Oier Ariznabarretak irabazi du Berako maratoi erdia, bederatzigarren aldiz

Emakumezkoetan, Ainara Urrutia gailendu da Manttale taldeak antolatutako probaren 19. ekitaldian; bigarren garaipena du. Arrasate-Udalatx maratoi erdian, berriz, Oihana Kortazar eta Ibai Larrea izan dira irabazle.

Oier Ariznabarreta Berako maratoi erdian
Oier Ariznabarreta, Berako maratoi erdian, Landagaineta inguruetan. ALBERTO BENITO
ramon olasagasti
2025eko apirilaren 15a
13:15
Entzun 00:00:0000:00:00

Martxa honetan, Berako (Nafarroa) seme kutun izendatuko dute Oier Ariznabarreta mendi korrikalaria (Durango, Bizkaia, 1983). Igandean bederatzigarren aldiz gailendu zen herri hartako mendi maratoi erdian. Mendiko lasterketen artean zaharrenetakoa da Manttale taldeak antolatzen duena, eta Ariznabarreta hemeretzi ekitaldietatik ia erdietan izan da irabazle. Kirolaz harago, Ariznabarretak Nafarroako herri horrekin eta hango jendearekin duen lotura maitasun harremana da kasik; izan ere, aspaldi honetan askoz lasterketa gutxiagotan aritzen da, baina Berakoa, ahal dela, ez du huts egiten.

Iaz ez zuen parte hartu, eta igandeko ekitaldian gogo biziz ekin zion probari. Bezperako euri jasek eta igandeko langarrak dezente lokaztu zuten Larhun ingurua, eta behe lainoak ere zaildu egin zuen Berako plazatik abiatu ziren 513 korrikalarien jarduna —502 heldu ziren helmugara—. Ariznabarretak bikain ezagutzen du ibilbidea, baita bere gorputza ere, eta une oro lasterketaren buruan zela osatu zuen proba. Helmugan, 1.45.08ko denbora egin zuen, baina ibilbidearen baldintzak zirela medio, ezin izan zuen bere errekorra hautsi (1.37.30). Unai Zialtzeta izan zen bigaren, bi minutu eta 12 segundora, eta Joseba Erro hirugarren (1.47.35).

Ainara Urrutia Berako mendi maratoi erdiko irabazlea
Ainara Urrutia Berako helmuga gurutzatzen. ANE MOLINERO

Emakumezkoetan, estuagoa izan zen lehia, azken bi ekitaldietako irabazleak nor baino nor gehiago aritu baitziren. 2023ko irabazle Ainara Urrutia eta Maddalen Jimenez iazkoa buruz buru aritu ziren tarte askotan. Urrutia joan zen aurrean denbora gehienean, baina atzetik aurrerako lasterketa egin, eta asko hurbildu zitzaion Jimenez. Azkenean, Urrutia izan zen garaile (2.07.59), Jimenez bigarren (2.08.52) eta Ainhoa Intxausti hirugarren (2.10.55).

Baldintzak ez ziren markak ezartzekoak, eta Ainara Urrutia nahiko urrun geratu zen Ainhoa Sanzek 2019an ezarritako errekorretik (1.56.56).

Probako argazkiak eta sailkapen guztiak, Manttale taldearen webgunean.

Kortazar eta Larrea, Arrasate-Udalatxen

Igandeko beste ekitaldi nagusia Arrasate-Udalatx mendi lasterketa izan zen, hori ere maratoi erdia. Probaren bederatzigarren ekitaldian, laurehun korrikalari abiatu ziren Arrasatetik, eguraldi kaskarrari aurre eginez.

Arrasate-Udalatx maratoi erdiko hiru aurrenekoak
Arrasate-Udalatx maratoi erdiko hiru aurrenekoak: Irune Velez de Mendizabal, Oihana Kortazar eta Onditz Iturbe. GOIENA KOMUNIKAZIO TALDEA

Emakumezkoetan, Oihana Kortazarrek bigarren aldiz lortu zuen garaipena Arrasaten, duela hamar urte berak irabazi baitzuen, lehen ekitaldian. Elgetarrak iaz bete zituen 40 urte, eta sasoi betean dagoela erakutsi zuen beste behin Udalatxen. Onditz Iturbe igorreztarrak (Bizkaia), 2022ko ekitaldiko irabazleak eta probaren errekorraren jabeak, asko estutu zuen, baina azkenean Kortazarrek hartu zion aurrea.

Udalatx gailurrean Kortazar igaro zen aurrena, Iturbe oso gertutik jarraika zuela. Txukurrillorako jaitsieran ez zuten gehiegizko arriskurik hartu nahi izan, eta elkarrekin joan ziren bi korrikalariak. Larragaingo haitzetan, Arrasatera sartzeko kilometro erdi eskas falta zela, Kortazarrek erritmoa bizitu eta tarte txiki bat atera zion bigarrenari, lehena helmugaratzeko nahikoa. «Garaipen hau izugarri baloratzen dut, onena ematera derrigortu naute eta», adierazi zuen Kortazarrek helmugan. Irune Velez de Mendizabal arabarra izan zen hirugarren, aurreko bietatik urrun, 11 minutura.

Gizonezkoetan, Ibai Larrea antzuolarrak iazko garaipena berritu zuen. Joan den urtean bezala, Meatzerrekara heldu orduko jo zuen erasoa, baina Aritz Egeak ondo eutsi zion oraingoan. Udalatik Udalatxerako igoeran ere urretxuarrak egin zuen denborarik onena (21.31), baina beheranzkoan, Larreak gehiago arriskatu,Egeari berriro aurrea hartu, eta  aldeari eutsi zion helmugaraino. Dani Izquierdo soriarrak, mendiko eskiko denboraldi ederra osatu eta gero, atzetik aurreranzko lasterketa egin zuen, eta bigarren egin zuen azkenean, Larrearengandik minutu bat eta 46 segundora. Egea helmugaratu zen hirugarren, irabazlearengandik bi minutu eta hamar segundora.

Arrasateko Mondraitz kirol klubak antolatzen du Arrasate-Udalatx mendi maratoi erdia, eta taldearen webgunean daude sailkapen guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.