Oihana Kortazar eta Xabier Macias garaile Kilimon Trailen

Enkarterri Extrem ultran Ainara Arkarazo eta Jokin Garcia Garcia de Vicuña izan dira irabazle. Skyrunner World Serieseko Calamorro Skyrace lasterketan, berriz, hamar aurrenekoen artean sartu dira Lide Urrestarazu eta Aitor Blanco.

Kilimon Trail 2025
Amaia Intxausti, Oihana Kortazar eta Oihane Unzalu, Mendaroko helmugan. BARREN
ramon olasagasti
2025eko apirilaren 7a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Mendi lasterketen Euskal Herriko Kopako bi proba egin dira asteburu honetan: batetik, lineako lasterketetan bigarrena, Mendaroko (Gipuzkoa) Kilimon Trail (23 km), eta, bestetik, ultren egutegiko lehena, Enkarterri Extrem (60 km).

Ohiko moduan, larunbat arratsaldean egin zen Kilimon Trail, Mendaroko plazatik hasi eta buka. Eguraldia lagun izan zuten korrikalariek, eta plazan ez ezik mendian ere jende asko elkartu zen mendizaleak animatzera.

Lasterketa luzean, Oihana Kortazar elgetarra (Gipuzkoa) izan zen garaile (2.21.13). Bigarren Ainhoa Intxausti segurarra (Gipuzkoa) helmugaratu zen (2.35.04), eta Oihane Unzalu abadiñarra, hirugarren (2.35.37). Laugarren herriko alaba izan zen, Maite Maiora (2.38.35). Txalo eta animo artean helmugaratu zen Maiora, eta haren atzetik, Sara Gutierrez gasteiztarra (2.39.00).

Kilimon Trail 2025
Gizonezkoen podiuma. BARREN

Gizonezkoen artean estuagoa izan zen lehia, baina azkenean Xabier Macias Cipriain iruindarra izan zen garaile (2.05.49). Helmugaratzen hurrengoak Sergi Padulles (Berga, Katalunia) eta Iraitz Legorburu (Getaria, Gipuzkoa) izan ziren, biak eskutik helduta (2.07.56). Mestafa Mahoud basauriarra eta Mikel Unda Garamendi bilbotarra ere podiumera igo ziren, aurreneko bostak saritu baitzituen Kilimon Traileko antolakuntzak.

Lasterketa luzekoek 23 kilometroko ibilbidea osatu zuten, eta bidean, Gaintxipia tontorrerako igoera ere kronometratu zieten. Igoera horretan Sergi Padulles izan zen azkarrena (0.03.45), Macias bigarrena eta Legorburu hirugarrena baino hamahiru eta hamalau segundo azkarragoa, hurrenez hurren.

Lasterketa motzean (11 km), berriz, Nerea Urteaga Sorazu zumaiarra (1.06.51) eta Ibon Badiola Lersundi ondarroarra (0.54.37) izan ziren garaile. Emakumezkoetan, Alaitz Egaña elgoibartarra eta Uxue Barrutia durangarra igo ziren podiumeko bigarren eta hirugarren koskara. Gizonezkoetan, berriz, Aner Zuluaga igorretarra eta Gaizka Arbizu berriozartarra izan ziren bigarren eta hirugarren.

Kilomon Trail probako sailkapen guztiak.

Lineako probetan, Euskal Herriko Kopako hurrengo proba Lakuntza-Aralar mendi lasterketa izango da, ekainaren 1ean.

Enkarterri Extrem

Larunbatean egin zen ultra distantziako Euskal Herriko Kopako lehen proba ere: Enkarterri Extrem. Enkarterrietako proba horretan hainbat distantziatako lasterketak egiten dira: 60 kilometrokoa, maratoia (42 km), trail distantziakoa (30 km) eta minitrail esaten diotena (10 km).

2025eko Enkarterri Extrem probako bi aurrenekoak
2025eko Enkarterri Extrem probako bi aurrenekoak: Jokin Garcia eta Ainara Arkarazo.EMF

Ultran edo distantzia luzean, Ainara Arkarazo abadiñarra (Bizkaia) eta Jokin Garcia Garcia de Vicuña aguraindarra (Araba) izan ziren garaile. Emakumezkoetan, Irati Ortiz de Anda helmugaratu zen bigarren, eta Eva Lizarralde, hirugarren. Gizonezkoetan, berriz, Gaizka Sotil eta Arkaitz Hualde igo ziren podiumeko bigarren eta hirugarren koskara, hurrenez hurren. Horrenbestez, Ainara Arkarazo eta Jokin Garcia dira behin-behineko liderrak Euskal Herriko Kopako sailkapenean ere.

Maratoiko distantzian, Miriam Llop eta Xabier Berasategi gailendu ziren. Trailean (30 km), berriz, Ziortza Llano eta Markel Urigoitia. Eta 10 kilometroko trail txikian, azkenik, Marian Lucera eta Pello Garcia de Andoin.

Enkarterri Extrem probako sailkapen guztiak.

Ultra distantziako Euskal Herriko hurrengo proba Nafarroa Extrem izango da, Zubirin (Nafarroa), apirilaren 26an.

Urrestarazu eta Blanco, hamar aurrenekoen artean Calamorro Skyrace proban

Skyrunner World Series zirkuituko edo Munduko Kopako hirugarren proba ere jokatu da asteburu honetan Benalmadenan (Espainia), Calamorro Skyrace, eta hainbat euskal korrikalari lehiatu dira bertan. Probak 27,5 kilometro zituen, 2.270 metroko desnibela, eta ibilbide ikusgarria eta oso teknikoa.

Emakumezkoetan, Lide Urrestarazu seigarren izan zen Malagako proban. Korrikalari ordiziarra (Gipuzkoa) erregular ari da denboraldi hasiera honetan: zirkuituko lehen proban, Palma uharteko Acantilados del Norte lasterketan, laugarren izan zen, eta denboraldiko hirugarren proba honetan, berriz, seigarren. Emakumezkoetan, ezuste handi samarra gertatu zen. Denisa Dragomir errumaniarra zen faborito nagusia, eta hura joan zen lasterketaren buruan kilometro gehienetan, baina azken kilometroetan Patricia Pineda espainiarrak erasoa jo, eta atzean utzi zuen Dragomir. Hiru ordu eskasean osatu zuen proba Pinedak (3.01.51), eta Urrestarazuk hamar minutu gehiago behar izan zituen.

Euskal selekzioaren ordezkariak Calamorro Race lasterketan
Euskal selekzioaren ordezkariak Calamorro Race lasterketan. EMF

Gizonezkoetan, Luca Del Pero italiarraren eta Roberto Delorenzi suitzarraren arteko lehia ikusgarria izan zen. Zirkuituko lehen proban —Acantilados del Norte—, Del Perok lortu zuen garaipena, eta Calamorro Skyrace proban ere sasoi betean dagoela berretsi zuen. Italiarrak ondo kudeatu zuen une oro Delorenziren presioa eta harekiko aldea, eta suitzarrak iaz lortutako marka minutu batean ondu zuen, gainera (2.24.19).Nabarmentzekoa Aitor Blanco euskal selekzioko kideak lortutako hamargarren postua (2.38.32).

Calamorro Skyraceko sailkapen guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.