Nirmal Purja salatu dute, sexu jazarpenagatik

Gidari nepaldar-britainiarraren erasoak salatu dituzte gutxienez bi emakume alpinistak, 'The New York Times' egunkarian argitaratutako erreportaje batean. Hainbat mendizalek eta agentziak babesa azaldu diete salaketa egin duten alpinistei.

NIRMAL PURJA
Nirmal Purja, 2019ko maiatzean, Katmandun, 31 egunean sei zortzimilako igo ondoren, prentsaurreko bat ematen. NARENDRA SHRESTHA
ramon olasagasti
2024ko ekainaren 7a
12:30
Entzun

Nirmal Purja jatorri nepaldarreko alpinista eta militar britainiarra (Myagdi barrutia, Nepal, 1984), Nims edo Nimsdai ezizenekoa, mendiaren munduan aspaldi sortu den izar mediatiko handienetakoa da: 2019an 8.000 metrotik gorako munduko hamalau tontorretara igo zen zazpi hilabetetan, baina estiloak mendi giroko askoren kritika harrotu zuen: oxigenoa erabili zuen mendi gehienetan, helikopteroarekin joan zen batetik bestera, xerpa talde indartsu batek ekipatzen zuen bidea bera iristerako... 2020an, K2ko neguko lehen igoera egin zuen xerpa talde indartsu batekin; 24 espedizio egin ditu zortzimilakoetara, eta berak dio guztietan iritsi dela gailurrera... Red Bull, Nike, Grivel, Scarpa, Osprey eta marka handi askoren irudia ere bada. Hark idatzitako Beyond Possible liburua eta Netflixeko filma oso arrakastatsuak izan dira, eta Instagrameko haren kontuak bi milioi jarraitzaile baino gehiago ditu...

Azken asteotan, ordea, polemikaren begian dabil. Berriki, xerpa entzutetsuaren aurkako salaketa egin dute gutxienez bi emakumezkok, sexu jazarpenagatik, The New York Times egunkariak argitaratutako erreportaje batean. «Emakumezko alpinistentzat, elur-jausiak eta ekaitzak baino zerbait gehiago dira arriskuak» izenburua du Anna Callaghan eta Jenny Vrentas kazetariek sinatutako erreportajeak, eta, idatzian, eskalada eta alpinismo giroko hainbat sexu abusu eta jazarpen salatzen dituzte egileek, tartean Nirmal Purjak egindakoak. Ikerketa baten arabera, «emakumezkoen %47k eta gizonezkoen %16k adierazi dute nahi gabeko sexu portaerak jasan zituztela eskalatzen edo mendian zeuden bitartean», dio artikuluaren egileak.

Erreportajean, Nirmal Purjarekin bizi izandako «esperientzia desatseginen» berri ematen dute bi alpinistek. Lotta Hintsa finlandiarra da emakume horietako bat, 2019-2020ko neguko Broad Peakeko espedizioan Denis Urubko eta Dan Bowieren taldekide izandakoa. Hintsak azaldu duenez, Nirmal Purjak eraso egin zion 2023ko martxoan, Katmanduko hotel bateko gelan. Espedizio bateko lankidetzari buruz hitz egitera gonbidatu zuen Purjak mendizale finlandiarra. Behin gelan, ordea, ohera eraman nahi izan zuela jakinarazi du Hintsak, eta arropa kendu nahi izan ziola. Une batean, bularretakoa kendu nahi izan zionean, irmo aurre egin ziola azaldu du Hintsak, eta orduan, sexu harremanik ez zela izango jabetuta, haren ondoan masturbatu zela Purja.

Beste testigantza April Leonardo mediku eta mendizale estatubatuarrarena da. Nirmal Purjak sortutako Elite Exped enpresaren bezero izan zen Leonardo 2022ko udan K2ra egindako espedizio batean. Nirmal Purjak, une jakin batean, haren dendan sartu eta indarrez musukatu zuela jakinarazi du Leonardok, eta «edukiko zaitut» esan. Kanpaleku nagusian bertan, beste egun batean, haren dendan sartu eta sexu harremanak izatera hertsatu zuela jakinarazi du Leonardok, baina berak ezetz esan ziola. Estatubatuarrak azaldu du Nirmal Purja hirugarren aldiz ere hurbildu zitzaiola, «noiz zamalkatu ahal izango zaitut?» galdezka.

Bi kasuetan, emakumeek adierazi dute «babesgabe eta zaurgarri» sentitu zirela Nimal Purjaren indar fisikoaren aurrean; izan ere, Britainia Handiko armadan trebatutako militarra da Purja. Bi alpinistek gaineratu dute gertatutakoa azkar ahaztu nahi izan zutela hasieran, «baina zauriek bere horretan diraute».

Erreakzio ugari

The New York Times-k argitaratutako erreportajearen ondotik, erreakzio ugari izan da, eta Lotta Hintsak jakinarazi du emakumezko asko jarri direla berarekin harremanetan «antzeko esperientziak izan dituztela jakinarazteko». Hori dela eta, «mendian ere portaera horiek aldatuko badira», argitara ateratzeko deia egin du Hintsak.

Ameriketako Estatu Batuetan ere, hainbat mendizalek eta agentziak babesa azaldu diete salaketak egin dituzten emakumezko alpinistei. Adrian Ballinger mendi gidariak, adibidez, mezu hau zabaldu du Instagrameko bere kontuan: «Urteak daramatzat mendian lanean, eta badakit non dagoen egia. Bada garaia argitara ateratzeko. Emakumezkoentzat mendiak eremu segurua eta berdintasunezkoa izan behar du, guretzat den bezala». Ondotik, beste hainbat alpinistak, gidarik eta agentziak argitaratu dituzte mezuak sareetan, Madison Mountaineering, Melissa Arnot Reid, Adventure Consultants, Furtenbach Adventures, AW Expeditions, Climbing The Seven Summits eta beste hainbatek.

Kilian Jornetek berak ere Lotta Hintsak eta beste hainbat emakumezkok agertutako «adorea» nabarmendu du X sare sozialaren bidez bidalitako mezu batean: «Artikulu horretan, emakumezkoek goi mendiko inguruneetan dituzten arriskuak nabarmentzen dira, sarritan far west baten antzekoak batira, eta anarkia sentipena erabatekoa da haietan. Mendizale komunitateko kide naizen aldetik, gure ardura da emakumezkoentzat ingurunea segurua izan dadin bermatzea. Horrek esan nahi du salatu egin behar ditugula gertatutako edo ikusitako erasoak, eta bermatu egin behar dugula agintean daudenek –sarri gidari edo espedizioburu rolak dituzten gizonezkoak– ingurune segurua sortzen eta mantentzen dutela».

Nirmal Purjak ukatu egin ditu salaketa guztiak, eta mezu bat bidali du Instagrameko bere kontuan, bere abokatuaren bidez: «Salaketa izugarriak egin dira albiste batean, eta Nimsek inolako zalantzarik gabe ukatzen du ezer txarrik egin izana. Salaketa horiek difamatzaileak eta faltsuak dira». Adierazi du ez diola uko egin The New York Times-ek elkarrizketatzeari, artikuluaren egileek diotenaren aurka, eta ez zela egon gertaerak izan omen ziren leku batzuetan. «Nimsek oso serio hartzen du hau dena, eta egia nagusituko dela uste du. Eta justizia egingo da». Ondotik bidalitako beste mezu batzuetan iragarri du lege ekinbideak abiatuko dituela The New York Times-en argitaratutakoaren kontra.

Polemikaz polemika

Polemika beti ibili da Nirmal Purjaren inguruan. Zazpi hilabetean hamalau zortzimilakoak igo zituenean, kritika ugari izan ziren, estiloagatik eta gailurren batera igo ote zen zalantza geratu zelako. Gerora frogatu da zortzimilako pare batean gutxienez ez zela benetako gailurrera iritsi. Duela gutxi, berriz, beste polemika baten protagonista izan da Purja Everesten. Maiatzaren 26an, Everesteko ohiko bidearen bigarren kanpalekutik bidalitako bideo batean, salatu zuen norbaitek ibilbideko goiko aldeko soka finkoak moztu zituela berak eta bere taldeak denboraldiko azken ekinaldia egin aurretik. Purjak, haserre, azken hiru urteetan haren aurkako bekaitza eta jarrera dagoela salatu zuen bideo hartan. Alabaina, Purjal bera ez zen igo ustez sokak ebaki zituzten lekura, eta, ondoko egunetan, beste espedizio eta agentzia batzuek adierazi zuten sokak ez zeudela ebakita, eta inolako arazorik gabe igo zirela. Gertaera horien harira, Nepalgo Turismo Ministerioak jakinarazpen ofizial bat kaleratu zuen Purjaren jarrera salatzeko eta ikerketa bat zabalduko duela iragartzeko. Maiatzaren 28an, bi egun geroago, Purjalek berak eta haren taldeak gailurra jo zuten, eta onartu zuen tarte batean sokarik ez egotea ez zela inolako eragozpena izan.

Gertaera horien guztien berri izatean, Nirmal Purjaren babesle batzuek eten egin dute harekin zuten harremana. Osprey motxila markak, adibidez, enbaxadoreen artean zuen, eta bertan behera utzi du Purjarekin zuen lankidetza. Grivel markaren webgunean ere jada ez da haren irudirik ageri. Scarpa, Nike eta Red Bull etxeek ez dute erabakirik hartu, «gertaerek zer bilakaera duten jakin arte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.