Maiatzaren erdian jakinarazi zuten aurtengo Joxe Takolo bekaren irabazlea: Incognita Patagonia 2015 (Patagonia Ezezaguna 2015). Proiektu bakarra da, bainahiru lagunek parte hartuko dute: Eñaut Izagirrek, Evan Milesek eta Ibai Ricok. Hiru irabazleak eskarmentu handiko mendizaleak eta ikertzaileak dira. Ibai Rico EHUko irakaslea eta mendi gidaria da. Ikerketa eta abentura uztartuko dituzte, Txileko Patagoniako Hoste uhartean. Munduko leku bakartuenetakoa eta ezezagunenetakoa da. Inork zapaldu gabeko glaziarrak zapalduko dituzte, eta inork igo gabeko mendiak igo.
2001ean hasi ziren beka ematen, mendiarekin zerikusia duten proiektuak laguntzeko. 3.000 euroko diru laguntza ematen dute Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak.
Nor da Ibai Rico?
Nire bizitza mendiari lotuta dago. Txikitatik sentitu nuen mendiarekiko grina, nahiz eta gero, denborarekin, bakoitzak bere bidea egiten duen. Mendian egoteko bide bat bilatzen saiatu naiz: eskiarekin eta eskaladarekin hasi nintzen kirolean; ikasketetan, berriz, geografia aukeratu nuen, naturarekiko grina izan dudalako betidanik.
Geografiaren bidez goi mendietan zer gertatzen zen ikasteko aukera ikusi nuen, bai glaziarrekin, bai permafrostarekin eta bai aldaketa klimatikoarekin. Guztia eskalatzen jarraitzen nuen bitartean. Berez sortu den bide bat da. Ikasketak amaitu nituenean, Aralarren proiektu bat sortu zen; gero, Eskozian masterra egiteko aukera izan nuen, eta mendi gidari lanetan hasi nintzen. Gaur egun, horrela jarraitzen dut, glaziarretan ikerketak egiten, unibertsitatean eskolak ematen eta mendian gidari lanak egiten.
Zein da glaziologo baten lana?
Glaziarrak ulertzen eta ikertzen dituen zientzia da. Oso arlo zabala da, nahiz eta hemen ez den oso ezaguna. Alde batetik, ikas daiteke glaziarren izotzaren fisika edo glaziar batek nola funtzionatzen duen. Glaziarrek iraganean zer garapen izan duten eta gaur egun zein egoeratan dauden ere ikertzen da. Beste adar bat izango litzateke ulertzea ea glaziarrek nola erantzuten dieten klima aldaketari; izan ere, azkenean, klimaren adierazleak dira glaziarrak. Gaur egun, arazo asko daude glaziarren inguruan, eta oso garrantzitsua da hori ulertzea.
Joxe Takolo beka eman berri dizuete, Incognita Patagonia 2015 proiektuagatik. Nolako proiektua da?
Espedizio misto bat da. Hoste uharteko izotz zelai bat ikertuko dugu, batez ere. Zelai ezezaguna da, oraindik zeharkatu gabea, eta hango mendiak igo gabe daude. Darwin mendikatean daude, baina altuera apalagoa daukate. Espedizioan, ezinbestekoa da kayakean zeharkaldia egitea, berriro ere bueltan etortzeko. Oso espedizio konplexua da logistikaren aldetik, baina horrek ere badu bere xarma. Espedizioa benetako esplorazio bat izango da, geure kabuz bakarrik moldatu beharko dugulako.
Zuek aukeratu duzue lekua, edo norbaitek proposatu al dizue?
Eremua guk aukeratu dugu. Hirurok askotan egon gara Patagonian, eta asko lagundu digu lagun onak izateak ere. Evan Milesek, esaterako, Aguilera sumendiaren lehen igoera egin zuen iaz, Camilo Radarekin. Radak asko ezagutzen du eremua, eta informazio asko dauka. Aukera asko eskaini zizkigun, eta guk hau aukeratu genuen: batetik, oso interesgarria delako, eta, bestetik, urrun zegoelako eta oraindik esploratu gabea zelako. Teknikoki, ez du zailtasun handirik.
