Ion Azpiroz. Mendi korrikalaria

«Oso harro nago guztia nire izerdiarekin lortu izanaz»

Gozatu ezinik pasatu du urtea, lesioen eraginez. Mendian korrika egiten hasi zenetik urterik gogorrena izan du, ultren erakusleiho nagusian distira egitea lortu badu ere.

BOIGDELAMUNTANYA LLUIS GALI LARA.
Unai Ugartemendia.
Chamonix
2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Emaitza bikaina lortu du Azpirozek (Berastegi, Gipuzkoa, 1980) Chamonixen, baina ez zaizkio berehalakoan ahaztuko berak eta bere familiak lasterketan jasandako oztopoak.

TDSn (119 kilometro, +7.200 metro) laugarren amaitzea lortu zenuen. Esperotako emaitza izan al zen laugarren postua?

Espero baino askoz hobea izan da. Zalantza askorekin etorri nintzen Chamonixera, ultra gehienetara gehienok joaten garen moduan. Abuztuaren erdialdean lesio bat izan nuen, eta Chamonixera etorri aurretik saio pare bat izan nituen fisioarekin. Behin Chamonixen nintzela, beste bi saio egin behar izan nituen bertan aurkitu nuen fisio batekin, eta, egia esan, ez nengoen lasai. Diru asko gastatu behar izan dut erdi osatzeko; beraz, pozik egoteko moduan naiz.

Podiuma ere ez zenuen oso urruti izan.

Ez, ez, azken kilometroetan 50 metrora ere izan nituen aurrekoak, baina oinetako arazo batzuk izan zirela medio, ezin izan nituen harrapatu. Pena izan zen.

Nola planteatu zenuen lasterketa?

Banekien lehen erdira arte korrika egiteko modukoa zela, eta zatirik gogorrena bigarren erdian zegoela. Azkenaldian belaunarengatik jaitsieratan asko sufritzen ari naizenez, indarrak gordez joatea erabakia nuen. Argi neukan ordura arte ondo jan eta ondo edan behar nuela. Ibilbidearen erdira arte oso erritmo gozoan joan nintzen, korrikalari espainiar batekin batera. Erditik aurrera, berriz, erritmoa bizitu nuen, eta aurrera jo. Oso sentipen onekin joan nintzen.

Zer izan zen lasterketako gogorrena?

Bakarrik sentitzea. Frantziarren artean joan nintzen ia lasterketa guztian, eta horrek ere ez zidan batere lagundu. Sentsazio arraroak izan nituen. Haiek animatzea ondo dago eta normala da, baina niri trabak jartzea ez nuen hain normala ikusten. Ahal zuten laguntza txikiena ematen saiatzen ziren.

Emaztea eta bi haurrak negarrez aurkitu omen zenituen 50. kilometroan, anoa gune batean.

Bai, hala da, bai. Oso kolpe gogorra izan zen, burutik behera ur hotza botatzea bezala. Ez nuen ongi ulertzen zer gertatzen zen. Umeei ez zieten anoa gunera sartzen utzi, eta eztabaida asko izan omen zituzten. Umeek 3 eta 5 urte dituzte, eta, urduritasunarekin, negarrez hasi omen ziren. Gainera, beste askoren umeak barruan zeudela ikusten zuten. Oso une gogorra izan zen. Pentsa, handik atera eta 2.000 metroko penditza duen igoera bat neukan aurretik, eguerdiko beroa... Eskerrak ondo sentitzen nintzen eta mentalki fresko nengoen.

Helmuga igaro eta gero, «umiliatua» sentitu zinela aitortu zenidan. Oraindik hori pentsatzen al duzu?

Agian umiliatu hitza ez da egokiena, oso gogorra delako, baina antzekoa izan zen. Ez nuen animatzeko eskatzen, baina ezta hainbeste oztopo jartzea ere.

Podiuma hiru frantziarrekin jokatzeak zerikusia izan zezakeen?

