Mendia

Nuptse eta Lhotse, batean

Alex Txikon Himalayara itzuliko da Juanra Madariaga eta Jose Carlos Tamayorekin batera, Nuptse eta Lhotse mendiak igotzeko asmoz. Herenegun abiatu ziren Madrilgo aireportutik.

Juanra Madariaga, Josune Ariztondo eta Alex Txikon Azkue Fundazioaren Euskararen etxean egindako aurkezpenean. ALEX TXIKON.
2013ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Alex Txikonek Laila Peak mendiaren historiako neguko lehen igoera egin zuenetik hilabete eskas pasatu da, eta jada, Himalayarantz bidaiatzen ari da berriro ere. Astelehenean aurkeztu zuen espedizio berria: hurrengo asteetan Nuptse (7,861 m) eta Lhotse (8,516 m) mendien gailurretara igotzeko helburua dute. Alpinista lemoarrak apenas eskaini dion denbora atseden hartzeari, eta maila handiko beste proiektu batean murgildu da. Azkue Fundazioaren Euskararen Etxean egin zuen aurkezpena, espediziokide izango dituenekin batera, Jose Carlos Tamayo eta Juanra Madariagarekin. Horiez gain, Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatua eta Sabin Anuzita Bilboko Udaleko Euskara, Gaztedi eta Kirol zinegotzia egon ziren aurkezpena babesten.

Txikonek igoko duen hurrengo zortzimilakoa izan daiteke Lhotse, guztira hamargarrena. Horrela, hamalau zortzimilakoak igotzen alpinista gazteena izan nahi du Lemoakoak. Lhotse munduko mendirik garaienen artean laugarrena da, baina ez da hori izango Txikonen jomuga bakarra. Mendiarekiko duen konpromisoaren barnean, beste erronka bat gehitu nahi izan dio espedizioari: Nuptse, oso gutxitan igotako mendi eder bezain beldurgarria. Juan Vallejo, Mikel Zabalza eta Alberto Iñurrategi Euskal Herriko alpinistak saiatu ziren iaz Nuptsera igotzen britainiarren bidetik, baina tontorretik metro gutxira zeudela hartu behar izan zuten beherako bidea. Ez ziren gailurrera iritsi, baina, hala ere, lan polita burutu zuen Bat Basque Team espedizioak. Txikonek ere britainiarren bidetik igotzeko asmoa du, baina gainontzeko bideak ez ditu alde batera utziko mendiaren baldintzak ikusi arte.

Txikon Nuptseren gailurrera igotzen lehen euskal herritarra izaten saiatuko da. «Espedizio honek mendia begiratu eta ikusteko modu desberdin bat islatzen du. Nuptse mendi ederra da, eta nik ere ez dakidan zerbaitengatik erakarpen berezia du niretzat», adierazi du alpinista bizkaitarrak. «Nuptse eta Lhotsek bikote perfektua osatzen dute; Lhotse eskalada klasikoagoa da, eta Nuptsek, berriz, estilo alpinoagoa du, erronka abangoardistagoa, konpromiso handiagoa du». Hala ere, Lhotseri ez zaiola garrantzia kendu behar azpimarratu du Txikonek, munduko mendi garaienetakoa baita.

Bai Lhotsek eta bai Nuptsek Everestekin banatzen dute behe kanpalekua, eta Txikon bederatzi zortzimilakotara igo den arren, ez da oraindik Everesten behe kanpalekuan izan. Han bildu ohi den alpinista kopuruak ez du zerikusirik Laila Peaken bizi izandako bakardadearekin: «Badakigu jende asko egongo dela behe kanpalekuan; horregatik, nabarmen gelditu gabe gurean zentratu eta gozatzen saiatuko gara», dio lemoarrak. «Pozik nago, aspaldi ikusi gabeko lagun batzuk egongo baitira bertan: Denis Urubko, Alexey Bolotov, Carlos Pauner eta beste hainbat». Nuptse igotzen ahaleginduko dira lehenik, eta gero Lhotse.

Josune Ariztondo Bizkaia gailurretan-Bilbotik Lhotsera Euskaraz espedizioaren aurkezpenaz baliatu zen Azkue Fundazioak Txikonekin sinatutako elkarlanerako akordioa argitaratzeko. Txikonek bere erronka eta abenturak gizarteari zabaltzeko bideoak grabatuko ditu egunez egun, eta Azkue Fundazioa arduratuko da sare sozialen bitartez zabaltzen. Betiere euskaraz, euskal hizkuntza edozein lurraldetara iristeko gai dela erakutsi nahi baitu Azkue Fundazioak Txikonekin elkarlanean.

Laila Peakeko espedizioarekin hasi zen elkarlanak luze iraungo du, Nuptse-Lhotsera ez ezik, K2 (aurten), Everest, Kanchenjunga eta Nanga Parbatera joateko asmoa baitu Txikonek.

Sabin Anuzitak adierazi zuen dena ez dela futbola, eta Euskal Herrian dagoen federatu kopuru adierazgarriari egin zion erreferentzia. «Kirol gutxik transmititzen dute hain modu indartsuan esfortzua, talde lana, sakrifizioa eta gainditzeko nahia», adierazi zuen Anuzitak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.