Denboraldi honetako mendi eskiko Espainiako Kopak euskal herritarrak izan ditu beste behin protagonista nagusi. Gizonezkoetan, Iñigo Martinez de Albornoz donostiarrak nagusitasunez irabazi du; Igone Campos zumarragarrak, berriz, bigarren postuan amaitu du emakumezkoetan. Bi asteburutan jokatu dira probak, eta hiru modalitatetan lehiatu dira eskiatzaileak. Banakako lasterketa bat izan da, esprinteko beste bat eta bi kronoigoera.
Sierra Nevadako (Espainia) eski estazioan izan zuen estreinako proba 2020ko Espainiako Kopak, abenduaren14-15eko asteburuan. Bertan, Iñigo Martinez de Albornozek jokoan ziren bi modalitateetako probak irabazi zituen: esprinta eta kronoigoera. Erakustaldia eman zuen. Bertan lortutako aldearekin, Boi Taulleko (Herrialde Katalanak) bigarren eta azken proban jokoan ziren beste bi modalitateetan eustea besterik ez zuen behar izan kopa irabazteko.
Igone Camposek, berriz, berretsi du gorakada etengabean doala mendiko eskian. Iazko denboraldian jada erakutsi zuen, eskarmentua biltzearekin batera, emaitzak iritsiko zirela. Ez du denbora askorik behar izan hori berresteko. Sierra Nevadan erakutsi zuen sasoi onak segida izan zuen Boi Taullen —urtarrilaren 18-19an jokatu zen proba hori— eta azken sailkapenean, Ana Alonso espainiarra izan zuen bakarrik aurretik. Espainiako Kopan lortutako emaitzekin, Martinez de Albornoz eta Campos Espainiako selekzioarekin lehiatu dira asteburuan, Andorran jokatu den Munduko Kopako proban.
Euskal selekzioko hautatzaile Igor Alzelaik oso balorazio ona egin du Martinez Albornozen eta Camposen jardunaz. «Sierra Nevadan maila handia erakutsi zuten Iñigok eta Igonek, eta horrek balio izan die goian amaitzeko. Boi Taullen, Camposek kronoigoera bikaina egin zuen, eta, emaitza horrekin, Espainiako selekzioarekin lehiatzeko aukera izan du. Oso emaitza ona da». Gazteekin ere oso pozik amaitu du. Selekzioan jende berria sartzea lortu du hautatzaileak. Iazko martxoan egindako probetatik, lau eskiatzaile berri izango ditu bere esanetara hurrengo lehiaketetan, eta, etorkizunari begira, «itxaropentsu» dago. Asteburuan, Candanchun (Espainia) jokatuko den Euskal Herriko Kopako lehen proban egingo dute debuta, banakako proban.
Onenekin lehiatzeko moduan dira
Beste formatu batekin jokatu da aurten mendiko eskiko Espainiako Kopa. Bi asteburutan jokatu dira probak, eta punta-puntan ibili dira beste behin euskal eskiatzaileak. Iñigo Martinez de Albornoz lehena izan da gizonezkoetan, eta Igone Campos bigarren emakumezkoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu