Felipe Uriarte
FUJI SAN-ETIK GOSAIKUND-ERA

Oku-Hotaka-Dake 3.190 m

2024ko irailaren 25a
05:00
Entzun

«Herenegun 09:45ean hartza ikusi zen Mjonyinkane». Bide hasieran ikusi dugun iragarkia gehiagotan agertuko zaigu aurrera egin ahala. Kamikochin, Japonia osoan bezala, hartz beltza bizi da. 05:50ean utzi gaitu Kazuk Ankashinako tren geltokian. Hor hartu dugu Matsumotorako0 6:02ko trena. Matsumoton, 06:40ko trenak Shin Shimashimara eraman gaitu, eta handik, autobusak, Saburoraino. Han hartu dugu azken autobusa Kamikochira. Goizeko bederatziak ziren ziropez bustitako opiltxo plater baten aurrean eseri garenean, Kamikochiko kafetegi batean. Orain, ordubete geroago, Tokusawa Lodge dotorearen balkoipean gaude, euri-jasari begira. Atertu ondoren abiatu gara; Yokoo zubian tximu kuadrilla batekin egin dugu topo. Kontuz ibiltzeko aholkatu digute, hobe haiei zuzenean ez begiratzea, haserretu eta eraso egin diezaguketelako.

Karasawa aterpean gaudelarik, euria berriro. Ezin ditugu ikusi handik gora dauden hirumilako 9 gailurrak. Ez gaude gaizki halere, gure garagardoen aurrean!

Tximinoak Japoniako Oku-Hotadake mendira bidean
Tximinoak Japoniako Oku-Hotadake mendira bidean. FELIPE URIARTE

Bostetan gosalduta, 05:30ean gora bidean gaude, Oku-hotadake Japoniako hirugarren gailurraren bila, lainoetan murgildurik. Ordubeteren ondoren, euriak kolpatu gaitu. Zortea dugu, horma baten pean aurkitu dugu babesa. Bizkarra horman itsatsirik dugula, tximu kuadrilla igaro da, lasai euripean. Zeharka begiratu, eta irribarre maltzurretan ulertu diegu kaletar buru handi ustelak gutaz trufaka ari direla.

Matsumotora itzultzeko autobusean eserita, tristura dugu gure bihotz ñiminoetan, Oku-Hotadakera ailegatu ez garelako.

Mendi gailur batera abiatzen garenean, mendiaren gonbidapenari kasu egiten diogu, harremana sortzen baita, mendia eta mendizalearen artean. Batzuetan ezin izaten da gonbidapena bete. Baina beti, hor izango dugu gonbidapena, gure zain. Baita Oku-Hotadakerena ere. Kasu honetan urrun samar, tamalez. Edo zorionez?

Hiroshima (Japonia)
2024ko irailaren 23a

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.