Irati Anda

«Munduak ni konkistatzea gauzarik ederrenetakoa da»

Arabako hiriburuan jaio zen, duela 28 urte. Gaztetxotan hasi zen paretetan hankak eta eskuak indartzen eta bertsotan lau oinekin burua garatzen.

Amaia Agirre Arrastoa.
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Bertsoa taldeko lan eta gozamen moduan bizi du, eta eskalatzea bakarkako lana da, diziplina handia eskatzen duena. Orduan eta gorago, orduan eta gainditu-nahi handiagoa. ETB2ko El conquistador del fin del mundo programan ikus dezakegu azkenaldian.

Bertigoa, libidoa, giroa, motiboa. Zer datorkizu burura?

Bizitza bera datorkit burura; kasu honetan nirea, noski. Zer nahi dudan edo nora jo nahi dudan jakiteko gauzak probatu egiten ditut, eta zerbait gustuko dudanean bertan geratzen naiz gozatzen. Bestela, aurrera segitzen dut gauza berrien bila, motibazio berrien bila.

Zer esango zenioke oinak lurrean eduki behar direla dioen hari?

Oinak lurrean eduki baino gehiago, ondo bermaturik izan behar direla. Nire ustez, garrantzitsuena oreka mantentzea da, eta, ondoren, harekin jolastea. Inoiz eroriz gero jaikitzen ikastea ez da erraza, baina ikaskuntza polita da. Oreka lortu, desorekaren mugetan jolastu, erori, jaiki... Bizitzak badu bere xarma.

2007-2011. Zer pasa da bitarte horretan?

Gauza ugari gertatu dira arlo profesionalean zein pertsonalean. Nik uste dut garai honetan nire bizitza osoan baino gehiago ikasi dudala. Gainera, esperientziatik ikasi dut, ez liburuetatik, eta esperientzia hau betiko tatuaje baten moduan sentitu dut niregan erroturik.

Iaz, Aizkorak Zorroztu taldearekin atera zinen Arabako Bertsolari Txapelketan. Zuen mingainak behar bezain zorrotz ez zeuden beldur zinetelako jarri al zenioten izen hori?

Gure mingainak aizkorak bezain zorrotz genituen, nahiz eta aizkora bat konfiskatu ziguten! Muxu potolo bat, Jagoba! Baina egurra bete-betean banatzen zuten talde indartsuen aurrean egurra mozteko prest generamatzan beste aizkorak ere mihiaz aparte.

8b, 8c. Bertsoek ere hortxe dute indarra.

Baina indarra egiteko ez dago mailarik altuenetara edo bertso doinurik luzeenetara jo beharrik. Norberak bere neurria topatzea da onena, eroso sentitzeko, gozatzeko eta, noski, noizean behin ondo dator garuna eta giharrak ondo estutu eta bederatziko batekin ausartzea. Dena den, uste dut lehenago egingo nukeela bederatzi puntuko bat bederatzigarren mailako bide bat baino.

Taldeko lana edo bakarkako lana?

Non, noiz, nola, norekin, zertarako... Horren arabera. Guztiok bakarkako lan apur bat gehiago egingo bagenu, guere burua ezagutu, ulertu eta maitatzeko, talde lanean hobeto arituko ginatekeela uste dut. Gaur egun, bakarka aritzen gara talde lanean.

Eskalatzerakoan sokak ondo lotzea ezinbestekoa da. Bertsotan korapiloak askatzea da helburua, ezta?

Nahikoa korapilo badu elkarrizketa honek ere! [kar, kar, kar]. Hitz jokoetan galduta erotzeko beldurra eta bertigoa ere sartu zaizkit!

Zernahi txapelketara zoazela bezperatik erabakitzen al dituzu biharamuneko galtzak?

Eskalada txapelketa bat baldin bada, bai. Motxila bezperan prestatzen dut, eta ongi aukeratzen ditut erabiliko ditudan prakak. Bertso saio baterako ere, poltsikoak beharrezkoak dira praketan, bestela ez dut jakiten eskuekin zer egin, eta azaleko kailu edo babekin jolasean hasten naiz.

Mundua konkistatzera zoazela uste, eta zenbat aldiz jan zaitu munduak?

Munduak ni konkistatzea bizitzan gerta dakidakeen gauzarik ederrenetakoa da. Azkena Iguazun [Argentina] ur-jauziak ikusten egon nintzenean izan zen. Izugarria da uraren indarra eta handitasuna; hori bai, hori zen bertigoa sentitzea.

Kapitaina izateko izaera bigunegia al duzu?

Mekaguendios, ostia, joder, puta!!! Horrelakoak esan behar dira izaera indartsua izateko. Ideiak argi dituen pertsonak ez du oihu egin beharrik horiek adierazteko. Oihu egin behar izaten duen jendeak argumentu gutxi izaten du bere ideiak defendatzeko. Ozenago esateak ez du esan nahi izaera indartsuagoa izatea, ahots indartsua duzula soilik. Nik izaera biguna? Ez.

Zure besoek 30 metroko haitz bertikal zurrun batek baino bertigo handiagoa ematen omen dute.

Ez pentsa, ez naiz horren altua. Bi zentimetro falta ditut beldurra ematen hasi ahal izateko.

Zer da zailagoa: zu berriz ere munduko eskalada txapelketan ikustea edo Gasteizen euskara hutsean bizitzeko modua izatea?

Ziurrenik lehendabizikoa. Nik jadanik bizi izan dut munduko lehia gogorrenetan bizi beharreko zirrara eta lehia. Euskara, ordea, urterik urte haziz doa.

Magnesio hautsarekin igurtzi ohi dituzue zuek eskuak. Nork uste duzu dituela eskuak zuri eta zikin rokodromo eta harkaitzetatik kanpora?

Denok ditugu eskuak zikin. Gure ingurura begiratzea nahikoa da. Arnasteko aire garbirik ere apenas geratzen zaigun. Norberak bere zilborrari begira bizi ditu egunak; besteen kaka besterik ez dugu ikusten gurea garbitzeko astirik hartu gabe. Ez da oso urrunera joan behar zikinkeria usaintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.