Omenaldia bidea urratu zutenei

Ostiralean, Tximist espedizioko kideak omentzeko ekitaldia izango da Gasteizko Europa jauregian, EMMOAk antolatuta. Bizirik geratzen direnak eta joan direnen senideak elkartuko dira. Hilaren 27an, berriz, erakusketa bat zabalduko dute Amarica aretoan.

1974ko Tximist espedizioa
Tximist espedizioko taldekideak. ANGEL LERMA / TXIMIST ESPEDIZIOA
ramon olasagasti
2024ko ekainaren 18a
19:00
Entzun

Angel Vallejo Rosen ez zen halako ekitaldien oso zalea, ez zen oso jendartekoa, Juan Vallejo semeak aitaren agurrean esan zuen moduan, baina ostiral honetan Gasteizko Europa biltzar jauregian egon nahi zuen. Herrian bertan, aspaldiko lagunekin, duela 50 urte Everesteko Tximist espedizioan kide izan zituen adiskide zaharrekin. Gustura egingo zuen topa, aspaldiko garaiengatik, baina zoritxarrez, hamar egun lehenago joan zen Rosen. «Joan badoan historia» titulatu zuen EMMOAk, Euskal Mendizaletasunaren Museoaren Aldeko Fundazioak, sare sozialetan kaleratutako mezua. Historia egin dutenak badoaz, historia bera hor geratzen da ordea, eta, horregatik, 50 urte geroago, EMMOA fundazioak berak, omenaldia egin nahi izan die bidea urratu zuten haiei guztiei.

Omen ekitaldia 19:00etan izango da, Gasteizko Europa biltzar jauregian. Irekia da, bertaratu nahi duten guztientzat, aretoaren edukiera bete arte, gaur arratsaldeko aurkezpenean jakinarazi dutenez.

Hamasei kide izan ziren 1974ko Tximist espedizioan: Juan Ignacio Lorente, Angel Vallejo Rosen, Luis Mari Saenz de Olazagoitia Petxu, Pako Lusarreta, Rodolfo Kirch, Angel Landa, Felipe Uriarte, Txomin Uriarte, Julio Villar, Ricardo Gallardo, Luis Mari Abalde, Alfonso Alonso, Juan Kortazar, Juan Carlos Fernandez de la Torre, Fernando Larruquert eta Angel Lerma, azken biak filmaketa lanetan. Hamasei haietatik zazpi geratzen dira bizirik: Felipe Uriarte, Saenz de Olazagoitia Petxu, Txomin Uriarte, Julio Villar, Luis Mari Abalde, Juan Carlos Fernandez de la Torre eta Angel Lerma. Zazpiak izango dira ostiralean Europa Jauregian, eta haiekin batera, falta direnen senideak, semeak, alabak, alargunak...

Ate bat ireki zuten haiei, bidea zabaldu zutenei, jakin gabe historiaren ondare hori beren motxiletan eraman zuten haiei aitortza egitea da asmoa. «Tximist espedizioa izan zen bide guztiak ireki zituena, urte batzuen buruan, 1980ko igoera egiteko oinarria jarri zuena, eta euskal mendizaletasunari Himalaiarako atea zabaldu ziona. Haren ondotik etorri zen, nolabait, uholdea», onartu du Txomin Uriartek, espedizio hartako kide eta gaur egungo EMMOA fundazioko kideak. Horregatik guztiagatik da omenaldi hau, 50 urteren buruan.

Tximist espedizioko kideei egingo zaien omenaldiaren aurkezpena
Ekitaldiaren aurkezpeneko argazkia. Ezker-eskuin: Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatua, Luis Mari Saenz de Olazagoitia espediziokidea, Javier Antunez EMMOAko kolaboratzailea eta ekitaldiaren sustatzailea eta Ana Lopez de Uralde Gasteizko Udaeko Kirol eta Osasuneko zinegotzia.

Espediziokide eta senideez gain, omenaldian izango dira Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Ana del Val Arabako Foru Aldundiko Kultura diputatua eta Nekane Zeberio, Eusko Jaurlaritzako Kabinetearen eta Gizarte Hedabideen zuzendaria. Zigor Egia EMFko lehendakariak amaituko du ekitaldia, eta oroigarri bana emango die espediziokide eta senideei.

Erakusketa, Amarica aretoan

Ostiraleko ekitaldiaren ondoren, hilaren 27an Tximist espedizioari buruzko erakusketa inauguratuko da Gasteizen bertan, Amarica aretoan, eta irailaren 30era arte izango da ikusgai. Ondoren, abenduan, Bilbon, Mendi Film jaialdian ikusi ahal izango da. Erakusketak 20 panel izango ditu, urratsez urrats espedizioaren hezurdura eta arima zer izan zen azaltzeko: eskaladaren eta alpinismoaren hastapenak Euskal herrian; 1967ko Andeetako espedizioa; xerpa herria; aurrez aurre erraldoiarekin; ia zerua ukitu zutenekoa...

1974ko Tximist espedizioa
1974ko espedizioko lehen kanpalekua, Khumbuko mendien behatoki aparta. ANGEL LERMA / TXIMIST ESPEDIZIOA

Erakusketan, argazki, panel eta testuez gain, EMMOAk bildutako material ugari izango da. Espediziokideen jantziak, materiala, erabili zituzten oxigeno bonbonetako bat, 1974rako berariaz prestatu zuten maketa erraldoia... Gutxitan ikusi ahal izan diren altxorrak ere bai, hala nola Petxu Olazagoitiak Izotz Jauzitik berreskuratutako eskailera zati bat, 1953an Everest lehen aldiz igo zuen espedizio britainiarrarena, edo Tenzing Norgayren alabetako batek, Nimak, brodatutako Nepaleko bandera bat. «Raymond Lambert suitzarrak urtebete lehenago (1952) Tenzingekin berarekin Everestera eginiko espediziorako propio brodatu zuen bandera alabak, eta 8.500 metrora eraman zuten Lambertek eta Tenzingek. 1971n, Lamberten etxean egon nintzen Genevan, Tximisterako informazioa eskuratzen, eta berak oparitu zidan bandera», jakinarazi du Txomin Uriartek.

Horrelako txatalez josten da historia, baina beti dago bidea urratu duen aurrendari bat puntada horiek ematen. Haiei ohore egingo diete ostiraleko ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.