Hilo Moreno. Esploratzailea eta mendi gidaria

«Oraindik gauza asko egin daitezke eskualde polarretan»

Filologia ikasten ari zela, Hilo Moreno ametsa egia bihurtzeko urratsak egiten hasi zen. Antartikara joan nahi zuen, eta hango lurrak esploratu. Eta amets hura egia bihurtu da; orain, gidari lanak ere egiten ditu han ikertzen ari diren zientzialarientzat.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2020ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Hiri giroan hazi bazen ere, Hilo Moreno mendi gidari eta esploratzaileak (Madril, 1979) beti amestu izan du planetako lekurik basatienak zeharkatzearekin. Urte askotako bidaien eta abenturen ondoren, mendiko gidari gisa hasi zen lanean, eta 2008an, Espainiak Antartikan duen basean hasi zen lanean; han dabil oraindik. Egun, haren izena esploratzailerik handienen zerrendan dago. Duela egun batzuk, Donostiako Club Vasco de Camping taldeak antolatutako hitzaldi batean parte hartu zuen. Expedición Antártida Inexplorada 2018/2019 ikus-entzunezkoa aurkeztu zuen han, eta Antartikan bizitakoak azaldu zituen.

Nor da Hilo Moreno?

Madrildarra naiz, erdigunean jaioa. Txikitatik obsesio handia izan dut abenturarekin, bidaiekin, eta batez ere, eskualde polarrekin. Nire familian inork ez zuen mendiko ezer egiten, eta ez zuen inolako harremanik mendiarekin. 15 urterekin, Madrilgo mendilerroan eskalatzen hasi nintzen. Esan nezake familiako arraroa nintzela. Handik gutxira, mendi irteerak egiten ere hasi nintzen, 18 urterekin Ramon Larramendi ezagutu nuen arte. Espainiako esploratzailerik garrantzitsuena da, eta, haren enpresaren bidez, handik gutxira, Groenlandiara joan nintzen.

Mendirako zaletasuna nondik datorkizu?

Abenturazko liburu asko irakurtzen nituen gauetan, eta gainera, bizi nintzen eraikinean genuen atezaina mendizale amorratua zen. Asteburuero ikusten nuen motxila eta sokekin mendira irteten. Denbora asko ematen nuen harekin hizketan, eta hura izan zen mendira hurbildu ninduen lehen pertsona. Guadarramako mendilerroa existitzen zela azaldu zidan. Niretzat aurkikuntza bat izan zen hura.

Eta esploraziorako joera?

Esplorazioaren munduarekiko interesa liburuetatik eta dokumentaletatik datorkit. Baina funtsezkoa izan zen Ramon Larramendi ezagutzea. Entzutez ezagutzen nuen, baina arratsalde batean nire izeba baten bitartez ezagutu nuen. 1992an, Larramendik hiru urteko espedizio bat egin zuen beste hiru espediziokiderekin batera, Artikora, lerarekin, txakurrekin eta kayakekin bidaiatuz. Elkarrizketa haren ondoren, Groenlandiara joatea proposatu zidan. Uda hartan Groenlandian egon ondoren, argi izan nuen. Horretan jardun nahi nuen, eta horiek ziren nik ezagutu nahi nituen lekuak. Esploratzeko nahia nuen.

Gero, mendiko gidari egin zinen.

Bai, hala izan zen. Orduan filologia ikasten ari nintzen Madrilen, baina uda hartan konturatu nintzen mendiko gidari izan nahi nuela. Mendiko teknikari gisa trebatzen hasi nintzen, eta handik gutxira Antartikan gidari lanetan ari zen pertsona bat ezagutu nuen. Espainiako Gobernuak Antartikan zeukan basean egiten zuen lanari buruz hitz egin zidan, eta orduan ate bat ireki zitzaidan neure buruan. Hori zen amesten nuen lana.

Urte batzuk itxaron behar izan zenituen haiekin lan egiteko.

Bai, nik ordurako, ia beti, eskualde polarretatik hurbil dauden lekuetan egiten nuen lan gidari bezala. Horietako batean, bezero talde batekin nazkatuta nengoen. Unean bertan, buruari galdetzen hasi nintzaion nik non egon nahi nuen. Berehala etorri zitzaidan burura Antartikako basean lan egiten zuenaren lana. Asko pentsatu gabe, hotel hartako ordenagailura joan, eta posta elektroniko bat bidali nuen neure burua eskaintzeko. Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusira [CSIC] mezu bat bidali nuen, leku hartan lan egitea gustatuko litzaidakeela esanez. Umiltasunetik idatzi nien, eta nire proposamena luzatu nien. Handik egun gutxira erantzun zidaten, oso gaztea nintzela, eta berriz ere saiatzeko. 22 urte nituen orduan. Ez nuen amore eman, eta urtero idatzi nien, 27 urte nituenean, Bartzelonara lan elkarrizketa batera joateko esan zidaten arte. Handik gutxira hasi nintzen haiekin lanean.

Gaur egun, zer lan egiten duzu han?

Mendiko gidari lana egiten dut, eta nire lana zientzialariak gidatzea da, ikasketak eta ikerketak egin behar dituzten lekuetara. Antartikako basearen inguru guztiak ezagutzen ditut, eta segurtasunez gidatu behar izaten ditut leku horietara. Lekuak askotarikoak izan daitezke: glaziar bat, hondartza bat, mendi bat, pinguinoen kolonia bat edo itsas elefanteen kolonia bat... Ikerketak eremu askotakoak izaten dira. Ahal dudan neurrian, lagundu egiten diet esperimentuetan. Normalean, urtean bi eta lau hilabete artean egoten naiz han.

Hala ere, zure bizitzako esperientziarik handiena 2018. eta 2019. urteen artean egin zenuen, Esploratu Gabeko Antartikaren espedizioarekin. Zeren bila joan zineten?

Hori da. Espedizio hori, aurretik aipatutako Ramon Larramendiren Haizearen Lera proiektuaren parte zen. Ni 2016an hasi nintzen proiektu horrekin elkarlanean. Proiektu hori haizearen energiarekin modu guztiz ekologikoan funtzionatzen duen ibilgailu polar baten garapenean oinarritzen da. Ibilgailu horrek planetako eskualde polarretan bidaiatzeko aukera ematen du, Groenlandian eta Antartikan, esaterako. Abenturako ibilgailu bezala, aspaldi garatu zuten espedizio askotan, baina 2016an zientziarako erabiltzea erabaki zen. Espedizio horretan liluratzen nauten gauzetako bi elkartzen ziren: esplorazioaren alde polarra eta zientziari ematen diodan laguntza logistikoa. Espedizioan, lera proiektuei laguntzeko alderdi zientifikoa garatu nuen, lera gidatzeaz eta pilotatzeaz gain.

Zertan oinarritzen zen espedizioa?

Ideia nagusia zen 2.500 kilometro inguruko ibilbidea egitea, non, gehienbat, Antartikako txokorik urrunenetik eta ezezagunenetik bidaiatuko genuen. Ekialdeko Antartika da, kontinenteko gunerik hotzena, urrunena eta informazio gutxien duena. Hamar esperimentu zientifiko egitera joan ginen, eta oso baldintza gogorretan egin behar izan genituen. Zero azpitik 40 graduko tenperaturarekin, eta etengabeko haizearekin egon ginen. 53 egun egin genituen guztira espedizioan. Azkenean, dena ondo atera zen.

Zer izan zen espedizioko gauzarik gogorrena?

Alde batetik, hotza. Latza da, izugarria! Ez duzu aterperik, beti egon behar duzu arduratuta gorputzeko atalik babestu gabe ez uzteaz. Segundo gutxi batzuetan izoztu egin zaitezke! Hegazkinak utzi gintuenean, ez geunden oso prestatuta. Izan ere, hegazkinen motorren ondorioz gauza batzuk hegan atera ziren, eta korrika atera behar izan genuen haien atzetik. Oso denbora gutxian, ia denok izan genituen izozte txiki batzuk aurpegian. Eta, bestetik, alderdi mentala ere oso gogorra egin zitzaidan. Lehenengo astean, bost egun eman genituen lera guztia prestatzeko; bazirudien ez genuela ezer aurreratzen. Oso ingurune basatia da. Mentalki oso indartsua izan behar duzu, bestela, bertako baldintzekin, amildu egiten zara oso denbora gutxian. Espedizio osoko bost egunik txarrenak izan ziren lehenengoak.

Zerk erakartzen zaitu eremu hotzetatik?

Ez da hotza bera, baina eskualde haietatik erakartzen nauena da ezezaguna eta urrunekoa dela leku askoren izaera. Oso urrutiko lekuak dira, non gizakiaren legeek ez duten ezertarako balio, eta non oraindik ere naturaren legeek agintzen duten. Han, gizakia oraindik libre senti daiteke.

Eta loa? Nola kudeatu zenuten?

Loaren gaia erokeria da! Guk txandaka funtzionatzen genuen. Espedizioan bi kide ginen, eta bik eramaten zuten lera, beste biak lo egiten saiatzen ziren bitartean. Baina loarena oso erlatiboa da. Lera etengabe mugitzen da, eta loa ondo hartzea ia ezinezkoa da. Bestalde, beti zegoen zerbait egiteko. Atseden hartzeko tarte txiki bat zenuela ematen zuenean, agian lera eraman beharra tokatzen zen. Dena oso zaila da alde horretatik. Izugarri nekatzen da gorputza horrelako egoeratan. Egoera muturrekoa da

Askotan pentsatzen al zenuen: «Eta nik zer egiten dut hemen?».

Hori pentsatzea ohikoa da! Batez ere lehen bost egun horietan pentsatu nuen. Behin martxan jarrita, aurrera egitea, bero mantentzea eta elikatzea besterik ez genuen buruan.

Esan duzu espedizioak alde zientifikoa ere bazuela, baina crowfounding batera jo behar izan zenuten espedizioa finantzatzeko.

Hori izan zen gauzarik zailenetako bat. Dena oso konplexua izan zen, eta espedizioan egon ginenok ez genuen euro bat ere kobratu egindako lanarengatik. Halako batean, bazirudien espedizio guztia bertan behera geratuko zela. Kanpaina bat egin behar izan genuen kometen erosketa diruz laguntzeko. Pena handia ematen zidan egoerak, eta amorru eta ulertezintasun nahasketa bat sortzen zidan guztiak. Ez genuen inolako etekin ekonomikorik bilatzen espedizioarekin. Gure lana zientziaren eta ikerketaren esku bakarrik jartzen genuen, baina ezta horregatik ere! Hori da benetako errealitatea. Eskerrak azkenean espedizioaren zati bat Monakoko Alberto Printzearen Fundazioak, Europako Espazio Agentziak eta Espainiako proiektu zientifikoren batek finantzatu zuten.

Erakundeei horrelako espedizioak ez zaizkiela interesatzen uste duzu?

Ez nuke jakingo egia esaten. Oso zaila da erakundeetan interesa sortzea. Espedizioa amaitu ondoren, hedapen handia izan zuen, eta Espainiako Zientzia ministroak interesa izan zuen lortutako emaitzekin, etorkizunerako proiektuei begira. Harekin izandako elkarrizketen ondorioz, une batean, etorkizunerako ingurune egokia sortu zen, eta bazirudien etorkizunerako beharrezko diru laguntza bat jasoko genuela, baina gero pandemia iritsi zen, eta badirudi dena oso geldirik dagoela. Aurtengorako pentsatuta geneukan guztia ez da egingo.

Mendiko gidaria ere bazara. Ba al dago mendi gidaren kulturarik zuren inguruan?

Ezetz esango nuke! Frantzia, Italia edo Suitza bezalako herrialdeek oso errotuta dute beren kulturan. Halere, azkenaldian gora egiten ari dela uste dut. Egia da mendiko gidariaren soslaia ere aldatu egin dela, eta orain mendian gidari ona izateaz gain, beste gauza batzuk ere egin behar direla, hala nola amildegietako jaitsierak edo mendiko eskia. Pixkanaka-pixkanaka hobera doala uste dut. Hemendik aurrera agertoki berri honekin nola funtzionatzen dugun ikusi beharko dugu.

Gaur egun, mendiko gidari gisa bizi daiteke?

Uste dut baietz, baina ez da batere erraza. Ni, adibidez, oso arlo zehatz konplexu batean espezializatu naiz: gidari polarrean, hain zuzen ere. Nik egiten ditudan jarduerak eskualde polarretan zentratuta daude, eta horietan espezialista bihurtu naizela esan daiteke. Oso gidari ezohikoa naiz, oso gauza arraroak egiten ditut ohiko gidari gehienentzat. Eskualde polarretan lan egiteak balio erantsia ematen didala esan daiteke, eta hori lagungarria izan daiteke.

Etorkizunean espedizioren bat egiteko asmorik baduzu?

Hainbeste ditut! Ezin dizut bat bakarrik esan, eta are gutxiago aurrean dugun etorkizunarekin. Gauza asko egin nahi ditut, baina denboraren, diruaren eta urtearen arabera, gauza bat edo bestea egingo dut. Hori bai, beti izango da eskualde polarretan. Gauza asko ditut buruan; esaterako, Ipar-mendebaldeko pasabidean, Kanadako artikoan, Groenlandian... Ikusiko dugu zeri heltzen diodan azkenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.