Nola hasi zinen mendi duatloien mundu honetan?
Izango dira zortzi urte gurasoenera Mallabira joan nintzen batean jakin nuela mendi duatloi bat zegoela, eta probatzea erabaki nuen. Herrikoian atera nintzen, kilometro gutxiagoko modalitatean. Hor ezagutu nuen EHMDZ zirkuitua, eta asko gustatu zitzaidan esperientzia. Ondoren, animatu nintzen beste batzuk egitera, baina egia da hasiera haietan beldurra neukala azkena geratzeko, lotsagarri geratzeko... Neska gutxi garela eta ateratzen direnek oso maila ona dutela kontuan izanda, ziurgabetasun hori neukan. Beldurra beti. Horregatik, askotan ez nuen parte hartzen, eta parte hartzen nuenetan ere gaizki pasatzen nuen aurrez, beti tripako minez... Oso urduri jartzen nintzen. Urteen joanean, pixkanaka hobetuz joan naiz, bizikletan ere bai, eta horrek beste segurtasun bat eman dit.
Ikusi gehiago
Korrika ala bizikletan, zertan gusturago?
Dudarik gabe, bizikletan. Askoz hobeto moldatzen naiz. Korrika hobetzen saiatu beharko nuke, baina ez dut hain gustuko, eta alferkeriak gain hartzen dit. Aldiz, bizikletan gusturago ibiltzen naizenez, hor entrenatzen naiz gehiago. Orain, mendi duatloien zirkuitua bukatuta ere, jarraitzen dut mendi bizikletan ibiltzen eta BTT probetan ateratzen, urte osoan aktibo egoteko.
Aurtengoan hasieratik hartu zenuen helburutzat zirkuitu osoa egitea?
Iaz ere txapela irabazi nuen, baina ez nintzen proba guztietan atera. Zoritxarrez, gero eta herri gutxiago animatzen dira probak antolatzera, eta, aurten sei bakarrik zirenez, hasieratik zirkuitu osoa egitea erabaki nuen, bai. Aurten egin ditut, lehen aldiz, zirkuituko proba guztiak.
Kanpezun garaile izan zinen, eta gainerako guztietan ere podiumeko postuetan ibili zara, oso erregular.
Bai, horrela da. Orain arte Enara [Oronoz] zegoen, eta aurten Maddi [Olaetxea], Maite [Urteaga] eta Ainhoa [Marquinz] hasi dira, eta oso ezusteko ona izan da. Tira, niretzat lehiakideak dira, ni baino askoz hobeak dira, baina, hala ere, pila bat pozten naiz, jende gaztea badatorrelako. Azken batean hori behar dugu: jende berria, jende gaztea etortzea, jendea animatzea, batez ere neskak. Berdin dio maila. Neskak animatzea behar dugu, beldurra kentzea.
Hainbat probatako antolatzaileek nabarmendu dute hori: maila dezentekoa dagoenez, herrikoi asko ez dela animatzen, eta, beldur hori kentzeko, erreleboka hastea izan daitekeela aukera ona.
Ni hasi nintzenean ez zegoen errelebokako modalitaterik, eta bikotekako hori oso aukera polita da, korrika edo bizikletan pixka bat moldatuz gero bakoitza dagokion kirolean segurtasun handiagoz aritzeko, bestean moldatzen den batekin bikotea osatuta. Hartara, zati bakarra eginda, ez da hain luzea eta exijentea mendi duatloia. Horrela hasita ea jende gehiago animatzen den, eta behin beldurra kenduta osoa egiteko saltoa ematen duen.
Hala ere, esan duzu gazteak badatozela.
Bai, Adunako azken proban, beste lehiakide batek hala esan zidan: «Jo, dortsala hartzeko ilaran nengoela, konturatu naiz zenbat jende gazte dagoen; gu jada erretiratzeko adinean gaude». Egia da: Adunan nabarmen ikusi da gero eta gazte gehiago ari dela animatzen, eta hori behar da.