Zakurra, egiazko laguna. Hala dio esaera zaharrak. Horretaz asko daki Iker Ozkoidik (Iruñea, 1979). Arotza da lanbidez, baina hogei urte baino gehiago daramatza lera gidari. Nazioartean hamaika lasterketa egin eta irabazi ondotik, etxean lehiatu da iragan asteburuan eta Hego Euskal Herriko txapelketa irabazi du Linzan (Huesca, Espainia). Aita izan berritan, nahi baino asti gutxiago dauka entrenatu eta lehiatzeko; etorkizuna, baina, txakur lerei bultzaka ikusten du oraindik.
Hego Euskal Herriko txapelketa irabazi berri duzu Linzan. Nolako lasterketa izan zen?
Linzakoa oso lasterketa azkarra izan zen, sprint erakoa, bost kilometro egin genituen larunbatean eta beste hamar igandean. Zirkuitua, ordea, oso teknikoa izan zen, bihurgune itxi askorekin eta oso dibertigarria. Larunbatean 16:00etan hasi zen proba; bero zegoen, eta elurra oso eraldatuta zegoen. Igandean, berriz, kontrakoa, zirkuitua bikain zegoen, eta txakurrek oso azkar egin ahal izan zuten korrika. Oso asteburu polita izan da.
Lasterketa asko egin dituzu atzerrian. Etxetik gertu irabaztea, ordea, berezia izango zen, ezta?
Bai etxean irabaztea beti da berezia. Urte asko ziren etxean asteburuko lasterketarik egiten ez nuela eta horrek ere are bereziago egin du. Azken urteetan kanpoan lehiatu naiz batez ere eta ahaztuta neukan etxeko lasterketetan nolako giro polita izaten den. Besteetan ere giro ona egoten da, baina etxean, beti da ezberdina.
Urtarrilean, berriz, Alpen Trail lasterketa entzutetsuan hartu zenuen parte, Italiako Alpeetan.
Bai, Alpen Trail bereziki gogorra izan da aurten, beroa egin duelako eta elurra oso egoera txarrean egon delako. Hori ez da ohikoa Dolomitetan. Azkenean, zazpigarren postuan amaitu nuen. Ez da oso emaitza ona, baina pozik nago, udazkenean aita izan nintzenetik ezin izan baitut nahi beste entrenatu.
Nolako lasterketa da Alpen Trail?
Distantzia ertaineko lasterketa bat da, desnibel handikoa eta hainbat etapatan egiten dena: 300 kilometro dira guztira, zazpi etapatan banatuta eta gutxi gorabehera 60 kilometro egiten dira egunean. Europako lasterketa garrantzitsu eta handienetakoa da Alpen Trail, parte hartzaileen maila ere handia izaten delako.
Hogei urte baino gehiago daramatzazu txakur gidari. Noiz eta nola hasi zinen?
11 urterekin hasi nintzen, aitak lagunduta. Malamute txakurkume bat oparitu ziguten, eta guk hezi genuen. Horrela hasi zen nire harremana txakurrekin. Urte haietan oso musher gutxi zeuden, eta gehienak Kataluniakoak ziren. Garai hartan ez genuen kirol hau askorik ezagutzen, eta ahal genuen moduan antolatzen ginen: guk geuk egiten genituen zurezko lerak, arnesak, tiro lerroak, eta abar. Pirena sortu zen arte. Pirenari esker asko ikasi genuen lehiatzera zetozen atzerritarrengandik, haiek guk baino askoz urte gehiago zeramatzatelako lera probetan. Gainera, guretzat haientzat baino askoz zailagoa izan da beti txakurrak lasterketetarako entrenatzea, ez duelako hainbesteko hotza egiten hemen, eta ez dauzkagulako haiek dituzten zirkuitu egokituak.
Zertan datza zehazki mushing-a?
Zenbait txakurrek lera bati tiratzea da mushing-a. Lehia mushing-ak, ordea, askoz gauza gehiago hartzen ditu barnean: genetika oneko txakurrak, haiek ongi entrenatu eta elikatzea eta batez ere asko maitatzea. Mushing-a bizitzeko modu bat da niretzat. Etxea, lana, oporrak… dena dago zaletasun horretara egokituta.
Lera gidaria zara. Zer esan nahi du horrek?
Jende gehienarentzat txakurrek tiratutako lera bat gidatzen duen pertsona da musher-a. Niretzat, ordea, txakurrak maite dituen pertsona da, haiek zaindu, elikatu eta entrenatzen dituena. Baita haiekin jolasten dena ere.
Izan ere, txakurren eta gidariaren arteko harremana erabakigarria da kirol honetan, ezta?
Bai, erabat. Lasterketetan daukadan arrakastaren %80 txakurrekin daukadan harremanaren ondorioa da, nire ustez. Egunez egun, urte osoan, lantzen eta lortzen den zerbait da hori. Entrenatzea eta elikatzea ez da nahikoa, haien entrenatzailea eta laguna izan behar duzu aldi berean, eta bien arteko loturak konfiantzan eta errespetuan oinarritu behar du.
Nolako txakurrak dauzkazu lehiatzeko?
Txakur nordikoen eta braco edo pointer arrazen arteko txakur gurutzatuak dauzkagu egun. Txakur hauek huskyak baino askoz ere azkarragoak, indartsuagoak eta gogorragoak dira.
Nola entrenatzen zarete zu eta txakurrak?
Egiten ditudan lasterketa gehienak desnibel handikoak dira, eta oso garrantzitsua da gidaria sasoiko egotea. Dena den, ni neu ez naiz asko entrenatzen, denbora gehiago egiten dut txakurrak entrenatzen. Irailean hasten naiz haiek entrenatzen, hotza egiten hasten denean. Hasieran quad ibilgailu bati lotuta entrenatzen ditut, muskulua egiten has daitezen. Lehen saioetan kilometro gutxi egiten ditugu, eta sasoia hartu ahala, gero eta gehiago egiten ditugu. Horrela aritzen gara abendura arte, hemen inguruan, Pirinioetan. Abendutik aurrera, berriz, Alpeetara edo Norvegiara joaten naiz haiekin entrenatzera.
Nola elikatzen dira lera txakurrak?
Nire txakurren elikaduraren oinarria Canun pentsuak dira. Horrez gain, entrenamendu garaian txahal eta oilasko haragia ere ematen diet. Lasterketa garaian, berriz, lasterkariak bezala elikatzen ditut, hau da, bitamina, aminoazido eta bestelakoekin osatzen dut haien dieta.
Pirena lasterketa aipatu duzu. Hainbat aldiz parte hartu ostean 2009an irabazi zenuen. Zure ibilbideko mugarrietako bat izan zen?
Bai, Pirena irabaztea handia izan zen niretzat, urte luzez ikasitako guztiaren eta egindako ahaleginaren ordaina. 18 aldiz hartu dut parte lasterketa horretan, eta oso polita izan zen irabaztea, etxetik gertu geneukan lasterketa handiena zelako. Horrez gain, urte hartan irabaztea oso berezia izan zen, inoizko lasterketa gogorrena izan zelako eguraldiarengatik. Urte hartan asko entrenatu ahal izan nintzen, eta bikain atera zen.
Nolako lasterketa zen Pirena?
Oso lasterketa gogorra zen, kilometroengatik baino gehiago 15 eguneko lasterketa zelako. Egun asko ziren, eta txakurrak ongi zaintzen eta haien indarrak neurtzen jakin behar genuen.
Iaz Pirena desagertu eta gero, lera lasterketek ez dute oihartzun handirik gurean. Zergatik?
Azken hiru urteetan egin ditudan lasterketa gehienak atzerrian egin ditut, Italian, Frantzian eta Suitzan batez ere, hemendik gertu distantzia erdiko lasterketa gutxi daudelako. Mushing-a kirol ikusgarria da, eta oso erakargarria, baina ez dauka oihartzun handirik. Gauza asko egin daitezke kirol hau bultzatzeko. Gidariontzat, esaterako, garrantzitsua izango litzateke federazioen aldetik laguntza handiagoa izatea. Kirola bera sustatzeko, berriz, lasterketa gehiago egin beharko lirateke. Hedabideetan oihartzun handiagoa izatea ere oso lagungarria izango litzateke, babesle gehiago lortu eta lasterketa gehiago egingo liratekeelako, hemen nahiz nazioartean.
Zein izango duzu hurrengo lasterketa?
Hurrengo helburua Espainiako txapelketa izango da. Martxoaren 23an eta 24an jokatuko da Vaquèira-Bereten (Kataluniako Pirinioak). Hori izango da denboraldiko azken proba.
Ametsik baduzu?
Lasterketa asko egin nahiko nituzke, baina denen artean Open North America proba egitea gustatuko litzaidake, Alaskan. Lasterketa hori, ordea, oso garestia da. Nire babesleei esker (Canun, Ternua, Actimel) ari naiz lehiatzen, eta haien laguntzarik gabe ezingo nuke lasterketarik egin, baina txakurrak Alaskara eramatea oso garestia da, eta oraingoz Alaskakoak ametsean geratu beharko du niretzat.
Udazkenean aita izan zinela esan duzu. Zure ondorengoei txakurrenganako maitasuna helaraziko diezu?
Bai noski. Ikaragarri gustatuko litzaidake alabak nire ibilbideari segitzea, eta lera probetan lehiatzea, baina hori berak erabakiko du [barrez]. Oraingoz txakurrez inguratuta bizi da, haiekin elkarbizitzan, eta gustuko duela dirudi. Lau hilabete baino ez dauzka, eta lasterketa guztietan izan da gurekin neguan.
Mendia. Lera probak. Iker Ozkoidi. Lera gidaria
«'Mushing'-a bizimodu bat da niretzat; dena dago horretara egokituta»
Iker Ozkoidik hogei urte baino gehiago daramatza lera gidari, eta azken zazpi urteetako Espainiako txapelduna da. Hego Euskal Herriko txapelketa irabazi berri du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu