Oroimenean daukate

Xabier Ormazabal oroitzeko festa egingo dute gaur Urretxun, eta haren izena daraman bekaren aurtengo deialdia aurkeztuko dute. Horrez gain, Alex Areizagaren 'Itzalak' eta Alex Txikonen 'Manaslu neguan' filmak proiektatuko dituzte.

Xabi Ormazabal, eta, atzean, Cho Oyu; mendi horretan hil zen. XABIER ORMAZABALEN BILDUMA.
ramon olasagasti
2023ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Xabier Ormazabal Aristegi urretxuar gaztea elurretako lehoinabar bihurtu zen 2004an. Sobietar Batasun ohian, 7.000 metrotik gora zeuden bost mendiak —Komunismo (7.495 metro), Khan Tengri (7.010 metro), Pobeda (7.134 metro), Lenin (7.134 metro) eta Korgenewskaya (7.105 metro)— igotzen zituzten alpinistei ematen zitzaien ohore hori. Mendi hotzak, mendi gogorrak eta serioak bostak. Euskal Herriko lehen lehoinabarra izan zen Xabi, 23 urte besterik ez zituela. 2004. urte berean, bi zortzimilako ere igo zituen: Shisha Pangma eta Cho Oyu. Azken mendi horretan, Jainkosa Turkesaren maldetan, utzi zituen azken lorratzak elurretako lehoinabarrak. Ia 20 urte joan dira ordudanik. Haren oroitzapena, ordea, bizi-bizirik dago oraindik; areago, hura bezalako gazteei hauspoa eta bultzada ematen jarraitzen du, haren izena daraman bekaren bidez. Xabier Ormazabal Bekaren bidez.

Gaur, urtero moduan, mendi festa bat egingo dute Urretxun Ormazabal oroitzeko, eta, hainbat ekitaldiren artean, aurtengo bekaren deialdia aurkeztuko dute. Labeaga aretoan izango da ekitaldia, 19:00etan. Urretxuko Udalak babesten du beka, eta 2.500 euroko laguntza jartzen du 24 urtetik beherako gazteentzat, mendiarekin lotura duten proiektuak gauzatzeko. «Aurten, laugarren deialdia irekiko da. Urtero hainbat proiektu aurkezten dira, gehienak Euskal Herrikoak, baina badira Espainiakoak ere. Aurkeztutako proiektuek baldintza guztiak ondo betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Mikel Zabalza, Unai Mendia eta Oscar Gogorza alpinistek osatutako batzordeak ebaluatu eta proiektu bat hautatzen du. Hala, proiektuaren irabazleek urte osoa izaten dute, hurrengo urteko festara arte, proiektua edo jarduera gauzatzeko», azaldu du Andoni Ormazabalek, Xabiren anaiak eta bekaren sustatzaileetako batek.

Proiektuek mendia izan behar dute ardatz, baina ez dute nahitaez jarduera bat, eskalada bat edo espedizio bat izan behar. Izan daiteke dokumental bat, edo mendiarekin lotura duen liburu bat, mendiko materiala hobetzeko proiektuak, argazkilaritza lanak...«Egia da, orain arte, proiektu gehienak jarduerei lotutakoak izan direla, baina aurkeztu dira egitasmo bereziak ere. Adibidez, arazoak dituzten gazteak gizarteratzeko mendi-irteeren programa bat aurkeztu zuen batek, tarteka mendian bibakak eginez, aterpetan lo eginez... Oso proiektu polita zen, baina beste proiektu sendo batzuk baziren urte hartan, eta ez zen hautatua izan. Horrekin esan nahi dudana da era guztietako mendiko proiektuak aurkez daitezkeela». Gaur aurkeztuko da 2023ko beka, eta, beraz, maiatzaren 26tik aurrera kontsultatu ahal izango dira deialdiaren oinarriak Urretxuko Udalaren webgunean.

Proiektu indartsuek eskuratu dute orain arte beka. 2017an, Iker Madoz nafarrak Gasherbrum IVko (7.925) hego pilarean bide bat zabaltzeko egitasmoarekin lortu zuen beka. 2019an, beste nafar batek eskuratu zuen, Ander Zabalzak, Artikotik hurbileko hormetan zenbait bide berri zabaltzeko asmoarekin. Eta 2021ean, Maialen Rojo Eiguren gasteiztarrak jaso zuen beka, Alpeetan esploratzen proiektuarekin. Ruth Fornos kataluniarrarekin batera, Alpeetako La Nonne eta La Moine hormatzarretan bide bana zabaltzeko eta Druko horman lerro bat eskalatzeko egitasmoa aurkeztu zuen Rojok.

Egitarau betea

Hain zuzen, aurtengo mendi festak egitarau zabala edukiko du. Maialen Rojok bere proiektua nola gauzatu duen azalduko du proiekzio baten bidez. «Ander Zabalzari, berriz, pandemiak harrapatu zion bete-betean; beka irabazi ondorengo urtean ezin zen kanpora bidaiatu, eta espedizioa burutu ezinik geratu zen. Orain ari da bukatzen: uneotan Norvegia iparraldeko horma batean dabiltza, justu leiho bat zabaldu zaie eskalatzeko, eta seguru asko ez da iritsiko datorren ostiralerako», jakinarazi du Andoni Ormazabalek.

Mendiko festaren egitarauarekin jarraituz, Alex Areizagak 2022ko Mendi Film Bilbo Bizkaia jaialdian aurkeztu zuen Itzalak filma proiektatuko da ondoren. Guztiok daramagun motxila ikusezin horri buruzko filma da, beldurrez, desirez, malkoz eta hutsunez betetako motxila horri buruzkoa. Hain zuzen, Xabi Ormazabal, elurretako lehoinabarra, dago filmaren bihotzean, eta, besteak beste, Joseba Iztueta, Andoni Ormazabal bera, Reinhold Messner, Nives Meroi eta Romano Benet eta Juanjo San Sebastian mintzo dira bizitzako itzalei eta argiei buruz.

Areizagaren filmaren ondoren, omenaldi xumea egingo zaie urtarrilean Patagoniako Fitz Roy mendian elur jausi batek harrapatuta hil ziren Amaia Agirre urnietarrari eta Iker Bilbao durangarrari. Ondoren, bertaratutako guztiek mokadutxo bat egiteko eta elkarrekin solasean aritzeko tarte bat izango dute. Eta mendi festa ixteko, Alex Txikonek, Xabi Ormazabalen beste lagun handi batek, Manaslu neguan filma erakutsiko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.