Argazkilaria ez ezik mendizalea, mendiko snowboarderra ere bada Yhabril Moro. Duela hiru urte, Villanuara (Huesca, Espainia) bizitzera joatea erabaki zuen, eta erabakiarekin bete-betean asmatu duela sentitzen du: «lan eztanda» izan zen.
Mendi Filmeko irudi nagusi izateko hautatu dute zure argazkia. Horren bila zenbiltzan aspaldion, eta lortu duzu.
Bai, CVCE Photo lehiaketan sari hori sortu zenetik, duela zazpi urte. Nire lehen sari nagusietakoa hartan irabazi nuen, 2016ko bigarren saria. Eta garai hartan sortu zitzaidan argazkilaririk onenen pare egoteko grina hori. Horraino heltzea kasualitatea izan daiteke; zailena, ordea, hor irautea da. Horregatik, Mendi Filmeko kartelaren irudia CVCE Photoren bidez saritzen hasi zenean, helburu hori lortzeko behar nuen puzzlearen azken pieza aurkitzea bezala izan zen niretzat.
Nola aukeratu argazki bakarra?
Hau nire ogibidea da, zorte handia dut horretan, eta, ia egunero aritzen naizenez argazkiak ateratzen, oso artxibo zabala dut. Maiz kexatu egiten naiz lehiaketaren batera argazkiren bat aurkezteko asmoa izan eta hainbesteren artean hautatu behar izaten dudanean; gaizki pasatzen dut, eta aste oso bat behar izaten dut erabakitzeko. Kontrakoa litzateke txarra, non aukeratu ez izatea.
Nolakoa izan zen X-Man argazki saioa?
Ordesako Sorrosal ur jauzian egina dago, Torlatik gertu. Ibilgailua utzi eta oinez, hiru minutuan hel daiteke edonor hara. Horretan datza argazkiaren balioa: hain ezaguna eta hurbila den toki bati txispa nola atera asmatzean. Eredu moduan erabiltzen dut, erakusteko posible dela uste ez den lekutik indar handiko 10-15 bat argazki sortzea. Patxadaz lan eginez lortzen da hori, tokira iritsi eta hura aztertzeko denbora hartuz, giroan murgilduz.
Zerk piztu zizun arreta?
Udazkeneko egun ilun eta heze bat zen, eta, ingurumari hartan paseatzen nenbilela, konposizio hark arreta piztu zidan berehala: ur jauziaren zuritasuna asko nabarmentzen zen hondo horren gainean eta ixa formako harri testura horien lehen planoan. Chano da korrikalaria; agertoki hura irudikatu ahala deitu nion, eta, ordu gutxiren buruan, saioa egitera bertaratu zen laguna.

Outdoor eta natura argazkilaria zara, edo zabalagoa da zure lan esparrua?
Uste dut denetarik egiten dudala argazkilari moduan, eta erraz moldatzen naizela. Nire lanak oihartzun handia du outdoor, abentura, natura, fauna eta halako gaietan, eta hor kokatzen naute beharbada. Pasioak mugitzen nauelako moldatzen naiz hain ongi. Baina egia da mendian moldatzen naizela ongien: zoragarria da. Urte osoan Villanuan bizitzea erabaki nuen, eta lan eztanda bat izan zen, edukiak sortzeko eztanda bat. Beraz, bai, natura argazkilaria naizela uste dut, bere osoan.
Elurretako argazkigintzan nabarmendu izan zara, baina alor gehiago ere jorratzen dituzu.
Pirinioetan bizi naizenetik, mendiko kirol argazkilaritza asko egiten ari naiz, urtaro guztietan, eta, betiere argazkigintzaz dudan ikuspegi artistikora moldatuta. Zorionekoa naiz, sarritan askatasun artistikoa ematen didatelako kontratatzean.
Esaten duzu ez zarela eskalatzailea, ez eta alpinista ere… Baina gutxienez onartuko duzu snowboarderra bazarela. Natura argazkilari batentzat dohain mesedegarriak dira guztiak, edonola ere.
Txikitandik ezagutu dut mendia. Snowboard irakasle tituluduna naiz, eta hartan lan egin dut azken hamabost neguetan. Ikaragarri maite dut mendia, eta, mendizale aparta ez banaiz ere, konpontzen naiz, itxuraz. Entrenamendua ere behar da, noski: sasoi txukuna izan behar da 15-20 kilo material eraman ahal izateko. Zamaren kontuan eskuzabalegi aritzeko joera daukat, oso gaizki pasatzen baitut material faltagatik argazki eder bat egiteko aukera galduz gero.
Eta zer aholkatuko zenieke pasio honi eutsi nahi diotenei, eta zugan eredu bat ikusten dutenei?
Pasioz egin dezatela lana, eta gauzak euren buruarentzat egin ditzatela. Ez dira egun batetik bestera iritsiko gora; bide hau nahiko luzea izan ohi da. Egiten duzun horretan konfiantza baduzu, hori beti egongo da hor. Eta argazkilari profesional bihurtu ote zaitezkeen pentsatzeko ordua iristen denean, hartu erabakia. Eta ikusten baduzu ez zarela gai, ez du axola: beste gauza batzuei ekin, eta jarraitu ezazu argazkilaritzaz gozatzen, pasioz, bizitza osoan.