Lagunak zarete, baina nola sortu zen Eñaut Izagirrerekin eta Evan Milesekin espedizioa egiteko aukera?
Espedizio honetarako, derrigorrezkoak dira hiru edo lau pertsona. Evanek [Miles] eta biok Artikoan ezagutu genuen elkar, eta iaz ere elkarrekin egon ginen Nepalen, eskalatzen eta glaziarrak ikertzen. Handik bueltan, zerbait prestatu behar genuela pentsatu genuen. Eñaut Izagirre, berriz, Puente Puntan bertan dago, glaziologiari buruzko master bat egiten. Bera han egoteak gauzak asko erraztuko dizkigu logistika aldetik.
Zenbat eguneko espedizioa izango da?
Gutxienez berrogei egun beharko ditugu; agian, gehiago. Abenduan edo urtarrilean abiatzea gustatuko litzaiguke. Urtarrilean hasiko dugu espedizioa, ziurrenik.
Zeinasmorekin hasiko duzue espedizioa?
Guretzat, esplorazio espedizio bat da. Aurrena, kayakean zeharkaldia egiten eta lehen tontorra igotzen saiatuko gara. Han gaudela, lehen neurketak egiteko aprobetxatuko dugu: mendien altuera eta hango glaziarren oinarrizko neurketa batzuk, esaterako. Asko balioko du hango kartografia hobetzeko. GPSarekin neurketa asko egin daitezke, eta ez dago uhartearen mapa zehatzik. Helburua hori da: uhartearen kartografia zehatz bat egitea.
Lantaldea osatu duzue. Bakoitzak funtzio jakin bat izango du, edo denek denetik egingo duzue?
Hirurok elkarrekin ibiliko gara. Hasieran, bi talde egitea pentsatu genuen, baina logistika aldetik oso korapilatsua da. Ahal dugun pisu gutxienarekin abiatuko gara, nahiz eta oso zaila izango den. Denok egin beharko dugu denetik, mendiko bizitza izango baita. Hirurok joango gara, baina ez dugu baztertzen besteren batek ere bat egitea.
Klima aldaketaren arloan, zer espero duzue aurkitzea?
Klima aldaketaren kontua oso luzea da. Klima, berez, dinamikoa da, eta naturalki aldatuz joaten da. Hori ulertu beharko genuke, baina ez da ulertzen. Horregatik egiten dira hainbeste ikerketa, iraganean glaziarrek zein aldaketa izan zituzten ulertzeko. Berez, aldaketa naturala da; klima beti aldatzen da. Hala ere, horren barruan, gizakiok eragin handia daukagu atmosferan, ekosisteman, biodibertsitatean… Sistema klimatiko guztia aldatzen ari gara; hori da testuingurua. Horregatik, oso garrantzitsua da ikustea zer gertatzen ari den glaziarretan, jakiteko zenbatekoa izaten ari den gure eragina lurrean. Espedizioren helburu zientifikoak nahiko sinpleak dira. Interesgarriena hango glaziarren inbentarioa egitea izango da, gaur egun zein egoeratan dauden ulertzeko. Horrek erakutsiko digu Hoste uharteko glaziarrek zein aldaketa izan duten.
Zer izan da zuentzat Joxe Takolo beka jasotzea?
Sekulako poza eman digu. Guretzat garrantzitsua eta ezinbesteko baliabidea da proiektua aurrera eramateko. Ohore bat da, are gehiago ikusita azkenaldian zein espediziori eman dieten.
Zenbateko aurrekontua izango du espedizioak?
Beka zati oso garrantzitsua izango da aurrekontuan; hala ere, gure poltsikotik ere jarri beharko dugu dirua, ziur. Logistika oso garestia da, kayakak eta jantziak alokatzea oso garestia delako batez ere. Gutxi gorabehera, 12.000 euro inguru izango dira. Udan laguntzaileen bila hasi beharko dugu.
2008an irten zinen lehen lanak egitera atzerrira, Patagoniara. Zer egin zenuen han?
Urtebete igaro nuen, Eskoziako masterrarekin zerikusia zuen lan bat egiten. Ushuaiako bulego batean egon nintzen hidrogeologo talde batekin. Erreketan, ibaietan eta glaziarretan ibiltzen ziren. Nire lana Ushuaiako mendietan glaziarrek azken hirurehun urteetan izan duten garapena ikertzea izan zen. Urte horietan glaziarrak hazi egin ziren mundu osoan, baina ez zen ondo ulertzen zer garapen izan zuten. Hango glaziarren inbentarioa egin nuen, eta gaur egungo glaziarren egoera ikusteko balio izan zigun horrek.
Pirinioetako glaziarrak ere ikertu dituzu. Zer aurkitu zenuen?
Pirinioetan oraindik ere lanean ari gara. Noizean behin, neurketa batzuk egiten ditugu glaziarretan: Maladetan, Vignemalen eta Monte Perdidon, esaterako. Egin dira ikerkuntza batzuk azken hamarkadetan, baina behaketa batzuk besterik ez da izan. Datu kuantitatiboak falta ziren. Glaziarrei eskanerrak eta radarrak egiten dizkiegu, aldaketarik izan den ikusteko. Datu horiekin, glaziar horiek hobeto ulertzen ditugu, eta ikusten dugu glaziarrak nolako erantzuna ematen ari zaizkion klima aldaketari. Atmosferan gertatzen ari diren fenomenoen adierazgarri oso onak dira. Gure ondarea dira, beharrezkoak zer gertatzen ari den ulertzeko. Datu oso interesgarriak daude: Ossau glaziarreko frontean, esaterako, lau eta zazpi metro arteko sakonera galdu da urte batetik bestera.
Mendi gidari ere ibiltzen zara. Zein da mendi gidari baten alderik politena?
Hasteko, mendia ikaragarri gustatu behar zaizu. Alderik politena jendearen ametsak gauzatzen direnean izaten da. Askotan, norberak bere kabuz egin ezin dituen gauzak ahalbidetzen dituzu, eta jendeak asko eskertzen du. Trekking eta zeharkaldi asko egindakoa naiz, Madeiran, Kilimanjaron, Alpeetan, Dolomitetan… Orain, gauza teknikoagoekin nabil:Norvegiako glaziarrak, gutxi barru Alaskara noa… Kopuru ezberdinetako taldeekin ibiltzen naiz. Batzuetan, hogei laguneko taldeekin; esaterako, Pirinioetan. Besteetan, berriz, lau laguneko taldearekin, Norvegian. Iaz, 11 laguneko talde batekin ibili nintzen Marokoko laumilakoetan. Goi mendietako gidari titulua ateratzen ari naiz. Lan polita da. Unibertsitatean eskolak ematearen modukoa, baina mendian.
Krisiaren aitzakian, murrizketak egin dituzte ikerketan. Asko nabaritu al duzue?
Egia esan, gu ezin gara kexatu. Zortea izaten ari gara, eta proiektu batzuk ere lortu ditugu. Pirinioetan, esaterako, Monte Perdidon, Zaragozako CSICekin eta Institutu Pirenaico de Ecologiarekin. Baliabideak baditugu, eta pozik gaude. Gehien nabari duguna da geroz eta paper gehiago bete behar ditugula.
Ibai Rico. Glaziologoa eta mendi gidaria
«Patagoniako espedizioa benetako esplorazioa izango da»
Ibai Ricok, Eñaut Izagirrek eta Evan Milesek jaso dute aurtengo Joxe Takolo beka, Txileko Patagoniako Hoste uhartean abentura, ikerketa eta alpinismoa bateratuko dituen proiektu batekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu