Orfeoilariak urtegiaren ertzean kantari

Urmuga egitasmoak Gipuzkoako itzuliaren zati bat egin du astearteko etapan: Otzaurtetik Lizarrustira, Nafarroako mugan une oro. Eta, Lareoko urtegian, Et Incarnatus orkestrak eta Donostiako Orfeoiak emanaldia eskaini dute.

Orfeoilariak urtegiaren ertzean kantari.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Otzaurteko ermitan, Urkiolakoan bezalaxe, teilatuaren alde bateko urak Mediterraneorantz doaz, eta beste aldekoak, Kantaurirantz. Ebrora iristen direnak Altzania ibaiak biltzen ditu. Kantaurira doazenek, berriz, Agauntzan, Urtsuaranen, Orian amaitzen dute. Tartean ibili dira gure urmugalariak. Urak alde batera eta bestera doazela jakinda, baina bidean iturririk topatu gabe, gainez gain ibiltzearen ondorio logikoa.

Pagoa izan da berriz eguneko paisaiaren protagonista, pago luzea, eguzkiaren argiaren bila gorantz luzatzen dena, bizi nahi badu. Eta pagoen artean nola pasatzen dute ibilbide luzeko denbora gure mendizaleek? Batzuetan isilik, besteetan kontu kontari. Taldearen eta umorearen arabera. Ibilaldi leuna eta erosoa denean, kasu honetan bezala, solasaldirako tarte gehiago izaten da. Taldean kantuzaleak eta bertsozaleak izanda, ez da harritzekoa Kazkazuri, Xenpelar eta Txirritaren bertso zaharren ale batzuk entzutea jentilen basoetan. Aurreko egunetan, taldeko solasgaia natura eta kirola izan dira, bakoitzak bere eremura eramaten baitu solasa. Horrek aukera ematen du beste kideek gauza berriak ikas ditzaten. Kronika hau idatzi behar duenarentzat mesede galanta dira ekarpen horiek, kronikari kolore pixka bat emateko. Eta egiten ari diren ibilaldiari, noski.

Pago artean Balankalekura igo, eta Intsusburun, trikuharriaren ondoan, zerbait jan dute ibiltariek. Mairu baratzeen eta trikuharrien esparruan daude, zeinak ondoko Ataungo Jose Miguel Barandiaranek sakonki aztertu eta dokumentatu baitzituen. Jentilen paradisuan, hain zuzen. Gero, Urdiaingo eta Bernoako galtzadak ikusi dituzte mendizaleek; Irumugeta gailurrean beste paradatxo bat egin, Txaradigorri inguruan behera jo, eta Lizarrustira iritsi dira bazkaltzeko ordu egokian. Donostiako Orfeoiko abeslariak bertan dira, arratsaldeko kontzerturako prestatzen. Indarrak eta atsedena hartu ondoren, eguneko postrea dastatzeko prestatu dira espedizioko kideak: Lareoko emanaldia.

Lizarrustitik urtegirainoko ordu erdiko paseotxoan jende ugari animatu dela konturatu dira, eta, kontzerturako aukeratutako lekura iritsitakoan, urtegiaren ertz batean ehunka ikus-entzule daudela konturatu dira. Sekula horrelako emanaldi bat ezagutu ez duen gunea. Estreinaldi mundiala.

Doinu herrikoiak

Egun osoan zehar eguzkia izan arren, eguraldia lainotzen hasi da ordua iritsi denean. Et Incarnatus orkestraren lehen notak ere goibel xamar joan dira, Norvegiaraino bidaiatuz, hango herri musikako gai pare bat eta ezkontza martxa interpretatuz. Musikak badu gaitasun hori: edonora aske bidaiatzeko ahalmena, GPSaren marra gorriari jarraitu beharrik gabe, ibiltari askoren modura. Sarrera horren ondoren, Donostiako Orfeoia elkartu zaie, eguneko protagonista nagusietako bat, batez ere antzoki eta areto serioetatik lehen aldiz naturagune batera jauzi egin duelako. Eskaini duten errepertorioa ere ezohikoa izan da, «inoiz baino herrikoiagoa», Jose Antonio Sainz Alfaro zuzendariak duela egun batzuk orri hauetan adierazi bezala: Iparragirreren Hara nun diran eta Gernikako Arbola; Benito Lertxundiren Nire herriko neskatxa maite, Baldorba eta Balearen bertsoak; Tolosako Inauterietako Habanera eta Troika kantatu dituzte, besteak beste.

Giroa berotuz joan da, eta, Eneko Dorronsoro trikitiarekin eta Xabier Leturia panderoarekin agertzerako, publikoa poltsikoratuta zuten orkestrak eta Orfeoiak: Balearen bertsoak eta Baldorba kantuz lagundu du ikusleetako askok. Azken oparia Imanol eta Xabier Amurizaren Mendian gora izan da, nola ez, mendia eta musika uztartzen dituen kantu egokia. Egungo garai latzei egokitzen zaien esaldi bat du kantu horrek: «Bestela datozen penai / ez diet surik bota nahi / baina badira mila motibo / kantatzeko alai». Esperantzarako mezua ere zabaltzen du: «Goizero sortuz bizitza ere hortxe zegok eta».

BIHARKO ETAPA:

Uztailak 24: Otsola-Belate

15 km; 1.109 m igo, 860 m jaitsi; 6 ordu; Ultzama eta Baztan ingurua, Eroberri, Uztakorta, Putzuetako gaina, Gazteluzarra, kontrabandisten bideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.