Mendia

Natura eta munduko kulturak uztartuko ditu Mundumirak

Leintz Gatzagan eta Eskoriatzan egingo dute kultur aniztasuna aldarrikatzeko jaialdia, gaurtik igandera arte

Tea edaten, Mundumiraren aurreko ekitaldi batean. ANDONI CANELLADA / ARP.
2012ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Mendia, natura eta kultura ditu ardatzetako hiru Euskal Herria aldizkariak, eta osagai horietan oinarrituta antolatu dute, Debagoieneko Mankomunitatearekin elkarlanean, Mundumira jaialdiaren aurtengo menua. Gaur hasi eta igandea bitartean, Leintz Gatzagako eta Eskoriatzako (Gipuzkoa) kale eta plazak munduko kulturen bilgune izango dira.

Musika, antzerkia, kale animazioa, gastronomia eta eskulangileen azokak, mendi irteerak, kultur ibilbideak, umeentzako ekitaldiak, dantza eta tailerrak. Egitarau bete-betea prestatu dute hiru egunetarako. Elkartasunari lekua ere egin diote: Mundumiraren elkartasun elastikoa jarriko dute salgai, gobernuz kanpoko proiektuetan laguntzeko.

Ekoferixa azoka da aurtengo berrikuntzetako bat. Leintz Gatzagan jarriko dute, goiz eta arratsalde. Produktu ekologikoen eta Slow Food gastronomiaren azoka da Ekoferixa.

Mendizaleek goizero izango dute Debagoieneko mendiak ezagutzeko modua. Mendiak eta Herriak elkartearen eskutik bi ibilaldi antolatu dituzte, Eskoriatzan hasi eta Leintz Gatzagan bukatu. Bihar Aitzorrotz, Makatzgain eta Urdingain mendietatik joango dira, eta igandean Asensiomendi, Kurtzeta eta Jarindo zeharkatuta. Bi ibilaldiak 09:00etan irtengo dira.

Musika da kulturak ezagutarazteko modurik eraginkorrenetakoa, eta kontzertuak eta kale emanaldiak dira Mundumiraren ardatzetan bestea. Eskoriatzako plazan egingo dituzte kontzertu nagusiak: Patta ta Sendaezinak eta Muturbeltz, gaur; La Pegatina eta Esne Beltza, bihar; eta Bizardunak, igandean. Kontzertuak 21:00etan hasiko dira.

Horiez gain, Anari, Kilema, Gafiera Miuda eta beste hainbat talde ikusi eta entzuteko modua izango da asteburuan. Izen dantza eta zerrendatik Richard Buckner nabarmentzekoa: Leintz Gatzagako plazan bihar arituko da Buckner country doinuak zabaltzen, 14:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.