Mendia. Patagonia

Patagonia, sutan

Paineko Dorreak natur parkean piztutako suteak eta Cerro Torre mendikatean egindako eskalada dotoreek berotuta abiatu da udako denboraldia Patagonian.

2012ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ipar hemisferioa negu bete-betean sartzearekin batera iritsi da uda hegora. Patagonian Paineko Dorreen natur parketik heldu da urte hasierako albiste tristea: sute handi batek milaka hektarea erre ditu, 14.500 guztira. Egoeraren larria ikusita, astelehenean parkea ixtea erabaki zuten Txileko agintariek, eta bost egunez eduki dute itxita. Turista baten arduragabekeriari egotzi diote sutea, eta kalte handiak utzi urte sasoi honetan bisitari kopuru handia hartzen duen inguruan.

Suteak ez ezik, uda hasierako eskaladek ere eraman dute beroa Patagoniara. Denboraldia kateatze dotoreekin abiatu da eta eskaladen artean batek hartu du gaina: Bjorn-Eivind Aartun eta Ole Lied norvegiarrek Cerro Torre mendiguneko Egger dorrearen (2.850) hegoaldeko horman ireki duten bideak.

«Chris Sharma eskalatzaileak King Line esapidea darabil erakargarritasun berezia duten bideak sailkatzeko, eta norvegiarrek izotza eta harkaitza uztartuta ireki duten bidea Sharmaren King Line bat da, zalantzarik gabe; bide zoragarria da, eta Patagonian aurten egingo den bidea izango da ziurrenera». Ez dira edonoren hitzak, Patagoniako berri inork baino hobeto ezagutzen duen Rolando Garibotti eskalatzailearenak baizik. Patagoniako mendi eta orratzetan egiten diren eskaladen bilduma zehatz eta zorrotz biltzen du Garibottik PataClimb webgunean, eta aparteko lekua hartu du atari horretan norvegiarren jarduerak.

Aartunek eta Liedek abenduaren 24an eta 25ean osatu zuten eskalada. Ia mila metro ditu Eggerreko bideak, eta haietako 350 dira berriak. Eskalatzaileek 6b+, A1 eta AI6 zailtasun maila eman diote bideari. Egger eta Torre banatzen dituen lepora Americana (1976) bidetik eta 2005ean Rolando Garibottik, Alessandro Beltrami eta Ermanno Salvaterrak irekitako El arca de los vientos bidetik iritsi ziren. Han pasa zuten Gabongaua, eta hurrengo egunean burutu zuten eskalada: «Izotz zati oso tentea gainditu genuen, formazio oso berezia zuena». Zatietako batean izotza etzan ere egiten zen, eta tontorrera iristeko Patagonian ohikoak izaten diren elur onddo bi eskalatu zituzten. Bideari jarri diote izena: Venas azules.

Fitz Royn bide berria

Haizeak eta eguraldiak baimena eman zain izaten dira eskalatzaileak Patagonian, eta denboraldi hasiera esker onekoa ari da izaten. Eguraldi oneko leihoa baliatu duten beste bi dira Hayden Kennedy eta Jason Kruk iparamerikarrak. Fitz Roy mendiguneko hegoaldeko orratzean (2.355) bide berria ireki dute.

Patagoniako mendietan behetik goraino bide berri bat irekitzea lantegi ia ezinezkoa da egun, horma ezagunenetan irekita baitaude eskalada bide agerikoenak. Gauzak horrela, Fitz Roy mendiguneko orratzean gora Thaw is not Houlding Wright (Leo Houlding, Kevin Thaw eta Cedar Wright, 2004) bidetik eskalatu zituzten aurreneko 500 metroak, eta ondoren The art of war (Crystal Davis-Robbins eta Ryan Nelson, 2007) bidearekin egin zuten bat, eskuinerako zeharkaldi bat osatuta. Haren ondotik abiatu zuten bide berria: The gentleman's club (900 m, 7a)—400 metroko tartea eta 7 luze dira eremu berria—.

Patagonian hasi da zalaparta, eta bildu diren eskalatzaileak aintzat hartuta, etenik ez da izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.