Iker Ozkoidi. 'Musher'-a

«Neguan hartzen ditut oporrak, honetan lehiatu ahal izateko»

Euskal Herriak eman duen 'musher'-ik onena da Iker Ozkoidi. 30 urteko ibilbidea egin duen arren, oraindik ere ez dio lehiatzeari utzi nahi. Iaz munduko txapeldun izan zen, eta horri segida eman dio aurten, Europako Txapelketa irabazita.

BERRIA.
Unai Ugartemendia.
2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Suediatik itzuli berri da Iker Ozkoidi musher-a (Iruñea, 1979). Handik itzuli, eta egun batzuk Vaqueira-Bereten (Herrialde Katalanak) pasatu ditu entrenatzen. Azkenaldian horrela dabil, harajoan-etorriak egiten. Hilaren 21ean eta 22an jokatuko diren Espainiako Txapelketak izango dira bere urteko azken lehia. Jada hasita dago datorren sasoia prestatzen. Ez du bizitza txakurrik gabe imajinatzen.

Egun gutxi dira Europako txapeldun izan zarela Suedian. Nola gogoratzen duzu?

Oso pozik nago, baina ez nintzen erabat gustura gelditu. Hasteko, mailaz aldatu behar izan nuen. Hamabi txakurrekin lehiatu nahi nuen, baina, azkenean, seiko mailan ateratzea erabaki nuen. Urtarrilean Grand Oddisee jokatu nuen, hamabi eguneko lasterketa bat. Oso gogorra da, eta txakur batzuek min hartu zuten amaierarako. Entrenatu gabe egon dira hilabete batez. Beraz, jada osatuta zeuden Europako Txapelketarako, baina ez zeuden sasoiko. Ezohiko txapelketa bat izan da, Laponian zela aintzat hartuta: ez zuen hotz handirik egiten, azken etapa euritan jokatu genuen... Hala ere, lekua eta antolakuntza aparta izan dira. Dena bikain joan da, eguraldia kenduta. Baina hori hemendik aurrera ez da arraroa izango. Txapelketako azken etapa bi gradurekin jokatu genuen, eta hurrengo egunean zero azpiko 25 gradu zeuden.

Zer izan zen txapelketako gogorrena?

Lasterketa bera. Ni, azkenaldian, mugarik jartzen ez duen mailan lehiatzera ohituta nago. Hamabi txakur eramaten ditut, nahiz eta gero zortzirekin lehiatu. Orain, berriz, seirekin ibili naiz lehian, eta ibilbide erdiko lasterketetan asko nabaritzen da. Ibilbideak ere oso malkartsuak ziren, eta, gainera, azken etapa bost txakurrekin egin behar izan nuen, txakur bat ez behartzearren. Euria egin zuen arren, ibilbideak bikain zeuden, eta horrek ere laguntzen du.

Iaz Munduko Txapeldun izan zinen; aurten, berriz, Europako txapeldun. Zer izan da hori zuretzat?

Bai, azkenean bi txapelketetan jende bera ibiltzen gara.

Iaz, hirugarren izan zinen Norway Trail lasterketan (Norvegia, sei etapa, 210 kilometro), bigarren Grande Odyseen (Alpeak, hamabi etapa, 900 kilometro) eta Pyreness Race (Pirinioak, hiru etapa) eta Munduko Txapelketa irabazi zenituen. Ezin da gehiago eskatu, ezta?

Bai, emaitzak kontuan hartuta, inoizko denboraldirik onena izan zen. Entrenamendu bikainak egiteko aukera izan nuen, aurten baino hobeagoak. Dena ondo atera zitzaidan, txakurrak ere ez ziren lesionatu, eta lasterketa guztietan elurra izan genuen, gainera. Aurtengoa beste gauza bat izaten ari da.

Pyreneesen erretiratzea erabaki zenuen, adibidez.

Bai. Azken urteetan Pirinioetan lasterketa bat antolatzeak arrisku handia dauka. Gerta daiteke dena euritan egin beharra izatea, elurrik ez egotea edo tenperatura handiekin lehiatu behar izatea. Aurten, bigarren eta hirugarren etapa ez genituen jokatu. Elurra oso gaizki zegoen, eta txakurrei zauriak egin zitzaizkien. Etxera joatea erabaki nuen, banekielako ondoren Europako Txapelketa zetorrela, eta ez arriskatzea erabaki nuen.

Zuk beti esan izan duzu lehenik txakurren segurtasuna bermatu behar dela.

Antolakuntzakoei ere esan nien: lehenak txakurrak dira, eta ondoren beste guztia. Egia da lasterketa berriak antolatzeko, denon beharra dagoela, eta gure aldetik ere lagundu behar dugula, baina txakurrak dira lehentasuna. Pena eman zidan bertan behera uztea, baina txakurrak arriskuan zeuden sentsazioa neukan.

Zure izena Pirena lasterketarekin lotuta egon da beti. Baina, noiz hasi zinen txakurrekin?

Aitarengandik datorkit zaletasuna. Guri malamute arrazako txakur eme bat oparitu ziguten. Arraza bereko txakur bat zeukan bizilagun bat ezagutu genuen, eta hark arra zuen. Aitak bi txakurrak gurutzatzea erabaki zuen. Handik aurrera hasi nintzen. 30urte beteko ditut orain lehiatzen. Handik bi urtera hasi zen Pirena jokatzen. Kanpoko musher-engandik asko ikasi genuen, haiek urte asko zeramatzatelako lehiatzen.

Gogoan al duzu zenbat urterekin jokatu zenuen lehendabiziko Pirena?

Oso-oso gazte nintzela, 14 urterekin-edo. Aitak sinatu behar izan zidan baimena. Oso oroitzapen polita daukat. Gehienez ere hamalau txakurri izen ematea zegoen, eta, gero, gutxienez seirekin atera behar izaten zen. Husky arrazakoekin ibiltzen nintzen.

Pirena ere irabazi zenuen.

Bai, 2009an izan zen. Hura izugarria izan zen! Urtero korritzen nuen lasterketa bakarra zen. Hasierako urteetan ezinezkoa zen irabaztea Huskyekin, baina, azken urteetan, denboraldiko erronka nagusia izaten zen niretzat. Urte askotan bigarren izan nintzen, eta irabaztea handia izan zen. Urte gutxira bertan behera utzi zuten.

Asko sumatzen al duzu faltan?

Bai, izugarri! Lehiagatik baino gehiago, bertan izaten zen giroarengatik. Urte asko daramatzat Europan lehiatzen, eta han izaten zen giroa ez dut inon ezagutu. Lasterketa gisa ez zen beste munduko ezer, etaparen bat-edo sobera izaten zen askotan, baina giroa latza izaten zen. Gaur egun, lasterketa gehienetan giro oso ona izaten dugu, baina hura berezia zen.

Zu hasi zinenetik gauzak asko aldatu al dira zuen kirolean?

Ez dauka zerikusirik gu nola hasi ginen eta orain nola gabiltzan! Txakurrak, materiala... Denak eboluzionatu du ikaragarri. Esaterako, lehen, ipar arrazako txakurrekin bakarrik lehiatu gintezkeen, eta, ondoren, arraza guztietara ireki zuten. Orduan, atzerrian jada Alaskako txakurrak erabiltzen zituzten. Bestalde, ia ez zen inor ibiltzen honetan. Pentsa, arnesak pertsianetako zintekin egiten genituen! Egun teknologia handia dago, eta, esaterako, lerak ere karbonozkoak dira.

Egungo egoerarekin, ezinezkoa al da berriro ere Pirinioetan horrelako zerbait antolatzea?

Ia ezinezkoa. Pyrenne Race horretan saiatu da, izpiritu berarekin hasi dira, baina oso zaila da gaur egun horrelako zerbait antolatzea. Eta ez Pirinioetan bakarrik, Alpeetan ere gero eta zailagoa izango da zerbait antolatzea. Iaz Alpeetan egoera txarrean ibiltzea tokatu zitzaidan, eta urteekin ez du hobera egingo.

Hamabi eguneko lasterketak ere egin dituzu. Nolako lasterketak dira?

Oso politak: adibidez, Grand Odysse. Lasterketa guztietan, gainera, etapa bat gauez egiten da. Azken horretan, gainera, bibak ere egiten dugu. 2.200 metrora dagoen laku batean lo egiten dugu, Italia eta Frantzia artean. Etapa jokatu, dendan txakur guztiekin batera lo egin, eta etapa bertan korritzen da. Esperientzia oso polita da.

Zein dira mota horretako lasterketen zailtasunak?

Egun asko dira, eta ez dago atseden egunik. Oso lasterketa gogorrak dira. Pirenan, behintzat, egun bat izaten genuen atsedenerako.

Gaur egun zenbat txakur dituzu etxean?

24 ditut, tartean txakurkume asko. Lehiaketetarako, hamasei ditut gaur egun. Datorren urterako bi talde osatu nahi nituen Grand Odyserako; baina, ziurrenik, ez naiz hara itzuliko. Aurten ikusi dudanarekin nahikoa izan dut. Nahiago dut Eskandinaviako lasterketetan ibili, han elurra ere ziurragoa delako. Bertan lasterketa asko jokatzen dira, tartean Norway Trail. Aurten jokatzeko asmoa nuen berriro ere, baina txakurrak ez ditut sasoiko, eta ez joatea erabaki dut.

Asko haserretzen al zara haiekin?

Ez, askorik ez. Agian, egun txarren batean harrapatzen banaute bai, baina orokorrean ez. Nik beti pentsatzen du, txakurren batek zerbait gaizki egin badu nik gaizki egin dudalako izan dela, edo ez diodalako ondo irakatsi, edo ez dudalako ondo entrenatu... Txakurrei errua kentzen saiatzen naiz beti.

Oso kirol garestia da zuena. Laguntzarik jasotzen duzu?

Bai, nire babesle nagusia Breedna da. Eurek ematen didate txakurrentzat behar dudan janari guztia. Txakurrentzako bitaminak berriz Stangest etxeak ematen dizkit, eta aurten Espainiako Neguko Kiroletako Federazioari ere eskerrak eman behar dizkiot, laguntza handia eman baitidate Europako Txapelketa jokatzeko. Baina diru hori ez da nahikoa, ezta gutxiagorik ere. Urtero bi bidaia egiten ditut Norvegiara, eta ordaintzen didatenarekin ez zait denboraldi osoa egiteko iristen.

Europan ba al dago norbait kirol honetatik bizi denik?

Ez, zuzenean lehiatuta, ez. Hau ez da Alaska! Hura beste kontu bat da. Han, ia asteburuero jokatzen dira lasterketak, eta jendeak aukeratu egiten ditu. Batek ikusten badu aurkari zuzenen bat doala, beste batera joaten da. Lasterketak badira 10.000 [8.752 euro] edo 20.000 [17.000 euro] dolar ematen dietenak irabazleei. Horrez gain, AEBetako Opena irabazten baduzu, ez dut pentsatu ere egin nahi zenbat ordaintzen duten, baina 50.000 dolar [43.749 euro] inguru izan daiteke.

Ez al litzaizuke gustatuko Alaskara joan eta bertan probatzea?

Bai, izugarri. Baina aurrekontu handia eskatzen du horrek. Txakur guztiak hara eramatea bakarrik, eta han bertan bizitzea oso zaila da. Behin joan nintzen, txakurrik gabe. Lana aurkitu nahi nuen, etxe bat bilatu eta bertan probatu, baina, azkenean, paperik gabe joan behar nuen, eta bisa ez baduzu, jai duzu. Hara ezin da abenturara joan 20 edo 24 txakurrekin. Asko gustatu zitzaidan alaskarrek duten bizimodua. Gure kirolerako paradisua da!

Zerk erakartzen zaitu kirol honetatik?

Bizitzeko modu bat bihurtu da. Egia da askotan pentsatzen dudala ea zer egiten dudan honetan, baina ni horrela bizitzera ohitu naiz. Nire oporrak neguan izaten dira, honetan lehiatzeko. Eraikuntzan ibiltzen naiz lanean, eta udan ordu pila bat sartu behar izaten ditut neguan libre izateko.

Noiz arte ikusiko zaitugu lehian?

Ez dut datarik jarri. Aurten, esaterako, Rudy Ropetz alemaniarra Europako txapeldun izan da ia 78 urterekin. Ondo nagoen bitartean, jarraitu egingo dut.

Hemendik aurrera non lehiatuko zara?

Espainiako Txapelketan, hilaren21ean eta 22an. Orain, txakurkumeei irakasten ari naiz, eta hala jarraituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.