Hasi da Zegama-Aizkorriko festa: X. Kilometro Bertikala jokatu da gaur arratsaldean, igandeko lasterketa handiaren atariko. Emakumezkoetan, Naiara Irigoien burlatarra (Nafarroa) nagusitu da bigarren urtez jarraian, 44'03"-ko denbora eginda. Mutiletan, berriz, Omi Ryunosuke japoniar gaztea gailendu da, 36’43’’-ko denbora eginda. Zerua garbi, eguzkia, eta ipar haize fina izan dute korrikalariek. Giro paregabea korrikarako. Zerikusirik ez, beraz, iaz kilometro bertikalean izan zuten eguraldi makurrarekin.
Guztira 254 partaidek hartu dute parte kilometro bertikalean (3.000 metroko distantzia eta 1.015 metroko desnibela), Aizkorri iparreko basoan beheko partean eta malda piko-pikoan amaieran. Jendeak ez du huts egin, eta bidean eta helmugan gogoz hauspotu ditu korrikalariak.
Emakumezkoetan, Naiara Irigoienek bete egin ditu pronostikoak, eta Laia Montoya kataluniarrak (44’42’’) baino minutu erdi pasatxo lehenago geratu du kronometroa. Hirugarren Ainhoa Sanz urretxuarra (Gipuzkoa) izan da (46’00’’). Igandeko proban ere partaideen artean izango da Irigoien, eta, mundu mailako probetan egiten ari den denboraldi bikaina kontuan hartuta, aurrekoen artean izango da, seguru. Aurten, besteak beste, Golden Trail World Series zirkuituko bigarren proban, Sichuango (Txina) Four Sisters Mountain Trail lasterketan, laugarren izan zen Irigoien.
Irigoien «oso pozik» agertu da garaipenarekin. «Egia esan, amaiera gogorra egin zait, baina jende asko zegoen animatzen, eta horrek indarra eman dit. Orain, nire helburua iganderako prestatzea da. Bihar ondo errekuperatzen saiatuko naiz, atseden hartzen eta lo asko egiten. Maratoia iaz baino denbora hobean egiteko gogo handia dut. Aurreko denboraldian ez nituen hain lasterketa luzeak egin, baina aurten ordu gehiago egin ditut entrenatzen; beraz, denbora pixka bat laburtu eta berdin gozatzea espero dut. Nirea bertikalak dira, eta, igandean maratoia badut ere, ezin nion proba hau egiteari utzi».
Gizonezkoetan, Omi Ryunosuke Kyotoko (Japonia) atleta gazteak aurrea hartu die Iu Net (37’00") eta Jordi Bolet (37’34") kataluniar gazteei. Maiatzean, Transvulcania-ko kilometro bertikala ere eskuratu zuen Ryunosukek. Japoniarrari «oso polita eta ikusgarria» iruditu zaio ibilbidea. «Nire hirugarren aldia da Zegaman. Lehenengo urtean, lasterketa ezagutzera eta animatzera etorri nintzen; iaz, maratoia korritu nuen; eta, aurten, distantzia laburretan zentratuago nago. Oso pozik nago garaipenarekin».
Kilometro bertikaleko errekorra Oriol Cardona (32’59" 2022an) eta Laura Orgue (41’40” 2017an) atleta katalanek dute.
Bertikaleko sailkapen guztiak, esteka honetan.