Golden Trail World Series zirkuituko bigarren proba jokatu da asteburu honetan Sichuanen (Txina), Four Sisters Mountain Trail, eta, Japoniako aurrenekoan bezala, bi euskal korrikalari sailkatu dira bost aurrenekoen artean. Naiara Irigoien burlatarra (Nafarroa) laugarren izan da, podiumeko hirugarren kaxoitik minutu erdi eskasera —Japoniako Kobe Trail lehen proban hamaikagarren izan zen Irigoien—, eta Malen Osa oñatiarra (Gipuzkoa) berriro ere bosgarren izan da. Sara Alonso donostiarra ere hamar aurrenekoen artean sailkatu da, zazpigarren oraingoan.
Proba teknikoa eta gogorra izan zen Txinakoa (22 km eta 1.600 m+), ibilbideagatik bezainbat altueragatik; izan ere, korrikalariak 3.200 metrotik abiatu ziren, eta 4.200 metrotik gora ere ibili ziren zenbait unetan. Emakumezkoetan, Joyce Muthoni Njeru kenyarra izan zen garaile (2.25.27), Maude Mathys suitzarra bigarren (2.29.44) eta Grayson Murphy estatubatuarra hirugarren (2.34.26). Gizonezkoetan, Patrick Kipngeno kenyarra nagusitu zen (1.59.10) bigarren proban ere, Elhousine Elazzaoui marokoarraren (2.05.39) eta Daniel Pattis italiarraren aurretik (2.05.51).
Asiako bi proben ondoren, Zegama-Aizkorri izango da Golden Trail World Series zirkuituko hirugarrena, maiatzaren 26an.
Oihana Kortazar eta Ibai Larrea garaile Aloñako Igoeran
Aloñako Igoeraren hemeretzigarren aldia jokatu zen atzo Oñatin, eguraldi ederrarekin, nahiz eta aurreko egunetako euriak dezente lokaztu zituen ibilbideko hainbat zati. Horrek ikusle asko erakarri zuen Aloñara, eta Oihana Kortazarrek berak aipatu zuen «Zegama txiki bat» ematen zuela mendiak. Aurten, gainera, Golden Trail National Series zirkuituan sartuta zegoen proba (22,6 km eta 1.800 m+).
Emakumezkoetan, lehia ikusgarria izan zuten Oihana Kortazar elgetarrak eta Lide Urrestarazu ordiziarrak. Aldapa gora, Urrestarazuk aurrea hartzen zion Kortazarri, baina elgetarrak jakin zuen tarteari eusten, eta beheranzkoan berak hartu zion aurre ordiziar gazteari, eta 50 segundoren aldearekin gurutzatu zuen helmugako lerroa (2:23:03), suziria eskuetan eta deabrua atzetik zuela. Oihana Kortazarrek bigarren garaipena du Aloñan, 2016koaren ondoren, eta orduan baino 17 minutu gutxiago behar izan ditu aurten. Lide Urrestarazu izan zen bigarren (2:23:51), eta June Villarroel hirugarren.
Gizonezkoetan, Ibai Larrea antzuolarrak lortu zuen garaipena bere lehen parte hartzean, eta duela hamar urte Ionut Zincak ezarri zuen errekorra lau segundoan hobetu zuen. Larreak bi ordu zehatz behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Atzetik, Marcos Villamuera (2.00.19) eta Pablo Bautista (2.02.49) izan ziren bigarren eta hirugarren.
Aloñako Igoerako sailkapenak.