Zaharrak berri Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren hamabosgarren ekitaldian: Kilian Jornet kataluniarrak zortzigarren garaipena lortu zuen igandean. Lasterketaren aurretik korrika baino alpinismo gehiago eginda, ia prestatu gabe, jaun eta jabe izan zen berak etxekotzat dituen lasterketan eta mendietan. Beteranoaren ondoan, ia hasiberri bat: 21 urteko Yngvild Kaspersen norvegiarra emakumeetan garaile, bere lehen mendi maratoian (4.50.58).
Eguraldi kaskarra izan zuten irteeran elkartu ziren 520 korrikalariek. Hotz izugarria, Aizkorriko igoeran eta gailurrerian batez ere. Lautik batek —129k— lasterketa utzi zuten.
Jornetek Aizkorrin hautsi zuen lasterketa. Haren atzetik, inor ez: Aritz Egea erretiratuta, Remmi Bonnet suitzarraren arrastorik ez, ez Tadei Pivk italiarra —iazko irabazlea—, ez Manuel Merillas espainiarra... Marc Lauenstein suitzarra eta Luis Alberto Hernando izan zituen aurkari nagusi, mundu batera, hamar minutura, helmugan. Jorneten nagusitasuna erakusten duen datu bat: herenegungo eguraldiarekin bere markatik (3.48.38) bi minutura geratu zen. Jokin Lizeaga izan zen lehen euskalduna, bederatzigarren (4.13.42).
Kaspersen ez zen irabazteko faboritoa, baina, atzetik aurrera egindako lasterketari esker, Megan Kimmel estatubatuarraren eta Oihana Kortazarren aurretik sartu zen. Azara Garcia espainiarrak —iazko irabazleak— lasterketa utzi zuen, hotzarengatik.
Nagusitasunez, Kilian Jornet
Kilian Jornet ezagunak eta Yngvild Kaspersen gazteak irabazi dute Zegama-Aizkorri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu