Mendi lasterketetako euskal selekzioaren asteburua izan da iragan den hau. Jaenen (Espainia) jokatu dira Espainiako txapelketak, eta kolore urdina gailendu da. Emaitzarik aipagarriena Oihana Kortazarren garaipena izan da, baina asteburuak beste izen esanguratsu batzuk ere utzi ditu; besteak beste, Maite Maiora, Asier Larruzea, Aritz Egea, Andrea Garai, Gontzal Murgoitio, Aitor Ugarte eta Jokin Lizeaga —hiru urteren ondoren itzuli da lehiara—. Taldeka ere euskal selekzioa izan da onena lineako txapelketan, bai emakumezkoetan, baita gizonezkoetan ere.
Iñaki Uribe-Etxebarria hautatzailea pozik dago emaitzekin: «Ezin genuen gehiago eskatu! Lehen hamarretan sartu dira bost emakume, eta izugarrizko emaitza da. Gauza bera esan dezaketgizonezkoetan ere, eta Lizeagaren itzulera oso esanguratsua izan da, emozioz betea. Uste dut korrikalarien arteko erreleboa ziurtatuta dagoela selekzioan. Korrikalari beteranoak eta gazteagoak aritzea izugarria izan da».
Larunbatean jarri ziren jokoan Espainiako txapelketak, La Magina Skyrace festan. Hasteko, igoera bertikala izan zuten korrikalariek. 2,9 kilometroko luzeran (+1.000 metro): Manuel Merillas (32.34) eta Virginia Perez (41.15) izan ziren azkarrenak. Euskaldunen artean, lasterketa izugarria egin zuten Asier Larruzeak (33.09) eta Andrea Garaik (42.17). Larruzea bigarren sailkatu zen, eta Garai, berriz, hirugarren. Taldekako bi txapelketak ere euskal selekzioak eskuratu zituen. Eta juniorretan, lan bikaina egin zuten Gontzal Murgoitiok eta Aitor Ugartek, podiumeko bigarren eta hirugarren postuan amaituta.
Igandeko lasterketan ere euskaldunak izan ziren protagonista nagusi. Inoizko mailarik handiena izan du aurtengo saioak, eta azken urteetan munduko hainbat lasterketatan garaipen batzuk lortutako zenbait korrikalari bildu zituen Jaengo lasterketak. Horien artean aipagarrienak Manuel Merillas, Virginia Perez, Zaid Ait Malek, Gemma Arenas, Jan Margarit, eta Oihana Kortazar, Aritz Egea, Maite Maiora, Asier Larruzea eta Jokin Lizeaga euskaldunak. Lizeagak, hiru urteren ostean, berriro ere dortsala jartzeko aukera izan zuen, 28,5 kilometroko luzera eta 2.300 metroko desnibel positiboko lasterketan.
Emakumeen arteko lehia ikusgarria izan zen. Azken urteetako txapelketarik estuena izan zen; eta Oihana Kortazar (3.06.22), protagonista nagusia. Laugarren txapelketa eskuratu du. Halere, ez zuen helmuga igaro arte arnasa lasai hartzeko aukera handiegirik izan, atzetik izan zituen hiru korrikalariak minutu baten barruanhelmugaratu baitziren. Maite Maiora bigarren sartu zen (3.06.30), Kortazarren ondoren, eta larunbatean kilometro bertikalean gailendu zen Virginia Perez aragoiarra sailkatu zen hirugarren (3.07.17). Kortazarrez eta Maioraz gain, lehen hamarretan sailkatu ziren Onditz Iturbe (bosgarren) eta Andrea Garai (hamargarren).
Gizonezkoetan, Manuel Merillas gaztelarrak sasoiko dagoela erakutsi zuen larunbateko igoera bertikala irabazita, eta igandean ere hura izan zen azkarrena. Merillas (2.34.19), Margarit (2.36.11) eta Aritz Egea (2.36.33) euskal selekzioko kidea izan zituen atzetik, hurrenez hurren. Euskaldunen artean, Larruzea bosgarren sailkatu zen, eta Lizeaga, berriz,zazpigarren.
Taldekako bietan, garaile
Bakarkako probez gain, taldekako biak ere irabazi zituen euskal selekzioak: gizonena eta emakumeena. Gizonetan, Egeak, Larruzeak, Lizeagak eta Beñat Katarainek lortutako puntuekin irabazi zuten, Kataluniakoen eta Gaztela eta Leonekoen aurretik; emakumeetan, Kortazarrek, Maiorak, Iturbek eta Garaik irabazi zuten.
Mendi lasterketa
Oihana Kortazar da Espainiako txapelduna
Euskal selekzioan taldeka irabazi du, emakumezko eta gizonezkoetan; Jaenen jokatu dira txapelketak, eta Jokin Lizeagak lehiari berrekin dio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu