Nekane Pradera eta Alexander Ordeñana garaile Kanpezuko mendi duatloian

Praderak zirkuituko lidergoa lortu du Arabako Mendialdean lortutako garaipenarekin. Gizonezkoetan, berriz, Josu Urrestarazu da orain lider, Kanpezun bosgarren izan ondoren.

Kanpezuko mendi duatloia. Alexander Ordeñana, gizonezkoetan irabazlea
Alexander Ordeñana, Kanpezuko bizikletako sektorean. MENDIALDEA PRESS
ramon olasagasti
2024ko urriaren 15a
13:20
Entzun

Hego haize puntu bat lagun zela jokatu zen larunbatean Kanpezuko III. Mendi Duatloia, EHMDZ-ko bigarren proba puntuagarria. Partaidetza eta giro ederrarekin –60 izan ziren izena eman zutenak, 36 bakarka eta 12 bikote–, Alexander Ordeñana bizkaitarra (1.41.47) nagusitu zen gizonezkoetan eta Nekane Pradera gasteiztarra (2.14.36) emakumezkoetan. Garaipen horrekin, gainera, Praderak zirkuituko sailkapen nagusiko lehen postua lortu du Durangoko lehen proban hirugarren izan ostean. Mutiletan, berriz, Josu Urrestarazu idiazabaldarra da orain lider: Durangoko lehen proban bigarren izan zen. eta Kanpezun bosgarren. Erreleboka, Koldo Herrera eta Dani Iparragirrek lortu zuten garaipena (1.33.10)

Durangoko estreinaldian ez bezala, Kanpezuko proban emozio handia izan zen, garaileak hamar segundoren aldea baino ez baitzion atera Eneko Gurrutxaga bigarren sailkatuari (1.41.57). Hirugarren Xabier Agirre izan zen (1:43:39). Bi lehen sailkatuek atzetik aurrerako lasterketa egin zuten eta bizikletako sektorean egin zuten aurrera. Alexander Ordeñanak hamaikagarren amaitu zuen korrikako lehen sektorea, baina bizikletarekin aurretik zituen aurkari guztiak gainditu zituen, eta azken korrika txandan lehen postuari eutsi zion.

Kanpezuko mendi duatloia. Nekane Pradera emakumezkoetan irabazlea
Nekane Pradera Kanpezuko helmuga gurutzatu berritan. MENDIALDEA PRESS

Emakumeetan ere antzera gertatu zen: korrika Maite Urteaga zumaiarra ibili zen aurretik, baina bizikletan aurreratu egin zitzaion Nekane Pradera. Azkenean, bigarren izan zen Urteaga (2:18:55), eta hirugarren Ainhoa Marquinez (2.27.52).

Zirkuituko hirugarren proba datorren larunbatean bertan jokatuko da Amasan (Gipuzkoa). Zirkuituko probarik beteranoetako bat da Amasakoa. Urteroko moduan, partaideek ibilbide ederraz gozatzeko aukera izango dute.

Sailkapen guztiak esteka honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.