Amaitu da Skyrunner World Series Merrell zirkuitua: 21 proba izan dira guztira, azkena asteburu honetan, Castelloko (Herrialde Katalanak) Marato dels Dements proba (42,5 km, 3.800 m+), zirkuitu horretako Skymasters finala. Anastasia Rubtsova errusiarra eta Roberto Delorenzi suitzarra izan dira irabazleak, bai zirkuitu osoan, bai azken final horretan. Biek ala biek, gainera, hautsi egin zituzten proba horretan orain arte izan diren errekorrak.
Oihana Kortazarrek proba bikaina egin zuen Marato dels Dements maratoian, eta munduko onenen pare dagoela erakutsi zuen, beste behin. Lasterketaren lehen erdian, orpoz orpo ibili ziren Kortazar bera eta Rubtsova, Julia Font (Herrialde Katalanak) atzetik zutela. Erdialdetik aurrera, ordea, errusiarrak beste martxa bat zuela erakutsi zuen, eta aurrea hartu zien aurkari guztiei. Font izan zen bigarren, bi minutura, eta Kortazar hirugarren, zortzi minutu eskasera.
Berrogei urte bete dituen honetan, Skyrunner World Series zirkuituko sailkapen nagusian laugarren izan da Oihana Kortazar. Gorges Du Tarn lasterketan garaile izan zen, Madeiran bigarren, Espainiako Sobrescobio lasterketan bigarren, Espainiako Acantilados del Norte eta Italiako Maga Skymarathon probetan hirugarren... Atera den guztietan beti goiko postuetan ibili da korrikalari elgetarra, eta hortik azken sailkapeneko laugarren postu hori.
Lide Urrestarazu ere bikain aritu zen larunbateko finalen, Marato dels Dements tekniko eta gogorrean, eta hamargarren helmugaratu zen azkenean. Korrikalari ordiziarra bikain ibili da aurten Skyrunner World Series zirkuituan. Bi probatan irabazle izan da, denboraldiaren hasieran La Palma uharteko Acantilados del Norte proban, eta denboraldiaren amaieran, Malaysian, Kailas Penang Skyrace lasterketan, eta, garaipen horiei eskerrak, zazpigarren izan da sailkapen nagusian.
Iñarra, Zunzunegi, Lopetegi...
Gizonezkoetan, Roberto Delorenzi suitzarrak ez zuen hutsik egin. Hasierako kilometroetan, Ruy Ueda japoniarrak hartu zuen aurrea, Frederic Tranchand eta Roberto Delorenzi oso gertutik jarraika zituela, baina lasterketaren bigarren zatian Delorenzik aurrera jo zuen, eta ondo eutsi zion Luca Del Pero italiarraren eta Manuel Merillas espainiarraren presioari. Hurrenkera horretan helmugaratu ziren hiru aurrenekoak.
Nabarmentzekoa munduko onenen artean beste hainbat euskal korrikalarik eginiko lasterketa ere. Gizonezkoetan, Ander Iñarra 11. izan zen sailkapen nagusian, eta Skyrunner World Series zirkuituan sailkapen nagusian hamabigarren izan da azkenean. Aitor Zunzunegi eta Goar Lopetegi biak batera helmugaratu ziren, ikurrinarekin, 15. eta 16. postuetan, eta besarkada estuan lotu ziren helmugako lerroa gurutzatu orduko. Ioseba Eskudero 23. izan zen, eta Aitor Blanco erretiratu egin zen lesioagatik. Emakumezkoetan, Ainara Alcuaz 14. izan zen, Ainhoa Intxausti 21. eta Oihana Zubillaga 22.
Marato dels Dements maratoiko sailkapenak eta Skyrunner World Series zirkuituko sailkapenak.