Ez dakit, oso zaila da jakiten. Agian guk ere antzeko zerbait egingo genukeen, ez dakit. Nik lasterketa asko egin izan ditut leku ezberdinetan, eta ez dut horrelakorik inon sentitu. Baina argi daukat zein lasterketa ari nintzen jokatzen eta UTMBk zer nolako ospea duen. Frantzian jokatzen den lasterketa bat da, eta haientzat inorentzat baino garrantzitsuagoa da.

Oso urte gogorra izaten ari omen da. Hainbesterako?

Jada 15 urte dira mendi lasterketetan nabilela, eta dudarik gabe esan dezaket denetan gogorrena izan dela. Lesioek ez didate utzi ez gozatzen eta ezta nahi adina entrenatzen ere. Urtean zehar izan dira egun politak, asko gozatutakoak, baina, oro har hartuta, inoizko gogorrena izan da.

Azken bi urteetako emaitzak kontuan hartuta, Javi Dominguezen eta Iker Karreraren pare jarri zara. Nola ikusten duzu zeure burua haien ondoan?

Nik uste dut oraindik ezin dudala neure burua haiekin alderatu. Dominguezen emaitzak, esaterako, askoz ere sona handiagoko lasterketetan izan dira. Ikusten dudana da emaitzak antzekoak direla, baina oraindik maila handi bat dagoela haien eta nire artean. Puntu bat edo bi gorago daudela uste dut. Emaitzak hor daude, eta oso gustukoak izaten ari dira, baina beste maila bateko korrikalariekin alderatzen ari garela pentsatzen dut.

Sare sozialetan esan duzu denboraldia bukatu duzula. Hala da?

Bai. Behin denboraldia hasten denean, oso metodikoa izaten naiz bai entrenamenduekin eta baita dietarekin ere. Gauza horiek ondo kudeatzeak lasaitasuna ematen dio nire buruari, baina aurten ezin izan dut hori dena ondo kudeatu. Tentsio handiko egunak bizitzea tokatu zait aurten, eta Chamonixkoa izan da azken errematea. Fisikoki ere oso justu amaitu dut. Gauza horiek guztiak aintzat hartuta, amaitzea erabaki dut. Mendira joaten jarraituko dut, hala ere. Ziur nago etxekoek ere asko eskertuko didatela.

Etxekoen laguntza eta babesa ezinbestekoa izaten da ultra lasterkarientzat.

Bai, ezinbestekoa da. Pentsa, astelehenean lanean hasi nintzenean, handik itzultzean, alaba zaharrenak zera esan zidan aurpegira begira: «Zer, aita, entrenatzera zoaz orain ere?». Zer pentsatua eman zidan. Uste dut jakin behar dugula noiz gelditu, eta beste gauzei garrantzia ematen.

Beste korrikalarien aldean, zuk esfortzu handia egin behar izan duzu gora iristeko. Inoiz pentsatzen al zenuen horrelako mailara iristea?

Ez. Ez naiz inoiz korrikalaria izan. Beti mendian ibili izan naiz: oinez, mendi ibilaldietan, mendi irteeretan... baina korrika egitea asko kostatzen zitzaidan.

Azken urteetako emaitzak ikusita, babesleen laguntza gehiagoren falta sumatzen duzu?

Askotan, babesleen laguntzak bi alderdi ditu: ona eta txarra. Nik laguntza izan dut alde horretatik; ez dut inoiz arropa edo oinetakorik faltan izan. Aralar Kirolak, Hoka One One, Otsabio, Gogortuz fisioterapia, Joseba Manso, Pausoka... askok lagundu izan didate, baina, elitekoekin alderatuta, oso atzera gaude besteok. Hala ere, askotan, babesle askoren laguntzak gehiegizko presio bat sortzea ekar lezake, eta hori ere ez dakit batere ona den. Gauza batez oso harro nago, eta zera da: daukadan guztia nire izerdiarekin lortutakoa dela.

Gaur egun, korrikalariek, onak izateaz gain, mediatikoak behar omen dute. Zer iritzi duzu?

Markek hori eskatzen dute. Lasterketak irabazteaz gain, erraztasuna behar dute sare sozialekin, eta niri hori asko kostatzen zait; ez zait ateratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.