Mendia

Moose's Tooth ireki dute Lamak eta Arnoldek

'Bird of Prey' izendatu dute 48 ordutan zabaldutako bidea; M7+, 6a eta A2 zailtasun mailak ditu

David Lama, Cerro Torren gora. CLIMBANDMORE.
2013ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
David Lamak eta Dani Arnoldek jarduera bikaina egin dute Alaskako eremu arrotzera bidaiatu duten lehen aldian. Moose's Tooth horma aukeratu zuten erronka berriari ekiteko, eta bete-betean asmatu dute. Bird of Preyizena jarri diote 48 ordutan zabaldutako bide berriari. Zailtasunari dagokionez, M7+, 6a eta A2 mailak proposatu dituzte 1.500 metroko luzera duen lerro berriarentzat.

Jim Bridwell eta Mugs Stump izan ziren Moose's Tooth horman bide bat zabaldu zuten lehen alpinistak, orain 30 urte. Estatubatuarrek estilo garbi eta aurrerakoia erabili zuten The Dance of The Woo-Li Masters bidea zabaltzeko orduan, ia materialaren arrastorik utzi gabe. Abentura horrek bultzatuta ekin zioten Lama austriarrak eta Arnold suitzarrak bide berria zabaltzeko asmoari. Buckskin glaziarrera iritsi eta egun berean egin zuten alde lainoek, eta alpinistei aurre egiteko asmoa zuten hormaren ekialdeko hegala ikusteko aukera eman zien. Egun berean eraman zuten beharrezko materiala beheko kanpalekutik hormaren oineraino, eta zabaltzeko asmoa zuten lerroaren nondik norakoak aztertu zituzten.

Hurrengo egunean abiatu ziren beheko kanpalekutik 48 ordu iraun zuen abenturan murgiltzeko. Zailtasun handiei egin behar izan zieten aurre bi eskalatzaileek lehenengo egunean: suitzarrak bi ordu baino gehiago behar izan zituen baldintza txarretan zegoen luze bat bukatzeko. «Luze horren ostean, zalantzak izan genituen aurretik genuena eskalatzeko gai izango ote ginen ala ez; zalantzarik gabe, oso ibilbide gogorra aukeratu genuen», adierazi du Lama gazteak.

Hurrengo luzeetan izotz fineko tarte mistoak eskalatu zituzten; horien ondoren, Arnold suitzarra nekeak jo zuen eta Lamak hartu zuen sokaburua. Pare bat luze zabaldu zituen austriarrak, eta lotarako kanpalekua ezarri zuten.

Behin atseden hartuta, tartean aurkitu zituzten sabaiek eman zien buruhauste gehien. Eskuin- ezker egindako zeharkaldiekin gainditu zituzten tarte horiek. Hortik gora, izotzean eskalatuz iritsi ziren Moose's Tooth hormaren tontorrera. Beherako bidea lerro beretik egin zuten, eta rapel luze batzuen bitartez sabaiak gainditzea lortu zuten.

Jarduera bikaina osatu dute Alaskako lurralde basatira lehen aldiz joan diren bi alpinista gazteek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.