Emozioa eta giro paregabea izan zuen larunbatean Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko azken probak (EHMDZ), Adunako (Gipuzkoa) mendi duatloiak. Azken probaren aurretik, Josu Urrestarazu idiazabaldarrak (Gipuzkoa) 11 puntuko alde ateratzen zion Eneko Gurrutxaga amasarrari (Gipuzkoa), eta, beraz, dena airean zegoen. Gurrutxagak ez zuen parte hartu Durangoko lehen duatloian, eta Urrestarazuk 90 punturen aldea lortu zuen han. Geroztik, ordea, biek parte hartu duten probetan, Gurrutxaga aurrerago sailkatu da Urrestarazu baino, eta alde hori jan dio pixkanaka, 11 puntu eskaseko aldera murriztu arte. Beraz, Adunakoak erabaki zuen auzia, eta azken lehia horretan, Gurrutxaga bigarren izan zen Iker Eskibel eskoriatzarraren atzetik; Urrestarazu, berriz, bosgarren. Azkenean, beraz, Gurrutxagarentzat izan zen txapela. Nabarmentzekoa Iker Eskibelen azken txanpa ere, Ibarrako azken-aurreko proban eta Adunako azkenekoan garaile izan baita eskoriatzarra.
Emakumezkoetan, Maddi Olaetxea usurbildarrak (Gipuzkoa) oso indartsu bukatu zuen zirkuitua: hirugarren garaipena eskuratu zuen Adunan, eta Ibarran bigarren egin zuen, baina, lehen bi probetan parte hartu ez zuenez, sailkapen nagusirako aukerarik ez zuen. Nekane Pradera gasteiztarra oso erregular aritu zen zirkuitu osoan, eta hark jantzi zuen txapela. Lehen proban, Durangon, bigarren egin zuen; Kanpezun garaipena eskuratu zuen, eta gerozko duatloietan ere podiumeko postuetan eutsi dio beti. Hala, puntu alde horrekin, Adunan nahikoa izan zuen hirugarren egitea txapela janzteko.
Orain arteko probetan gertatu bezala, eguneko alderik handienak bizikletako sektorean izan ziren. Gizonezkoetan, Iker Eskibel korrika ere ondo aritu zen: hirugarren izan zen 3,66 kilometroko lehen sektore horretan, eta bizikletan bera izan zen azkarrena, Eneko Gurrutxaga espezialistari ia bi minuturen aldea aterata; horri esker, korrikako azken zatian lasaiago aritu zen eskoriatzarra (1.08.13). Probako garaipena urrun izan arren, Eneko Gurrutxagak ere gozatu egin zuen azken kilometroetan, azken txapela berea zuela jakinda. Hirugarren Xabier Agirre idiazabaldarra izan zen. Josu Urrestarazu orain arteko liderra bosgarren izan zen.
Emakumezkoetan, Maddi Olaetxea usurbildarrak nagusitasun handia erakutsi zuen (1.26.40), eta zazpi minutu pasa atera zizkion bigarrenari, Maite Urteaga zumaiarrari (1.33.46). Bere burua batere estutzeko beharrik gabe, Nekane Praderak osatu zuen Adunako podiuma (1.36.46).
Bikoteka, Dani Iparragirre eta Koldo Herrera arantzarrak (Nafarroa) izan ziren azkarrenak; bigarren, Enaitz eta Ekaitz Vertiz; eta hirugarren, Eñaut Urkaregi eta Josu Mujika.
Probaren ondoren, jai giroan eman zioten amaiera 2024ko Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituari. Trikipoteoaren ondoren, denboraldi amaierako afaria ospatu zuten partaideek Aburuza sagardotegian, eta horren ostean jantzi zituzten txapelak.
Sailkapen guztiak, esteka honetan.