Noiz atertuko zain

Eguraldiak hobera egin arte ez diete berriro ekingo Alberto Zerain eta Mariano Galvan bilatzeko lanei; larunbatetik ez dago haien berririk

Alberto Zerain, Dhaulagirin, iaz. BERRIA.
Erredakzioa
2017ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Etenda daude Alberto Zerain eta Mariano Galvan bilatzeko lanak. Eguraldi txarrak zapuztu egin ditu joan den larunbatetik Nanga Parbaten (8.126 metro) galduta dauden bi alpinistak erreskatatzeko ahalegin guztiak. Saiakera bakarra egin ahal izan dute orain arte, herenegun goizean, baina ustela izan zen, hodei asko zegoenez, ez zelako lurra ikusten. Hala, hiru orduko bira egin ostean, helikopteroa Skardura (Pakistan) itzuli zen.

Atzo ziren egitekoak bigarren ahalegina, helikopteroz berriro, baina abiatu aurretik utzi zuten bertan behera, berriro eguraldi txarragatik. Erreskate lanak antolatzen ari direnek espero dute asteburuan eguraldiak hobera egitea, eta horrela aukera izatea helikopteroan irten eta bi mendizaleak bilatzeko lanean buru-belarri jartzeko. Alex Galvan alpinista errumaniarraren laguntza ari dira izaten lan horietan.

Orduek aurrera egin ahala, gero eta handiagoa da kezka eta ezinegona. Mendizaleen senitartekoek eta espedizioaren antolatzaileek itxaropenari eusten diote. Haien kokapenaren berri ematen duen gailua bateriarik gabe geratu dela pentsatu nahi dute.

Garaierak baino gehiago—6.400 metrotik gora zeuden haiekin kontaktua galdu zen azken aldian—, gailurrera igotzeko aukeratutako bideak sortzen du kezka, Mazeno ertza biderik zailena baita. Behin bakarrik igo dira Nanga Parbateko tontorrera bide horretatik, eta orduan ere komunikazio arazo asko izan zituzten espedizio hartako kideek. Hemezortzi egunez egon ziren desagertuta, baina, azkenean, onik iritsi ziren beheko kanpalekura. Aurretik gertaturiko horri heldu beharra dago itxaropenari eusteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.