzen, eta, nahiko ondo aritzen nintzenez, alderantzizkoa gertatu zen. Gaztetatik eski alpinoan aritu izan naizenez, jaitsieretan ongi ibiltzen nintzen eta, udako mendi lasterketei esker, igoeretarako prest nintzen.

Azken urteetan Altitoyn ere oso aurrean ibili zara. Gogoan al duzu lehiatu zinen lehen Altitoy lasterketa?

Duela hiru urte parte hartu nuen lehendabiziko aldiz Altitoyn. Oso gustura ibili ginen, eta hamazazpigarren postua lortu genuen.

Zer behar du mendi eskiatzaile batek goian ibiltzeko?

Gauzarik garrantzitsuenak motibazioa eta lehiarako gogoa dira. Hala ere, horrelako lasterketetan ongi ibiltzeko ezinbestekoa da prestakuntza ona egitea: entrenamendu onak egitea, elikadura zaintzea...

Zenbat entrenamendu egiten dituzu aste barruan? Nola entrenatzen zara?

Neguan, astean bost edo sei egunetan entrenatzen naiz, gutxi gorabehera: prestakuntza fisikoa, entrenamendu luzea, abiadura lantzeko ariketak... Iñaki Sedano prestatzailearekin entrenatzen ari naiz duela urbetetetik, eta oso gustura nago. Iñakirekin hasi naizenetik urrats handi bat egin dut aurrera.

Orain gutxi Pierra Mentan lehiatzen izan zara. Zer-nolako esperientzia izan da?

Giroa ikusgarria izan da, txoko guztietan txaloak, kanpai hotsak... Pasaia oso ederrak dira, eta euskaldun asko topatu ditut animatzen. Egun batzuetan zaila izan da, eguraldia ez baita beti gure alde atera, baina, bikoteka egiten den lasterketa bat denez, bikotearekin ibiltzeak lehia ederrago egiten du.

Altitoy, Pierra Menta... bikoteka egiten diren probak dira. Zer eskatzen diozu bikotekideari?

Biok maila antzekoa izatea egokia izaten da horrelako probetan ibiltzeko. Horretaz gain, lasterketan elkarren artean komunikatzea garrantzitsua izaten da, eta, hori dena umore onean egiten bada, are hobeto.

Zenbatgarren aldia izan duzu aurten Pierra Mentan?

Laugarrena izan da aurtengoa. Lehen hiru aldietan Mickael Sans nire lagun on batekin ibili nintzen. Aurten lesionatuta zegoenez, Antoine Rodriguezekin aritu naiz lehen aldiz.

Zuen helburuak bete al dituzue?

Abiatu aurretik gure helburua lehen 30en artean sartzea zen. Lehen egunean, 29. postuan amaitu genuen. Hurrengo etapa bakoitzean, leku bat edo bi hobetzea lortu dugu, eta azkenean 25. postuan amaitu dugu. Beraz, esan dezaket baietz, gure helburua bete dugula.

Lehen 25 bikoteen artean egoteak zer esan nahi du?

Gure eskualdeko talde batek sekula eginiko emaitzarik hoberena da; beraz, plazer handia da. Hurrengo urtean are emaitza hobea lortu beharko dugu.

Zer-nolako proba da Pierra Mentakoa?

Mendi eskiko lasterketetarik ederrenetariko bat da Pierra menta, mundiala. Pierra Menta is Pierra Menta, esaten dute, mendi lasterkari batentzat Zegama-Aizkorri den bezalaxe.

Onenen artean amaitzea lortu duzuen arren (172 bikotetatik 25.), lehen postuetan ibiltzeko zer egin behar da?

Oso gogor entrenatzen segitu behar da. Esperientzia handiagoa lortzeko, lasterketetan parte hartu behar da, eta eskiatzen maila ona eduki, bai igoeretan eta bai jaitsieretan.

Eta zuri, zer falta zaizu lehen postuetan ibiltzeko?

Lasterketa bakoitzean egiten ditugun okerrek gehiago hobetzen laguntzen digute. Iñakiren entrenamendu arauei ongi jarraituz, material ona lortzeko laguntza pixka bat banu eta esperientzia handiagoarekin, agian lor nezake lehen postu horietara heltzea.

Aurtengo denboraldia amaitutzat jotzen al duzu Pierra Mentarekin?

Oraindik ez. Mendiko eskian lasterketa batzuk egiteko asmoa dut. Hala nola Frantziako Txapelketan parte hartuko dut, dena ondo badoa, apirilaren hasieran.

Negua amaitu da. Udaberrian eta udan zein kirol egiten dituzu?

Udan mendi lasterketetan aritzen naiz gehienbat. Horretaz gain, lagun talde batekin bizikletarekin ere saio ederrak egiten ditut.

Mendiko zein lasterketa egiteko asmoa duzu?

Hemendik gutxira berriro ere mendian lasterka hasteko garaia etorriko zaigu. Lehena ziurrenik, Berako maratoi erdia izango da; maiatzean, berriz, Euskal Trail eta Zegama-Aizkorri. Zegama zaila izango da, ea dortsal bat lortzen dudan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.