Mendiko zinemagintzarik onenaz gozatzeko aukera hemen da berriro BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren 16. edizioan, abenduaren 8tik 17ra. Gaur aurkeztu dute jaialdia, Bilboko Euskalduna jauregian, eta bertan bildu dira babesle nagusiak eta Mendi Filmeko ordezkariak: Leixuri Arrizabalaga Euskara, Kultura eta Kirol Saileko foru diputatua; Koldo Bilbao BBK Banku Fundazioko Kultura arduraduna; Andoni Iturbe, Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordea; Nerea Lupardo, Euskalduna jauregiko zuzendari nagusia; Alberto Iñurrategi, Ternua Group-eko ordezkaria eta Jabier Baraiazarra BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldiaren zuzendaria.
Bilboko hiru aretotan zabalduta egingo da BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia zinemaldia: BBK aretoan, Golem zinemetan eta Euskalduna jauregian. Guztira, 30 zinema saio programatu dira 16. ediziorako. Horrez gain, hiru erakusketa egingo dira, mendiko zinemaren industriari begirako jardunaldi bat, lau masterclass, hitzaldi bat, eta mahai inguru bat.
Saioetako sarrerak gaurtik aurrera (azaroak 28), eskuragarri egongo dira www.mendifilmfestival.com eta Euskalduna, Golem eta Sala BBK-ko salmenta puntuetan eta plataformeetan. Aldez aurretik erosita, saio egunetan bertan baino merkeago.
57 film, 14 euskal produkzio
Aurten, 57 film ikusi ahal izango dira guztira, mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten 57 ekoizpen. Horietatik 51 film sail ofizialean lehiatuko dira; beste 4 Zabalandi lehiaz kanpoko atalean proiektatuko dira: Corpórea, El fin de la eterna primavera, Konfiantza itsua eta Leizeta. Eta, azkenik, Mendi Film Bizkaia-Ternua Beka 2023 eskuratu duen film laburra ere izango da: Oinez, Leire Egaña zuzendari oñatiarrarena. Film horien guztien artean 14 euskal produkzioak dira, eta bost, euskaraz filmatuak: 212 mountains; Noizko basoa; Udalatx, ura eta atxa; Zerbait aldatu da; Leizeta eta Oinez. Nabarmentzekoa da datua.
2015eko K2 touching the sky Eliza Kubarska zuzendariaren filma ere programatu dute jaialdian. Mendiko Zinemagintzaren nazioarteko elkargoaren IAMF Sari Nagusiaren aitortza jaso du aurten Kubarskak, eta bera izango da, gainera, aurtengo epaimahaiburua.
Mendiko zinemaldi izateaz gainera, alpinisten, zinemagileen, eskalatzaileen eta mendi giroko beste protagonista askoren topagune ere bada Mendi film. Aurten ere punta-puntako gonbidatuak izango dira Bilbon. IAMF Sari Nagusia irabazitako zuzendarien artean: Eliza Kubarska, Pavol Barabas, Michael Dillon, Alastair Lee eta Fulvio Mariani. Mendi Filmen aurreko edizioetan sarituak izan diren zuzendariak eta aurten partaide izango direnak: Henna Taylor (iazko Sari Nagusia), Jean-Michel Jorda, Migeltxo Molina, Jen Randall, Aner Etxebarria, Luis Arrieta, Pablo Vidal, Mikel Sarasola Ben Page. Eta hainbat eta hainbat alpinista eta abenturazale: Edurne Pasaban, Kazuya Hiraide, Madaleine Sorkin, Aniol Serrasolses, Mikel Sarasola, Maialen Chourraut, Xabier Zarranz, Nora Lopez, Eduardo Martinez de Pison, Yhabril...
Edurne Pasabanentzat Wop Mendi Film saria
Bi ekitaldi seinalatu egingo dira horrez batera: batetik, Edurne Pasaban alpinista eta enpresariak WOP Mendi Film 2023 saria jasoko du jaialdiko hasiera ekitaldian, abenduaren 8an, Euskalduna jauregian; bestetik, Eliza Kubarska zinema zuzendari poloniarrarri aitortza egingo zaio bera baita aurten IAMF Sari Nagusia jaso duena -Mendiko Zinemaren alde diharduen nazioarteko elkargoaren sari gorena-, eta hark zuzendutako K2 touching the sky (zuzendari onenaren saria 2015eko Mendi Filmen) programatu da Sala BBK aretoan abenduaren 12ko gaueko saioan.
Hiru erakusketa
Mendiko filmez gain, hiru erakusketa nagusi ere izango dira Mendi filmen programazioan, azaroan hasi eta urtarrilera bitarte: Harri, Orri, ARkatz eskalada krokisen erakusketa Mariaren Bihotza plazako Aztarnategian (azaroak 24tik urtarrilaren 7ra); Cvcephoto mendiko jardueren nazioarteko argazkilaritza lehiaketako 20 lan sarituen erakusketa BBK aretoan (abenduaren 9tik 14ra) eta Yhabril. Luz, montaña, ¡acción! Yhabril outdoor argazkilari bilbotarraren tamaina handiko 20 lan onenen erakusketa Bilboko metroko geltokietan (azaroaren 15etik abenduaren 30era).
Emanaldien sarrerak, bonoak eta programazio osoa, Mendi Film jaialdiaren webgunean.