Patagonia norberaren larruan

Tasio Martin urduñar gazteak Cerro Torre mendia eskalatu du hego-ekialdeko ertzetik, Marc Toralles eta Ignacio Mulero sokakide dituela.

Tasio Martin Patagoniako Cerro Torre mendia eskalatzen
Cerro Torren, 'Banana crack' esaten dioten luzea eskalatzen. TASIO MARTIN
ramon olasagasti
2024ko otsailaren 7a
05:10
Entzun

Patagonia, Lionel Terrayk behin esan zuen bezala, «lurrak zerura inoiz jaurtitako konbultsio geologikorik harrigarriena» da. Patagonia, normalean, salbaia da, zakarra, haizea eta kazkabarra, baina ez da beti kaskailua eta petrala, ez da beti ezetza eta negarra, ez da beti ostikoa eta bizkarra; batzuetan aurpegi alaia ere bada, inoiz gailurra, inoiz keinu gizatiarra. Erabat laino, erabat ekaitz, erabat haize balitz, nor itzuliko zatekeen bestela pazientziaren mugalde hartara? Horregatik da Patagonia den bezalakoa, noizbehinka, oso noizbehinka, laino grisen artetik agertzen duelako bere edertasun salbaia, bere xarma, bere indarra. Halaxe da Patagonia: bakarra.

Tasio Martin ere (Urduña, Bizkaia, 2000) mila bider entzundakoa zen Patagoniari buruzko halako ele zaharrak: hango mendebalaren zakarra eta mendi zorrotzen ederra, hango ekaitzen oldarra eta eguraldi oneko leihoen ireki-itxi azkarra... eta aspaldi zebilen bere buruari esaten kontu horiek guztiak bere begiz eta larruz zeuzkala probatu beharrak. Eta probatu ditu, probatu dituenez. Urtarrilaren 5ean elkartzekoa zen Marc Toralles kataluniarrarekin El Chalten herrian (Argentinako Patagonia). Aurrez, bospasei hilabete egin zituen Txilen, Erasmus programarekin, eta, ikastaldia amaiturik, mendiz mendiko ibiliari heldu zion: «Cochamon hainbat egun egon ginen eskalatzen; gero, lagunartean, Patagonia iparraldetik hegoaldera zeharkatu genuen, auto-stopean eta motxiladun ibiltzeko planean. Paineko Dorreetan ere ibili ginen oinez eta zertxobait eskalatzen. Brutala lekua. Eta urtarrilaren hasieran, azkenik, Marcekin batu nintzen zerbait eskalatzeko asmoarekin», azaldu du Martinek.

Hego-ekialdeko ertzaren eskaladaren laburpena.

Asmoa, asmoa, garbi zuten: Cerro Torre eskalatzea, eta, ahal izanez gero, hego-ekialdeko ertzetik. Cerro Torreren historian ertz logikoa, irrikatua eta polemikaz josia izan da hego-ekialdekoa. 1968an saiatu zen lehen aldiz talde ingeles-argentinar bat ertz nabarmen hori eskalatzen: Dougal Haston, Pete Crew, Martin Boysen, Mick Burke eta Jose Luis Fonrouge gailurretik 300 metrora geratu ziren. Bi urte geroago, Cesare Maestri italiarrak beste bide bat zabaldu zuen ertz horretan, eta presiozko 400 iltzez josita utzi zuen lerroa. Areago, iltzeak sartzeko erabili zuen konpresorea ere gailurretik luze bakarrera utzi zuen, eta han jarraitzen du egundaino, horman eskegita. Baina, 1959ko lehen ahaleginean bezala, 1970eko bigarrenean ere ez zuen lortu Maestrik tontorrera iristerik, eta askok «alpinismoari eginiko sakrilegiotzat» hartu zuten haren eskalada. 1979an Jim Bridwell eta Steve Brewer estatubatuarrek gailurreraino eraman zuten konpresorearen lerroa, azken 40 metroak artifizialean eskalatuta. Eta 2012an Hayden Kennedy eta Jason Kruk estatubatuarrek Maestriren iltzeak erabili gabe eskalatu zuten bidea; areago, iltze horietako asko kendu egin zituzten, eta konpresorearen bidea ezabatu. Horrek ere berealdiko polemika sortu zuen Patagonian eta eskalatzaileen komunitatean. Eztabaidak eztabaida, geroztik hego-ekialdeko ertza jatorriz zen bezain basatia eta preziatua da.

Historiaz ari garela, aurten bete dira 50 urte Cerro Torreko lehen igoeratik: Daniele Chiappa, Mario Conti, Casimiro Ferrari eta Pino Negri, Ragni di Lecco taldeko kideak 1974ko urtarrilaren 13an igo ziren lehen aldiz haitz ikusgarri horren gailurrera.

Iritsi orduko, leihoa

Historia horri guztiari buruz asko irakurritakoak ziren Tasio Martin eta Marc Toralles. Patagonian eskalatzeko dohainik preziatuenetakoa egonarria baita, pazientzia, eta irakurtzeko ere nahikoa denbora izaten da eskalatzaileak eguraldi oneko leiho bat noiz zabalduko zain egoten diren tarte luzeetan. Tasio eta Marc iritsi orduko, ordea, ezustean, leiho on bat iragarri zuen parteak. Ziztuan hasi ziren gauzak prestatzen. Handik zebiltzan Ignacio Mulero eta Carlos Suarez eskalatzaile espainiarrak ere. Egun batzuk lehenago ertz beretik ahalegina egin ondoren, Suarez etxera bueltatu beharrean zen, eta Mulero bakarrik geratu zen. «Hator ba gurekin», eskaini zioten Martinek eta Torallesek.

Tasio Martin Patagoniako Cerro Torre mendia eskalatzen
Col de la Paciencia lepoko bibakean, Fitz Roy parez pare. TASIO MARTIN

Urtarrilaren 9an abiatu ziren Cerro Torre aldera, bost egunerako janaria eta eskaladako trepeta guztiak motxilan zamatuta. Lehen egunean Niponino bibakeraino joan ziren, eta bigarrenean, jada mendi-mendian, Col de la Paciencia atakara igo ziren. «Bigarren hori egun osoko eskalada izan zen, 400 metro inguru terreno mistoan, M5 inguruko zailtasunekin». Bigarren egun horretan agertu zitzaien lehen aldiz Cerro Torre lainoen artetik, eta ikaragarria izan zen ikuspegia: zuriz jantzita, elurrez goitik behera tapizatuta zegoen mendia. «Aurreko egunetan eguraldi txarra izan zen, eta halakoetan elurra hormari itsatsita geratzen da, eta arrakala guztiak elurrez beteta... Horregatik, lehen bi egun haietan, lasai joan ginen, mendiari garbitzeko denbora emateko». Haien atzetik hiru italiar zetozen, bide bera eskalatzeko asmoarekin, baina mendiaren bisaia ikusi orduko Saint Exupery orratzera desbideratu ziren. «Guk ere, baldintzak ikusita, bagenekien gogorra izango zela, eta aukera gutxi izango genuela. Col de la Pacienciara igo, luzeren batzuk eskalatu eta behera jaitsi behar izatea, hori zen probableena, baina, tira, hori onartuta aurrera egitea erabaki genuen. Goazen pixkanaka».

«Hamar ordu egon ginen rappelak egiten, ilunpetan, sekulako hotzarekin, oso nekatuta, une oro buruari bere lekuan eusten, hutsegiterik ez egiteko; izan ere, muga-mugako egoera horretan, hutsegiterik txikiena eginez gero, ataka oso txarrean gera zaitezke...».

TASIO MARTINAlpinista

Mendia zegoen baldintzetan, bazekiten Col de la Pacienciatik gora astiro joan beharko zutela halabeharrez, eskalada babesteko arrakala elurtuak garbitzen eta harkaitzari tapaki zuria eranzten. «Horregatik, motxila handia hartu genuen, horman bibaka egin eta eskalada bi egunez osatzeko planteamenduarekin». Urtarrilaren 11n abiatu ziren pazientziaren ataka horretatik gora, eta bete-betean sartu ziren hego-ekialdeko ertzean. 700 bat metro eskalatu zituzten egun hartan, 18 luze benetan luze. «22:00ak arte aritu ginen eskalatzen, Torres de Hielo esaten zaion lekuraino. Hor, bi ordu egon ginen izotza pikatzen erlaitz txiki bat egiteko. Gero, dena prestatu, elurra urtu, ura egin, zerbait afaldu eta hidratatu... lotara joan ginenerako 02:00ak izango ziren».

Luze «brutalak»

Hiru ordu eskas lo eginda, urtarrilaren 12an ere goiz ekin zioten eskaladari. Lehenik, izotzezko luze zail bat, 60 metro inguruko tximinia jelatu bat gainditu zuten. Eta izotzaren ondotik berriro harkaitza. Headwall-a: lau luzeko horma ikaragarria justu gailurreko onddo elurtuaren azpian. Berriro alpinismoko botak erantzi eta katu oinak jantzi beharra. Eguzkia hasia zen ordurako bere lana egiten eta elurra urtzen. «Headwall-eko luzeak plakak dira, oso zailak (6c, 7a+, 7b...), ez dira arrakala sistema perfektuak. Gainera, zati batzuk bustita zeudenez, poliki joan ginen. Nachoren asmoa ahalik eta gehien librean eskalatzea zen, baina ez zegoen horretarako baldintzarik. David Lamak librean egin zuen 7c zailtasuneko luzea bustita zegoen, eta jatorrizko aldaeratik, Haston crack arrakalatik, eskalatu genuen. Orduak joan zitzaizkigun headwall-ean. Luze horiek, 7. gradutik gorakoak, 1.500 metroko amildegia oinpean, brutalak dira». Patagonia definitzeko egokia izan daiteke Tasio Martinek usu erabiltzen duen hitz hori ere: «brutala».

Tasio Martin Patagoniako Cerro Torre mendia eskalatzen
'Headwall'-eko luze zailetan bustita aurkitu zituzten zati batzuk. Goran, eskuinean, gailurreko elur onddoa ageri da. TASIO MARTIN

Arrokako luzeak bukatu, bilgunean katuak erantzi, eta berriro ere alpinismo botak jarri zituzten, gailurreko azken elur onddoa gainditzeko. Marc Torallesek, keinu adeitsu batez —«segi ezak hik aurrena»—, gazteari utzi zion azken luze horren ohorea. «Oso bereziak izan ziren azken 60-70 metro horiek: hormatik atera, onddoaren gainera igo eta Izotz Kontinental osoa agertzen zaizu begien aurrean. Magikoa izan zen. Begiratzen duzu mendebaldera eta dena izotza da; begiratzen duzu ekialderantz eta Argentinako panpa lehorra ageri da. Eta hor zaude zu, Cerro Torreren gailurrean, bi munduren artean. Magikoa izan zen». Unearen zirrara garbi adierazten du «magikoa» berbaren errepikak.

16:30 ziren. Berandu samar. «Kontziente ginen zein zen gure apustua, eta baldintza haietan askoz azkarrago ere ezin ginela joan», azaldu du Martinek. Ordurako, ikusi zuten bazetozela hodei herabe batzuk Izotz Eremu Kontinentaletik, eta bazekiten mendebalak azkar demonio ekartzen duela enbata Patagonian. Beherantz hasi eta ordu pare batera bildu zituen hodeiak, eta haize aldagoiak uluka egiteari ekin zion hodeiaren barnean. «Gordin jarri zen kontua. Asko entzuna nintzen Patagoniako haizeari buruz, eta pentsatzen nuen, ‘ba, ezin da hain berezia izan’ baina bai; ezagutzen duzunean konturatzen zara. Ez da etxeko haizea». Denboralearen zurrunbilo hartan, rappelak egitean, «beldurra» ere bazebilen atezuan. «Sokak behera bota eta haizearekin 50 metro joan daitezke horizontalean albo batera, eta trabatuta gera daitezke. Arriskutsua da hori».

Jaitsiera enbataren erdian

Horregatik, haizearekin sokak trabatuta ez geratzeko, rappel oso motzak egin zituzten, 15-20 metrokoak. Gaua azkar etorri zitzaien gainera; haiek, aldiz, pixkanaka joan ziren behera. 02:00 aldera heldu ziren Col de la Pacienciara. «Hamar ordu egon ginen rappelak egiten, ilunpetan, sekulako hotzarekin, oso nekatuta, une oro buruari bere lekuan eusten, hutsegiterik ez egiteko; izan ere, muga-mugako egoera horretan, hutsegiterik txikiena eginez gero, ataka oso txarrean gera zaitezke...». Lepoxka hartan ordu batzuetarako atseden hartu, zertxobait hidratatu, eta biharamun goizean, egun argiz, geratzen zitzaizkien 400 metroak rappelatu, eta glaziarrera iritsi ziren. «Eta orduan bai, arnasa behe-behetik hartu genuen».

Tasio Martin Patagoniako Cerro Torre mendia eskalatzen
Tasio Martin, Ignacio Mulero eta Marc Toralles, Cerro Torreren gailurrean. MARC TORALLES

Patagoniaren «pack osoa bere larruan» probatu duela dio Tasio Martinek. «Eguraldia begiratzea egunero, pazientzia izatea, zer ederra den haitz haietan eskalatzea, nolako mendi eta bide puskak diren, zer polita den halako tontor batera igotzea, zenbatekoa den konpromisoa, zein konplikatua izan daitekeen baldintza zailetan mendi haietatik jaistea... Horrek guztiak oso berezia egiten du Patagonia. Nahiz eta askotan entzun, zure larruan bizitzen duzun arte zaila da benetan ulertzea».

Cerro Torreko igoeraren ondoren, beste hiru aste egon da Tasio Martin El Chaltenen, eta ez da etxeratu zaharra, baina denbora horretan guztian ez zaio beste leihorik zabaldu. «Egun bat izan genuen hala moduzkoa, eta abiatu ginen mendi aldera, baina egun bakarreko leihoa izan zen. Gainera, antzematen genion geure buruari ez geundela bete-betean motibazioz eta energiaz. Hainbeste ordu tentsio betean igarotzen dituzunean, sekulako nekea pilatzen zaizu, batez ere mentala, eta ez zaude prest halako beste jarduera gogor bati ekiteko».

Patagoniako bataiarria eta probarria izan da Cerro Torre Tasio Martinentzat. Mugarri bat edozein alpinistaren ibilbidean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.