Malen Osa Ansa: «Oso asebeteta gelditu naiz Zegama-Aizkorri lasterketarekin»

2024ko Zegama-Aizkorriko protagonista nagusietako bat izan da Malen Osa Ansa (Oñati, Gipuzkoa, 2002). Lehen Zegama zuen, lehen maratoia, eta bigarren izan da. Oso gaztea den arren, munduko korrikalari onenen artean sartzea lortu du, merezimendu osoz.

Malen Osa Ansa irribarretsu helmugaratzen. ROGER SALANOVA
Malen Osa Ansa irribarretsu helmugaratzen. ROGER SALANOVA
Unai Ugartemendia.
2024ko maiatzaren 27a
08:30
Entzun

Irribarretsu dago Osa Zegama-Aizkorriko podiumera igo aurretik. Sariak jaso eta handik jaistean, dopinaren aurkako kontrola pasatzea egokitu zaio. Zain dagoen bitartean gonbidatu du kazetaria elkarrizketa egitera. Pozez gainezka dagoen arren,  Sara Alonso lagun minarekin gogoratzen da une oro —pneumonia baten ondorioz donostiarrak ezin izan baitu Zegaman parte hartu—, eta begiak lausotzen zaizkio.

Lehen denborak kontuan hartuta, atzetik aurrera egin duzu lasterketan. Hasieran zuhur ibiltzea zen zure asmoa?

Gorabehera asko izan dira. Hasierako kilometroetan lasterketatik oso kanpo sumatu dut neure burua. Gorputza oso gaizki nuen: adibidez, herriko itzulia osatzen ari nintzen bitartean, neure buruari esaten ari nintzaion asko sufritzea tokatuko zitzaidala. Lehen zazpi edo zortzi kilometroak oso gogorrak egin zaizkit. Sumatzen nuen ez nenbilela nire erritmoan, eta ia-ia amore eman dudala esango nuke. Hala ere, entrenatzaileak markatutako denboren barruan nindoan. Ez nuen erlojuarekin itsutu nahi. Aratzeko gailurra [16,1 kilometro] kontuan hartuta, hiru partzial nituen buruan: Ultzama [8,7 kilometro], Atabarreta [13,5 kilometro], eta Aratz bera. Ez nuen pasatu nahi erritmoarekin; bestela, lasterketa pikutara joateko arriskua neukan.

Sancti Spiritura (18,5. kilometroa) bidean, berriz, aurrera joan zara etengabe.

Bai. Ez dakit zer gertatu zaidan, baina, tarte baten buruan hobeto sumatu dut neure burua, eta konturatu naiz erritmoa hartzen ari nintzela. Aratzera bidean jada hiru korrikalari pasatu ditut, eta gora egin dut. Aratzeko gailurrean, Dani Moreno estatubatuarra pasatu dut, eta hark esan dit bosgarrena begi bistan neukala. Orduan oso indartsu ikusi dut neure burua! Sancti Spiritura doan jaitsiera oso gustura egin dut, eta, hara iritsi baino lehen, laugarren zihoan korrikalaria aurreratu dut.

Horren ondoren dator Aizkorrirako (22,1. kilometroa) igoera luzea.

Bai, eta agian azkarregi igo naiz eremu horretan. Aizkorriko igoera izugarria izan da! Marta Martinez asturiarra Lide Urrestarazurengana gerturatu ahala, ni biengana hurbiltzen ari nintzen. Gailurreriaren amaieran aurreratu ditut biak. Oltzera (26,6 kilometroa) doan jaitsieran, nik dakidan bezala bota dut neure burua, eta agian gehiegi arriskatu dut. Ematen zuen hortxe jokatzen ari nintzela lasterketa. Tarte batean, gelditu, bost segundoz arnasa hartu, eta aurrera jo dut. Bigarren nengoen jada, baina lehen postuan zihoana, Sylvia Nordskar norvegiarra, ikusi ere ez dut egin bide guztian. Ez nuen espero hura hain ondo aritzea.

Malen Osa Ansa 2024ko Zegama-Aizkorri mendi maratoian Aizkorri tontorrera bidean
Aizkorri tontorrerako bidean. IGOR QUIJANO
Azken kilometroetako jaitsiera luzean harrapatuko zenuen esperantzarekin ibili zara?

Orain artean jokatutako lasterketa guztietan, haren aurretik amaitu izan dut, eta lehen postuan bera zihoala baieztatu didatenean, jaitsieran harrapatu nezakeen ilusioa piztu zait. Jaitsieran txakalaldiren bat izango zuen esperantza neukan. Neure burua indartsu ikusi dut, eta esango nuke oso ondo jaitsi naizela. Andraitzen hasieran [30. kilometroa], lau minutura nuela esan didate, baina, amaieran, bost minutura zegoela. Orduan konturatu naiz hura ere indartsu zihoala. Ni ez naiz batere mantso igo, eta gainera denbora atera badit… Handik aurrera, bigarren postuari eusteko lan egiten hasi naiz.

Azken aste hau arraro samarra izan da Zegaman. Lehenik, Sophia Laukli estatubatuarrak jakinarazi zuen ez zuela parte hartuko, eta ostiralean iritsi zen Sara Alonsoren ezusteko albiste txarra. Zer moduz azken berrogeita zortzi orduak?

Uste baino askoz hobeto. Aste hasiera askoz ere okerragoa izan zen: ez dakit zergatik, baina oso nekatuta nengoen. Aurreko bi asteetan, hamasei orduko entrenamenduak egin nituen, eta inoiz baino freskoago nengoen. Aste honetako entrenamenduetan, berriz, zortzi ordukoak egin ditut, eta hilda nengoen! Gaurere halaxe nengoen lehenengo kilometroetan. Oso urduri egon nintzen aste hasieran, eta lo egiteko arazoak izan nituen lehen bi egunetan. Hala ere, neure buruari behin eta berriz esaten nion lasai hartu behar nuela. Gozatu egin behar nuela. Atzo arratsaldekoa ere eromena izan zen. Urtean behin egiteko hobea da [barrezka]. Atzo ez nuen batere deskantsatu. Lo, aldiz, oso ondo egin dut.

Bi albisteak kontuan hartuta, faborito argien zerrendan sartu zintuzten konturatzerako.

Zaleek agian bai, baina, benetan kirol honetaz dakitenek ez zeukaten espektatiba handirik nire lehen maratoian. Egia esan, nik ere ez nuen inondik inora espero bigarren geratzea. Maratoi distantzian, aldagai asko izaten dira jokoan, eta edozertarako prest egon behar da.

«Aurten baten batek hemen egotea merezi bazuen, Sarak [Alonso] merezi zuen. Niretzat, irabazteko hautagai nagusia zen»

Zure lehen Zegama-Aizkorri izan da. Zer iruditu zaizu?

Ufa, izugarria izan da! Festa guztia izugarria iruditu zait. Kanpotik ikusita, denok dakigu oso goian dagoela langa, baina barrutik bizitzea beste kontu bat izan da. Banekien gozatu egingo nuela, bai lasterketa ona aterata, bai beste aldekoa aterata ere. Asko asebete nau Zegama-Aizkorrik. Espero ez nuen leku askotan ikusi dut jendetza: adibidez, Arazko igoeran. Zera esaten nion neure buruari: «Baina hemen ere hainbesteko jendetza biltzen da?». Estreinakoa izugarrizko esperientzia izan da alde guztietatik. Lehen kilometroetan askorik gozatu ez dudan arren, azken kilometroetan aukera izan dut gertuko jendearekin korritzeko eta gozatzeko. Lehen maratoian ez da hain normala hori, eta, gainera, Zegaman izan da. Hala ere, ez dut uste nire lasterketarik onena egin dudanik. Gaur ez dut gorputzaldirik onena izan, eta iruditzen zait badudala gehiago. Nolanahi ere, goizean gauzak nola zeuden ikusita, begiak itxita sinatuko nuke emaitza hau lortzeko.

Zegaman jokatu duzu zure lehen maratoia. Distantzia bera zer iruditu zaizu?

Banekien gustuko izango nuela. Ez zidan beldurrik ematen. Asian jokatu nituen Golden Trail Seriesko bi lasterketatik itzuli nintzenean, bloke oso onak sartu ditut entrenamenduetan. Ordu askoz aritu naiz aste hauetan, eta neure burua ere oso ondo ikusi dut. Oso gustuko dut entrenamendu luzeak egitea, eta ez dut gezurrik esango: gogo handia neukan maratoi distantzia probatzeko. Orain arte jokatutako probekin alderatuta ez zait hain ezberdina egin. Mentalki oso ondo eraman dut dena. Aurtengo maratoi bakarra hau izango da, baina iruditzen zait etorkizunean gehiago egingo ditudala. Ahal dudan guztietan egon nahiko nuke Zegama-Aizkorrin! Aukerak ezin dira alferrik galdu.

Gertuko laguna duzunez gero, nola bizi izan duzu Sara Alonso gaixotu izana?

Atzo, nekatuta nengoela ikustean, asko gogoratu nintzen harekin. Izugarrizko pena eman zidan Alonsok ostiralean. Aurten baten batek hemen egotea merezi bazuen, Sarak merezi zuen. Ez dut imajinatu ere egin nahi orain nola egongo den. Niretzat, lasterketa irabazteko hautagai nagusia zen. Ilusio handia pizten zidan nire estreinakoan hura ere egotea. Gauza asko bizi izan ditugu elkarrekin azken hilabeteotan, batera ere entrenatu gara, eta gero hau pasatzea… Kaka zaharra! Okerrena da nahiko serioa ematen duela kontuak. Lehenbailehen indarberritzea espero dut. Azkar batean korrika ikusi nahi dut berriro ere!

Denboraldiko lehen helburuetako bat beteta, hurrengo lasterketan pentsatzen jarrita zaude jada?

Ez! Orain aste pare batez atseden hartu behar dut ondo indarberritzeko. Gorputzari entzuteko garaia da. Polonian jokatuko den Golden Trail Series zirkuituko Tatra Skyrace lasterketa izango da hurrengo helburua, abuztuaren 18an. Profesionalen mundu hau oso polita da, eta edonori gustatuko litzaioke guk bizitzen duguna bizitzea, baina niri bereziki gustatzen zait prozesu guztia egitea. Azken hilabete eta erdia oso trinkoa izan da, eta orain oso ondo etorriko zait atseden hartzea. Entrenamendu bloke indartsu batekin hasteko gogoa daukat berriro ere, baina bidean gozatu egin nahi dut. Polonian nire benetako maila erakustea gustatuko litzaidake. Baliteke hiru hilabeteko tarte honetan Espainia inguruan lasterketaren bat jokatzea. Beste erronka txiki bat ere badaukat: Asmoa daukat L´Etape izeneko Tourreko etapa bat korritzeko udan, Caitlin Fielder mendi korrikalariarekin batera. Lehen esan bezala, lehenik Poloniara eta ondoren Chamonixeko UTMBn jokatzen den ETC lasterketara [15 kilometro, +1.200 metro] joango naiz. Hura egin eta gero, Skyrhune [Azkaine, Lapurdi] eta Ultra Pirineu [Baga, Herrialde Katalanak] jokatuko ditut, eta urrian, berriz, Golden Trail Seriesko finalak, Locarnon [Suitza].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.