Sarah Ugarte. Txakur kroseko korrikalaria

«Nahi dudanean joaten naiz mendira; niretzat ez da betebehar bat»

Oso urte gutxi daramatza mendian korrika Sarah Ugartek, baina azken bi urteetan lortutako emaitzek Euskal Herriko emakume korrikalaririk onenen zerrendan sartu dute. Mendiko lasterketaz harago, txakur krosean ere hasi zen iaz. Gustura ari da.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Unai Ugartemendia.
Tolosa
2020ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Txakur kroseko denboraldiaren erdian dago Sarah Ugarte (Donostia, 1986). Hitzordura ere, Kross txakurrarekin etorri da. Urrian hasi zuen denboraldia txakurrarekin, eta aurtengorako helburu bakarra dauka: urrian jokatuko den Europako Txapelketarako sailkatzea. Ondoren, mendi lasterketekin hasi nahi du.

Nola hasi zinen txakur krosean?

Nire bikotekideari txakur bat nahi zuela sartu zitzaion buruan. Baina ez zuen nahi nolanahiko txakurra: Weimarko brakoen arrazakoa behar zuen. Nik ez nekien zer arraza mota zen, baina bai oso polita dela. Sorpresaz, nik ekarri nion txakurra. Bi hilabete zituen, eta oso txikia zen. Ez nekien txakur krosean ibiltzeko txakurra zenik, lagun batzuek aipatu ziguten arte. Handik zortzi hilabetera hasi nintzen harekin lasterka.

Gogoan al duzu batera korrika irten zineten lehen eguna?

Bai, noski. Ez zuen batere tiratzen. Pixkanaka hasi ginen, eta gustuko gauzak ematen. Lehenik, ehun metro egin genituen, gero 500... Lehen urtea edo urte eta erdia horrela ibili ginen. Bikotekidea bizikletarekin joaten zen aurretik, eta gu haren atzetik segika. Txakurrak jolasarekin erlazionatzen badu jarduera, tiraka jarriko da; baina esfortzuarekin eta nekearekin lotuz gero, ez du indarrik egingo. Denborarekin ikasi zuen. Hasieratik konturatu nintzen izugarri tiratzen zuela.

Iaz jada lehiatzen hasi zinen.

Lehenik, herri lasterketetan ibiltzen hasi ginen. Hondarribian [Gipuzkoa] egin genuen lehena. Iazko denboraldia amaitzean, Nafarroako Breedna taldeak fitxatu gintuen, eta, aurten, Nafarroan eta Espainiako Kopan lehiatzen hasi gara. Espainiako Kopako bi proba egin nituen azaroan, Lleidan lehena [Herrialde Katalanak] eta Teruelen bigarrena [Espainia]. Abenduan, Nafarroako eta Euskadiko txapelketa bateratua irabazi genuen.

Espero bezain ondo ibili al zineten txapelketan?

Txapelketa izanda, maila handiagoa izango zela pentsatzen nuen. Egia da askok Espainiako Txapelketarako gorde zituztela txakurrak. Halere, ez nuen irabaztea espero.

Handik astebetera, Galizian, hirugarren izan zinen Espainiako Txapelketan. Nolako txapelketa izan zen hura?

Oso txapelketa gogorra izan zen. Hotz handia egin zuen. Bi eguneko proba da, eta lehen eguneko irteera zozketa bidez izaten da. 30 segundoan behin irteten ginen, eta bigarren egunean, berriz, lehen eguneko sailkapenaren arabera abiatu ginen.

Esperotako emaitza izan al zen?

Ez nuen ezer espero. Oso denbora gutxi daramat honetan. Ez da diziplina erraza, ez baita inolako erreferentziarik izaten. Mendiko lasterketetan, badakizu aurkariak non dauden, baina hemen ez. Lasterketa motzak izaten dira, baina beti bete-betean lehiatzera derrigortuta gaude.

Maila handia al dago Espainiako Kopan?

Lehen biek izugarrizko maila dute. Baina alde horretatik desengainu txiki bat izan dut. Lehia handiagoa izango zela espero nuen, hau da, irabazteko lehian jende gehiago egongo zela. Hala ere, kirol honetan edozer gauza gerta daiteke. Niri, esaterako, Espainiako Kopako bigarren probaren hasieran, txakurra beste txakur batekin jolasten hasi zitzaidan, eta 40 segundo galdu nituen korrika hasi zen arte. Helmugan, segundo batengatik izan nintzen laugarren.

Helburu nagusia, halere, urrian, Frantzian jokatuko den Europako Txapelketara joatea izango da, ezta?

Bai, Espainiako Kopan lehen hiru postuetan amaitzen dutenek Europako Txapelketara joateko aukera dute. Aurten, Espainiako Kopako bost probak egiteko asmoa daukat. Oraingoz, hirugarren goaz.

Europako Txapelketa beste kontu bat izango da. Zerekin konformatuko zinateke han?

Berez, txakur kroseko denboraldiaren amaieran beharko luke txapelketak, baina urrian jokatuko da. Txakurrak ia entrenatu gabe izango dira, udan inor ez baita entrenatzen. Halere, izugarria litzateke lehen hamarren artean amaitzea. Izugarrizko maila izaten dela ikusi dut. Pentsa, Espainiako Kopan lehen postuan doana seigarren izan zen azken ekitaldian.

Noiz amaituko duzu txakur krosen denboraldia?

Otsailean, Espainiako Kopako azken proba jokatuko dut, baina, ondoren, herri lasterketaren bat egiteko asmoa dut. Inguruan jokatzen den azken lasterketa Ezkarain [Espainia] izaten da, apirilean. Horrelako lasterketak oso ondo etortzen zaizkit, abiadura mantentzeko.

Txakur kroseaneta mendian zabiltza, baina zuk urte gehienak kirol oso ezberdin batean pasatu dituzu: areto futbolean jokatzen zenuen.

Hala da, bai. 8 urterekin hasi nintzen areto futbolean, eta 30 beteta neuzkala utzi nuen. Ia denbora gehiena, Espainiako Lehen eta Bigarren Mailan aritu nintzen: lehenik, Goierri taldean hasi nintzen; ondoren, Tolosako [Gipuzkoa] Hegoalde taldean aritu nintzen, hiru urtez, Lehen Mailan; eta taldea desagertu zenean, Iruñeko Orvina taldera joan nintzen. Astean hirutan Donostiatik Iruñera joaten nintzen lanetik atera ondoren, eta asteburuetan beti norgehiagokak izaten genituen, Madrilen, Logroñon, Murtzian, Zaragozan [Espainia]... Etxea eta guzti jarri zidaten, eta kobratu ere egiten nuen: 800 euro hilean. Sei urteren ondoren, uztea erabaki nuen. Oso gogorra egiten zitzaidan. Baina urtebete eskalatzen pasatu ondoren, berriro ere areto futbolera itzuli nintzen. Talde giroaren falta sumatzen nuen. Ordizian [Gipuzkoa] beste hiru urtez jokatu nuen, eta Hirugarren Mailatik Lehen Mailara igo ginen. Hirugarren urtean, mailaz jaitsi ginenean, betiko utzi nuen. Areto futbola nire bizitza izan da. Hura utzi nuenean, argi neukan mendiari ekingo niola.

Ez zitzaizun erraza egingo uztea, ezta?

Oso nekatuta amaitu nuen. Betebehar asko izaten nituen: exijentzia handiko kirola da, oso fisikoa. Askotan, ikustera joaten naizenean, berriro ere hasteko gogoa sartzen zait. Oraindik ere, oso gaizki pasatzen dut harmailan. Lagun handiak egin nituen areto futbolean. Ez dut baztertzen itzultzea.

Eskalatzeko aukera nondik sortu zen?

Carlos Lardies tolosarrarekin hasi nintzen eskalatzen. Berak erakutsi zidan dakidan guztia.

Aurretik zer harreman zenuen mendiarekin?

Donostiako Intxaurrondo auzoan dagoen salestarren eskolan ikasi nuen, eta hango zuzendaria oso mendizalea zen. Mendiko talde bat sortu zuen, eta gu ere igandeetan haiekin batera hasi ginen mendira joaten. Etxean ez dut zaletasunik izan.

Inoiz ez diozu utzi kirola egiteari?

Ez, eta uste dut inoiz ez dudala utziko, baina jende asko ezagutzen dut bizitzaren uneren batean kirola egiteari uzten diona.

Gogoan al duzu mendian egin zenuen lehen lasterketa?

Bai, Oiartzunen [Gipuzkoa] jokatzen den Intxixu Trail lasterketa izan zen, 2015eko ekainean. Orduan oraindik areto futbolean jokatzen nuen, eta hura izan zen urte guztian egin nuen lasterketa bakarra. Hamabost kilometroko lasterketa egitera joan nintzen beste bi lagunekin, eta helburu bakarra geneukan: amaitzea. Orduan, dortsal bat jartzea izugarria iruditzen zitzaigun. Gogoan daukat oso gogorra egin zitzaigula, eta zera pentsatu genuela: «Hau oso neketsua da guretzat».

Baina 2016an berriz itzuli zinen. Nolatan?

Bai. Oraindik ere areto futbolean jarraitzen nuen arren, jada mendian gehiago entrenatzen hasi nintzen. Eguerdian, 13:00etatik 15:00etara lanean gelditu egin behar nuen, eta orduan aprobetxatzen nuen entrenatzeko. Urte hartan, lasterketa luzea egitea erabaki nuen, 30 kilometrokoa. Laugarren izan nintzen. Uda hartan utzi nuen futbola. Gerora, 2017an, bertako lasterketa laburra irabaztea lortu nuen, eta izugarrizko poza eman zidan.

Lasterketetan hasi eta gutxira, jada maratoiko distantziak egiten zenituen. Distantziak eta gogortasunak erakartzen al zintuen?

Intxixuko lehen luze hartan ez nintzen asko entrenatzen, baina burugogorra naiz, eta banekien iritsiko nintzela. Nola iritsiko nintzen ez nekien, baina iritsiko nintzela bai. Beti gustatu izan zaizkit lasterketa luzeak.

Gailurra Xtrem saioan ere egon zinen. Zer oroitzapen duzu?

Oso oroitzapen onak ditut. Oso-oso gogorra izan zen. Egun batzuetan, negarrez ere egin nituen kilometro asko. Belaunezurretako zurdetatik txikituta etorri nintzen, eta ia urtebete pasatu nuen gaizki. Entrenamendu faltagatik izan zen, gehienbat nire giharrak beste kirol baterako prestatuta zeudelako. Egunero kilometro asko egin behar genituen, bost egun jarraian... Fisikoki ez nuen asko sufritu, baina lesioak ez zidan korrika egiten uzten. Halere, zalantzarik gabe, berriro ere itzuliko nintzakete.

Iaz, lasterketa asko irabazi zenituen. Hala ere, zuk ez duzu entrenatzailerik. Zergatik?

Futbolean igarotako urteengatik, agian. Iruñean, Lehen Mailan egindako urteetan, dena eginbeharra zen: pisua kontrolatzen ziguten, diziplina gogorra eraman behar gunen... Orain, argi daukat mendira nahi dudanean joaten naizela, ez dudala inolako beharrik. Nahi dudana entrenatzen naiz, eta ez daukat entrenamendu zorrotzik egiteko asmorik.

Denboraldiak nola antolatzen dituzu?

Ez ditut bereziki antolatzen. Orain arte, ilusioak eta motibazioak bultzatu izan nau. Agian, orain, zerbait antolatzea tokatuko zait, hortik etorri ohi baitira lesioak. Egia da, era berean, gaur egun, arazo asko egoten direla lasterketa batzuetan izena emateko, eta horrek berak egun berezi batzuetarako ondo prestatuta egotea eskatzen duela. Lehen, inoiz ez nuen hiru hilabete lehenago inon izena eman beharrik izango.

Lehen aipatu duzu oso gustuko dituzula distantzia luzeak. Halere, inoiz ez duzu ultra distantziako lasterketarik egin. Zergatik?

Oraindik oso goiz dela iruditzen zaidalako. Asko eta ondo entrenatu behar da horretarako, eta uste dut maratoitik ultra baterako jauzia jende askok uste duen baino handiagoa dela. Egia da, agian, maratoi distantziako lasterketak egiteko gehiago itxaron behar nuela. Aurten, Leitzako [Nafarroa] Euskal Herria Mendi Erronka egiteko asmoa nuen, baina Zegama-Aizkorritik hamabost egunera jokatuko da, eta hori oso denbora gutxi da ondo indarberritzeko. Bietako bat aukeratu beharra neukan. Udaren ondoren, agian, animatuko naiz ultra distantziarekin. Baina zail ikusten dut.

Ultra distantziako lasterketak egiten amaituko duzu?

Bai. Esaterako, Chamonixko Ultra Traileko OCC [56 kilometro] lasterketara joateko asmoa nuen, puntuak ere banituen, baina ez joatea erabaki dut.

Mendiko zer lasterketatanlehiatuko zara?

Jurramendi Trail lasterketan [Lizarra, Nafarroa] izena eman dut oraingoz. Ondoren, berriro ere Zegama-Aizkorrin egon nahiko nuke, maiatzean. Iazko denborarekin, sartzeko aukera izango dudala iruditzen zait. Ondoren, udan, beste maratoi bat egitea gustatuko litzaidake.

Kirolik egin gabe biziko al zinateke?

Ez, hori ezinezkoa litzateke nire bizitzan. Astean, gehienez, bi egun pasa ditzaket kirolik egin gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.