Tolosan (Gipuzkoa) izan da hitzordua Jon Ander Aranburu mendiko eskiatzailearekin (Zumarraga, Gipuzkoa, 1987). Irribarretsu azaldu da, urte osoan lortutako lau txapelak poltsa batean dituela. Argazkia ateratzeko garaian, begiak joaten zaizkio, haiei begira. Ez du berehalakoan ahaztuko amaitu berri den sasoia.
Hilabete ere ez da mendiko eski denboraldia amaitu zenuela. Nola daramazu atsedenaldia?
Ez pentsa atseden handirik hartu dudanik! Aste pare bat hartu nituen atseden modura, baina orduan ere bizikletan ibiltzeko aprobetxatu nuen pixka bat. Geldirik ez naiz inoiz egon! Denboraldi osoan entrenamenduekin itsututa ibiltzen gara, eta horrelakoetan gustura egiten dut beste zerbait, alegia, ordulariari begiratu gabe egotea. Mendiko eskiko denboraldia amaitzean, korrikakoa hasten dut nahiko jarraian; beraz, ez da atseden luzeak egiteko denborarik izaten.
Fisikoak bai, baina buruak ere atseden hartzen du denboraldia amaitzean?
Bai. Egia da azken bi urteetan udako denboraldia beste modu batera hartzen ari naizela. Erlaxatuago eta lasaiago nabil orain, nahiz eta ondo prestatzen dudan denboraldia. Gustuko lasterketa batzuk aukeratzen ditut, eta horiek ondo prestatzen ditut, batere presiorik gabe.
Mendiko eskiko egutegia oso motza eta intentsoa izaten da aldi berean. Horrek askoz gehiago nekatzen du?
Oso denbora gutxian ia asteburuero jokatzen ditugu pare bat lasterketa, eta beti etxetik kanpo. Emaitza on bat lortzeko ardura pixka batekin ibiltzen naiz, gainera. Azken bi urteetan euskal selekzioan ari naiz, eta horrek ere presio txiki bat sortzen du. Egutegi nahiko finkoa izaten dugu, eta betetzea gustatzen zait. Modalitate batzuetan, gainera, ez gara oso ondo moldatzen. Ziur nago neure kabuz joan beharko banu, ez nituela lehiatuko. Baina taldean egonda, saiatu beharrean izaten naiz.
Atsedenaldi honetan azken denboraldiaz hausnartu al duzu?
Ez, ez dut asko pentsatu. Baina, atzera begira jarri naizenetan, oso pozik egoteko denboraldia izan dela konturatu naiz. Oso balorazio positiboa egiten dut azken denboraldiaz. Sasoian hurrengo lasterketan pentsatzen egoten gara, gehienbat beti izaten dugulako zerbait: materialarekin, bidaiarekin, antolaketarekin... Kontu asko izaten dira. Astea oso azkar pasatzen da horrela. Askotan, nahiz eta emaitza on bat lortu, ez dugu lortutakoaz gozatzeko denborarik izaten. Egutegi betea izateak hori dakar.
Zer helburu zenituen denboraldi hasieran?
Nire asmoa zen Espainiako Kopa eta Txapelketa, eta Euskal Herriko Txapelketa lehiatzea. Diziplina berdineko lasterketak ziren, bai banakakoak, baita bertikalak ere. Horretan neukan jarrita burua. Horiez gain, Pierra Menta [Frantzia] bezalako lasterketa bat jokatzeko asmoa ere baneukan. Pentsa: azkenerako, hamabost lasterketa inguru jokatu ditut.
Denboraldi guztian sasoi oso onean ibili zara. Zein izan da sekretua?
Ez dago sekreturik. Uste dut oso prestakuntza ona egin nuela azarotik hasita. Azaroan, Tignesen [Frantzia] egoteko aukera izan nuen hamar egunez, eta bertan egindako lanak asko lagundu ninduen denboraldi hasierara sasoiko iristeko. Oso oinarri ona lortu nuen, eta Espoten [Herrialde Katalanak] jokatu genuen lehen lasterketan jada nahiko ondo ikusi nuen neure burua. Egia da oso zaila dela denboraldi guztian sasoiko egotea, baina esfortzuak ondo neurtu ditut.
Sasoia lau txapelekin amaitu duzu. Lehena, Bandres-Karoloren omenezkoan lortu zenuen. Nola gogoratzen duzu garaipen hura?
Hala da, bai. Lehenak Bandres-Karoloren omenezkoan lortu nituen, Euskal Herriko Bertikalen Txapelketa eta lasterketa bera. Oso lasterketa berezia da Euskal Herriko eskiatzaile guztientzat, eta ilusio handia egin zidan hura irabazteak. Lasterketa horretan lortu nuen orain hiru urte lehen podiuma. Orduan, oso urruti ikusten nituenekin ari nintzen lehian. Baina irabazteko aukera izan nuen. Banakakoan izugarri gozatu nuen. Oso eguraldi ederra izan genuen eskiatzeko, eta lehia polita izan nuen Axier Alonsorekin bigarren posturako. Hurrengo egunerako zalantzak nituen.
Halere, ez zenuen hutsik egin Euskal Herriko Txapelketa Bertikalean.
Ez, nahiz eta beldur pixka bat banuen. Banekien sasoiko nengoela, eta txapela irabazteko aukerak banituela. Helburuen artean neukan bertikalen txapelketa, eta, zorionez, dena ondo atera zen. Lehen bi txapelak izan ziren nire kirol ibilbidean, eta ilusio handia egin zidan horiek irabaztea.
Andres de Regil zeharkaldian lortu zenuen hirugarren txapela, Axier Alonsorekin bikote eginez. Are pozgarriagoa izango da garaipena lagun min batekin lortzea, ezta?
Baietz esango nuke. Nahiz eta lasterketetan aurkari izan, oso lagun handia da Axier Alonso. Batera entrenatzen ibili gara denboraldi guztian, eta ordu asko eman ditugu batera. Biak ere oso maila antzekoan ibili gara, eta horrek ere ilusio handia egiten dit. Hain urruti ikusten nuen lehen! Lasterketa askotan borrokan ibili gara, eta bikotekakoan ere oso ondo moldatu gara. Elkar bikain ulertu gara lasterketetan. Fisikoki ere oso antzekoak gara. Gauza asko dauzkagu hobetzeko oraindik, baina, zerbaitetan hobetzekotan, agian, jaitsieratan hobetu dezakegu gehiago.
Amaitzeko, Euskal Kopa ere eskuratu zenuen. Esperotako emaitzak izan dira?
Sorpresa izan zen niretzat Kopa irabaztea. Ez zen nire helburuetako bat. Urte osoan erregularra izan naiz lasterketetan, eta horrek eraman nau irabaztera. Lasterketa batzuetan beste batzuetan baino hobeto ibili naiz, baina, oro har, denetan maila txukuna eman dut, eta horrek postu onak ekarri ditu.
Euskal selekzioarekin Bikotekako Munduko Txapelketa batean egoteko aukera ere izan duzue.
Bai, izugarria izan zen! Uste dut oraindik ez garela kontziente zein eragin izan dezakeen horrek. Orain arte ezinezkoa zen horrelako txapelketa batera joatea. Halere, egia da horrelako lasterketa batzuek aukerak eskaintzen dituztela norbere izenean joateko. ISMFko egutegian parte hartzeko, aldiz, oraindik ez dago aukerarik. Zerbaiten hasiera izan daitekeela iruditzen zait. Aukera dagoen lekuetan parte hartzea oso garrantzitsua iruditzen zait etorkizunera begira. Euskal selekzioari ikusgaitasuna eman behar diogu ahal dugun guztietan. Etorkizunean etor daitezkeen aldarrikapenetarako ondo etorriko da oinarri on bat izatea. Esperantza badaukat, eta polita izango litzateke jarraipena izatea.
Euskal Herrian nagusi izan zara, lau txapel irabazita. Espainiako Kopak eta txapelketak beste kontu bat izan dira?
Bai, zalantzarik gabe. Gazteak oso indartsu datoz, eta beste autonomia erkidegoetako eskiatzaileak modalitate espezifikoagoetan entrenatzen ari dira; eta, gainera, elurretan! Oso belaunaldi indartsua dator, eta oso umetatik hasitakoak dira eskian. Lasterketetan ateratzen den eskiatzaileen batez bestekoa asko jaitsi da azken urteetan.
Hurrengo urtean presio handiagoa izango al duzu lasterketetan?
Ez dakit. Ez nioke neure buruari presio berezirik jarri nahi. Jakitun naiz oso-oso zaila izango dela aurtengoa errepikatzea. Nire maila ematen badut, gustura izango naiz berriro ere. Ondo aritu, eta baten batek aurre hartzen badit, zer egingo zaio! Egindakoa eginda dago, eta lortutakoa lanaren ondorio izan da.
Gaur egun prestatzaile fisiko batekin zabiltza. Noiz erabaki zenuen harekin hastea?
Hau laugarren urtea izango dut Ander Garmendia bizkaitarrarekin. Lehen, mendi lasterketetan ibiltzen nintzen gehiago, mendiko eskian baino. Dena herrikoia zen, eta ez nuen entrenamendu berezirik egiten. Zerbait hobetzeko asmoz, eta denbora hobeto aprobetxatzeko, prestatzaile batekin hasteko hautua egin nuen. Garmendia bera ere mendiko eskian ibilitakoa da, eta, orain, bi modalitateetarako jartzen dizkit entrenamenduak. Abantaila handia da horrelako entrenatzaile bat izatea. Oso ondo ulertzen ditu kirolari baten sentipenak.
Fisikoki oraindik ere hobetu dezakezula iruditzen zaizu?
Jada nahiko beterano naiz, eta ez zait iruditzen askoz gehiago hobetu dezakedanik; zerbait, agian, bai, baina askorik ez. Uste dut fisikoki orain nagoela sasoirik onenean. Hemendik aurrera, esperientzia gehiago pilatuko dut, eta beste gauza batzuk hobetuz joango naizela iruditzen zait. Orain dudan maila mantentzearekin gustura egongo nintzateke.
Lehen ere aipatu duzu udan mendian korrika arituko zarela. Egutegirik baduzu?
Hiru lasterketa dauzkat begiz jota. Hasteko, asteburuan, Irati Trail lasterketan egongo naiz [30 kilometro, +2.100 metro, Irati, Nafarroa]. Ekainaren 18an, Izaban(Nafarroa) izango naiz Camille-Extreme lehiatzen [31,6 kilometro, +2.044 metro]. Ondoren, irailean, Tena Haraneko [Aragoi, Espainia] maratoia jokatuko dut. Halere, ziur beste lasterketaren bat jokatuko dudala udan. Ondoren, irailean ere bertikalen batean izango naiz Euskal Herrian. Gozatzeko asmoa daukat. Zorionez, ez daukat lasterketa beharrik mendira korrika egitera joateko.
Mendiko eskiatzailea
Jon Ander Aranburu: «Oso balorazio positiboa egin dut azken denboraldiaz»
Mendiko eski denboraldiko ezusterik handienetako bat izan da Jon Ander Aranburu zumarragarra. Azken urteetan erakusten ari zen gorakada etengabearen ondorio izan dira aurtengo denboraldian lortutako emaitzak. Lau txapel irabazi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu