Felipe Uriarte
FUJI SAN-ETIK GOSAIKUND-ERA

Ngima Kantza

2024ko urriaren 23a
05:00
Entzun

Stupa ondoko Gotama jatetxean bildu gara Ngima Kantza eta biok. Manaslu gailurretatik jaitsi berria da. Zorionak eta besarkada batera piztu dira. Laster gaude garagardo baten aurrean familiei buruz kontu-kontari. Poztu nau denak ondo daudela jakiteak.

– Denok Khumjung-en, ezta?
– Pasang, alaba zaharra, ez, ikastera joan da.
– Hara! Katmandun dago?
– Ez, Miamin.
– Miamin?

Eta luze jardun dugu horretaz, eta haientzat hori den dirutzaz... Hegaldiaz eta ostatuaz gain, 8.000 dolar balio du ikasturteak. Harritu egin nau Miamira ikastera joan izanak, baina, nonbait, irakasle batek aurkitu zion tokia Pasang 17 urtekoari.

Ngima Kantza xerpa
Ngima Kantza, Manaslu mendian.

Bizi doa elkarrizketa, eta Manaslura jo dugu berriro ere. Eguraldi txarra izan dute; ez da harritzekoa, irail hasieran heldu baitziren kanpaleku nagusira. Halako batean, lau egunerako eguraldi ona iragarri, eta gorantza abiatu ziren. Xerpak, oxigenoa, janaria eta dendak bizkarrean, beheko kanpalekutik hirugarren kanpalekura igo ziren zuzenean. Egun berean, espedizio txinatarreko bezeroak, beheko kanpalekutik lehenengora igo ziren. Hurrengo egunean, xerpek laugarren kanpalekua ipini zuten, eta material guztia igo. Txinatarrak hirugarren kanpalekura igo ziren egun horretan. Irailaren 24an, 19 xerpa eta 17 txinatar egiazko gailurrera heldu ziren, denak oxigenoa erabiliz.

Miamira jo dugu berriro ere. Ez gobernutik, ez xerpa komunitatetik, ez dute inolako laguntzarik jaso. Xerpa familia apal batentzat dirutza ikaragarria da.

– Horrela nabil, Manaslutik jaitsi, eta zuekin Langtang-era korrika; ondoren Ama Dablamera joango naiz. Eta diru guztia Miamira! – 600 dolar ekarri omen ditu Manaslutik.

Eta barre luzean lehertzerakoan, haren hortz zuriek tximista alaia piztu dute 8.000ko haizeak belztu dion aurpegian.

Kyangjin Gompa
2024ko urriaren 15a

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.