Monte Rosa mendi multzoa lau mila metroko gailur garaiez osatuta dago, eta bere punturik gorena Dufourspitze (4.634 m) da; Mont Blancen ondoren, Alpeetako altuena. Saas Grund herrian (Suitza) eman diogu hasiera abentura txiki honi. Eguraldia lagun, Saas Feera doan bidea utzi, eta errekaren paraleloan hedatzen den xendan barrena Saas Almagelera heldu gara. Bide-seinaleek erakusten diguten norabidean Saaser Vispa bailaratik Eiu Alpeko basoetan murgildu, eta Mattmark laku artifizialaren ondora heldu gara. Ertzetik ibiliz, lakua puntatik puntara zeharkatu, eta Monte Moro leporantz jo dugu. Walseren antzinako bide honetatik igoera gogorra egin zaigu, eta erne ibili behar izan dugu markak ez galtzeko. Bide arrokatsuan gora egin dugu, lepoan dagoen Elurretako Ama Birjinaren (Madonna delle Nevi) urre koloreko estatuaren ondora heldu arte (2.786 m). Italia eta Suitzaren arteko lepotik dagoen ikuspegia oso zabala da, baina Monte Rosaren ekialdeko aurpegi ederrak erakarri du gure arreta.
Zerbait jan eta edan ondoren, Anzasca haranean dagoen Macugnagara jaisteko teleferikoa erabili dugu, ordu asko baitaramatzagu ibilian. 1.265ean Walserek fundatutako herrira heldu orduko, dutxatu eta ingurua ezagutzera atera gara. Herri eder horren kanposantuan, Monte Rosako hormetan eta glaziarretan hildako mendizale batzuen hilarriak daude, eta ondoan dagoen ezki zaharraren itzalean, inguruko herrietako ordezkariek bilerak egiten omen zituzten karguaren zina egiteko, gure Gernikako Arbolapean egin ohi den moduan.
Alta Valsesiaren lurretan
Egunsentiak Monte Rosaren beste ikuspegi ederra erakutsi orduko, gosaldu eta abian gara, Anzako uharraren ondotik bailararen beheko aldera jaitsiz. Issellako auzoa gurutzatu, eta laster heldu gara Quarazzako urtegi txikira. Basoan zehar, Crocetteko meategietako aurriak atzean utzi, eta Alpe Pianako larre eguzkitsuetara iritsi gara. Sigi-sagan primeran trazatutako bidetik, erraz irabazi dugu altuera. Sentiere della Liberta deitzen diote bideari. 1943ko amaiera aldera, alemaniarrek penintsula okupatu ostean, preso aliatu kopuru handi bat askatu zuten italiar partisanoek, eta bertako jendearen eta gerrillari antifaxisten laguntzaz, negu gordinean, bide hauetaz baliatu ziren askatasuna lortzeko. Batzuk bidean geratu ziren, alemaniarrek harrapatu eta exekutaturik.
Alpe Schenara heldu, eta bide errazak Lanti bibakera eraman gaitu. Aurrez aurre dugun azken malda pikoari ekin aurretik, Quarazzako bailara ederrari so geratu gatzaizkio. Sigi-sagari segituz, Turlo lepora (2.730 m) iritsi gara, eta han dagoen harrizko mahai moduko batean hamaiketakoa egin dugu. Maldan behera jarri bezain pronto, ezkerrera utzi ditugu Turloko lakuak, eta jaitsiera luzea egin dugu. Grafenboden eta Fallerko larreak igaro, Sesia uharra gainditu, eta Pastore aterpe dotorera iritsi gara. Terrazan eseri eta garagardo freskoari zurrut eginez, aurrez aurre dugun ikuskizunari begira geratu gara: Gnifetti Punta (4.559 m) eta segidan lerrokatzen diren beste mendi gailurrek osatzen duten postal perfektua. Iluntzean, Regina Margherita aterpearen argiak (4.554 m) zeru izartsuan txertaturik. Afaldu, eta ohera.
Hirugarren eguna da. Eguraldia lagun, Alagna herritik doan bide nagusia utzi, eta bide alternatibo bat aukeratu dugu. Sesia errekaren ondotik Crespi Calderinira zuzentzen den igoera pikoari ekin diogu, eta lehen izerdi tantak kopetatik irristatzen hasi orduko, aterpearen ondora ailegatu gara. Vallon delle Pisseko larreak gurutzatu, eta izen bera duen ur-jauziaren ondotik Vincent Piramidearen glaziarren azpiko aldera iritsi gara. Alpe la Balmako teleferiko zaharraren ondora iritsita, zaila gertatu zaigu bide zuzena aurkitzea; eguraldi txarrarekin ingurune zaila eta arriskutsua da. Azkenean, Mullinitik jo dugu aurrez aurre dugun paretatzarraren oinera helduz. Kostata, magal harritsutik igoz lortu dugu Valico Cimalegnako lepora iristea. Ur tragoxka bat egiten dugun bitartean behean, Olen bailaratik lainoa igotzen ari dela ikusi dugu, eta goian, berriz, Vicent Piramidea, Liskamm eta Castor garaien bista aparta. Oso egoera kaskarrean dagoen Guglielmina aterpea pasatu, eta Olen lepoan (2.881 m) hamaiketakoa egin dugu, urrutian Mont Blanc eta Gran Paradiso agertzen direlarik.
Eski pistetatik beherantz egin dugu, eta gure eskuinera Lys aterpea utzita, Gabiet aterpera heldu gara. Dutxatu, eta gertu dagoen Gabiet urtegiaren ertzeko belardian eseri gara, atzean utzi dugun Alta Valsesia haranean zehar azken bi egun hauetan bete dugun bidea gogora ekarriz.
Val d'Ayasko bideetan barna
Gosaldu, abian jarri, eta berehala hasi gara altuera galtzen. Mos bailaran ondo trazatutako xenda batek Staval herrira eraman gaitu. Herria zeharkatu, eta basoan marrazten den eski pista luzea segituz, Alpe Sittenera igo gara. Pista aspergarria da, eta oraindik beste 500 metroko desnibela gainditu behar izan dugu Bettaforcako lepora iristeko (2.672 m). Ayasko harana gure mendean, eski pisten ondotik doan xenda bilatu dugu. Goiz da, eta Alpe Forcara iristean, bertan dagoen laku txiki baten ertzean atseden hartu dugu. Zirkuituko etaparik laburrenari amaiera emateko, Resy auzorantz jo dugu, eta hango Ferraro aterpean hartu dugu atseden. Fausta, jabea, urtero Nepal edota Tibetera joan ohi da, eta Himalaiaren presentzia nabaria da. Paretetako argazki ugarietan hango mendi eta jendearen bizimoduak islatzen dira. Afaldu, eta goiz oheratu gara, bihar egun luzea eta gogorra izango dugu eta.
Oso goiz jarri gara martxan. St. Jacquesera jaisten den bidea ezkerrera utzi, eta basoan murgiltzen den bidetik Pian di Verrazera jaitsi gara. Breithorn, Pollux eta Castor mendiek menderatzen duten bailara eder horri bizkarra eman, eta TMRren seinaleak segituz Pian di Tzerera igo gara. Inguru bakartia bezain ederra. Alpe Vardan, bat egin dugu Fierytik datorren bide zaharrarekin, eta aurrerago Alpe Maseko goi larreetara. Paraje berezi hauetan, xenda erraza zeharka-meharka dabil errekastoen artean, Gran Lagokolaku berde turkesaren ondora iritsi arte. Azken maldak Colle Superieur delle Cime Blanquen (2.981 m) utzi gaitu, eta bertatik ikusi ahal izan dugu lehen aldiz Cervino edo Matterhorn mendi ospetsu eta bikainaren irudi osoa. Pozaren pozez hamaika argazki atera, eta aurrera egin dugu Theodulpass lepoaren bila.
Eguraldia lagun, Plan Maison aldera doan bide nagusia utzi, eta Cerviniako eski pistetan barrena altuera irabazi dugu, bide ofizialarekin bat eginez. TMRren bide-seinaleekin batera GSWarenak (Grand Sentier Walser) ikusi ditugu. Cervinotik gertuago gaude, baina lepora heldu aurretiko azken 300 metroetako desnibela gogorra gertatu zaigu. Italia eta Suitzako mugako Theodulpass lepoan (3.290 m) arnasa hartu, eta betarik galdu gabe aurrera egitea erabaki dugu, haize fina dabil eta. Aurrez aurre dugun glaziarrean zehar kontu handiz jaisten hasi gara, izotz plakak eta elur bigunak saihestuz. Arreta handia jarri behar izan dugu Trockener Stegg teleferikoraino hedatzen den glaziarrean, pitzadurek eta elur urtuek osatzen dituzten errekasto anitzetatik ihesi; hala ere, ezin saihestu behin edo beste erortzea. Mokadu bat jaten dugun bitartean, bertatik dugun 360 graduko panoramikaz gozatu dugu: Monte Rosa mendigunea osatzen duten Breithorn (4.159 m), Pollux (4.092 m), Castor (4.223 m), Lyskamm (4.527 m), Gnifetti (4.563 m) eta Dufour (4.609 m) puntak alde batetik, eta Dent Blanche (4.357 m), Ober Gabelhorn (4.063 m), Zinalrothorn (4.221 m) eta Weisshorn (4.506 m) menditzarrak bestetik. Iparraldera begiratuz, Mattertal haranaren ekialdean, Strahlhorn (4.190 m), Rimpfischorn (4.199 m), Allalinhorn (4.027 m), Alphubel (4.206 m), Taschorn (4.491 m) eta Dom (4.479 m). Eta bi mendigune erraldoi horien artean, Cervino edo Matterhorn (4.476 m) mendiaren piramide perfektua. Mendien sinfonia harmoniatsua osatzen duen postal paregabea. Ederra bezain gogorra suertatu zaigun etapa amaitzeko, Zermatteraino teleferikoa hartzea erabaki dugu, herria ezagutu eta bertako giroaz gozatzeko gogotsu baikaude.
Europaweg eta Hohenweg
Egunsentian, Zermatteko hotel txikiaren balkoitik Cervino edo Matterhorn mendi ospetsuaren Zmutt, Hornli eta Furggen1 ertzek osatzen duten piramide perfektuari begira eman ditugu seigarren egunaren lehen minutuak.Europaweg bidea puntatik puntara egiteko, Sunneggara lur azpiko tren kremailera batean igo gara, bertatik bailara osoaren ikuspegi bikaina baitago. Motxilak bizkarreratu, eta martxan jarri gara, azkenean. Mattertal haranaren gain aldetik hedatzen den bide eder hori balkoi naturala da, eta primeran balizaturik dago. Geroz eta airetikoagoa den xendan barrena, Ottavan auzora iritsi gara, Allalinhorn eta Rimpfischhorn mendi garaien glaziarren azpi aldera. Leku polita eta lasaia hamaiketakoa egiteko.
Hesola metaliko batean jarrita dagoen ohar batek bidea itxita dagoela ohartarazi digu: nonbait, berrehun metroko zubi esekia hautsita dago, eta ezin da aurrera egin. Zorte txarra! Randa herriraino jaitsi behar izan dugu, eta gero, berriz, Europahutte aterperaino igotzeko, beste 800 metroko desnibela gainditu (2.265 m). Soseguz egin dugu, erritmo egokian, eta aterpera heldu orduko, gure ahaleginak bere saria izan du: terrazan eseri, eta garagardo fresko bat eskutan dugularik, gure parean altxatzen den Weisshorn mendi bikainaren ertz luze eta zorrotzaren ikuspegiaz gozatu dugu. Aterpeko nagusiak prismatikoak hartu eta debeku-seinaleei muzin egin dioten mendizale talde batilagundu behar izan dio aterperainoko bide zaharra eta hondatua bilatzen. Arriskutsua oso.
Zazpigarren egunaren egunsentiak ere irudi polita erakutsi digu. Gosaldu eta abiatu bezain pronto, Himalaian aurki genezakeen zubi moduko bat zeharkatu eta gero, Dom mendiaren magaletan elur-jausi eta ekaitzen ondorioz bidera eroritako arrokek zaildu egin dute ibilera. Kasik mila metroko amildegien ertzetik igaro eta gero, ez dugu lasaitasunik hartu St. Niklaus estatuaren ondora iritsi arte. Atseden laburraren ostean, baso ederraren itzalean Gasenried herriraino jaitsi gara, eta segidan, Grachenera. Teleaulkiaren ondoan dagoen mahai batean urdaiazpikoa ogiarekin jan, eta martxan jarri gara Hannigalp aterpera igotzeko dauden 500 metroko desnibela gainditzeko. Zum See atzean utzi, eta eski pistatik barrena lortu dugu gaurko etapari amaiera ematea (2.121 m). Hemen amaitzen da Europaweg bide berezi eta ederra, eta bihar, berriz, zirkuitua bukatzeko, Saastal haranaren gainetik marrazten den Hohenweg bideari helduko diogu. Gauez, ekaitza lehertu da erabat hutsik dagoen eski estazioan; bakarrik gara aterpean.
Eguzkiak ez digu gaurkoan ere hutsik egin. Berehala ohartu gara bide hau bestea baino berdeagoa dela. Ibilbidea primeran trazatuta egon arren, zenbait tartetan kable edota sokak jarri dituzte, batik bat amildegiaren gertutasunak hala eskatzen duenean. Basahuntz alpetar eta chamois ugari ikusi ditugu, larreetan lasai bazkatzen. Mendiak dituen irtengune eta sartuneak inguratuz, aurrera egin dugu gogotsu. Saas Grund herria ikusi orduko, zerua estali egin da, eta Dom mendiaren gain aldean lehertu da ekaitza. Zortzi egunez eguraldi ona izan dugu, eta azkenean tximista eta trumoiek motxilan ondo gordeta daramagun goretexa janztera behartu gaitu. Ordu bat geroago helmugara iritsi gara, eguzkiaren izpiak berriro bazterrak argitzen hasi diren bitartean. Akabo! Gozatu dugu!
Bidaideak: Joan Mari Torrealdai eta Mikel Arrizabalaga. Mendiak eta Herriak mendi gidarien enpresako Felipe eta Ainarari mila esker zortzi egunez izugarri gozatu dugun mendi ibilaldi eder hau antolatzeagatik.
Ezarian. Bidai eta mendi kroniken lehiekata
Monte Rosa inguratuz
BERRIAren bidaia eta mendi kroniken lehiaketa irabazi zuen iaz Mikel Txertudik. Sariari esker, Monte Rosa mendi multzoan TMR zirkuitua osatu du. Honatx bidaiaren kronika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu