Mendi korrikalari herbeheretarra izan zen Kilian Jornetekin batera Zegama-Aizkorriko izen nagusia. Duela urte pare bat hasi zen mendian korrika, eta, jokatutako lehen lasterketan, Maude Mathys suitzarra bakarrik izan zuen aurretik. Handik gutxira, errepideko maratoian egin zuen debuta, eta 2:26,34 denbora osatu zuen. Etorkizun handiko korrikalaria izan daitekeela berretsi zuen Zegaman.
Nola sentitu zara lasterketa osoan?
Oso ondo sentitu naiz. Zati teknikoak ere bazeuden, baina oso gustura sentitu naiz. Amaierarako, nekea ere sentitzen hasi naiz, eta, nahiz eta nire eremurik gustukoena izan, azken zatian oso nekatuta sentitu naiz.
Abantaila handiarekin lortu duzu txapela.
Amaieran jendeak esaten zidan bigarrena gertu nuela, eta momentu batean urduri samar ere joan naiz. Ez neukan inongo erreferentziarik, eta nekeak ere ez du mesede egiten horrelakoetan. Helmugan, uste baino abantaila handiago ateratzea lortu dut.
Zer iruditu zaizu ibilbidea?
Ez nuen ezagutzen. Ostiralean, ibilbideko azken zortzi kilometroak egin nituen, eta hori bakarrik ezagutzen nuen. Oso ibilbide teknikoa iruditu zait.
Errepidean zabiltza azken denbora honetan. Zegama-Aizkorrirako entrenatzeko denbora izan al duzu mendian?
Azken sei asteetan mendian ibili naiz. Apirilean Rotterdameko maratoia jokatu nuenetik, mendian egin ditut entrenamendurik gehienak. Zorte handia daukat Nike taldean nagoelako, eta errepidean eta mendian ibiltzeko ere aukera eskaintzen didate.
Beste mendi lasterketaren batean ikusiko zaitugu, ala berriro ere errepidera pasatuko zara?
Orain, abuztuan, Munichen [Alemania] jokatuko dudan Europako Maratoi Txapelketarako prestatuko naiz. Ondoren, atseden pixka bat hartuko dut, eta, urrian, berriro ere Amerikako Estatu Batuetan jokatuko diren Golden Trail Serieseko lasterketetara joango naiz.
Nienke Brinkman. Mendi korrikalaria
«Oso ibilbide teknikoa iruditu zait»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu