Mont Blancek baditu milaka aurpegi

Mendi desiratua da Alpeetako erraldoia: urtero 20.000 lagun baino gehiago saiatzen dira hura igotzen, eta 100 bat mendizale hiltzen dira. Gidari batzuk mugak jartzearen alde dira. Turismoaren gorakada, glaziarren atzerakada... ertz ugari ditu mendiak.

Salbamendu taldeen helikoptero bat Mont Blanc mendigunean hegan. Udan, batez beste, 6-7 erreskate egiten dituzte egunean. GREGORY YETCHMENIZA / LE DAUPHINE
Salbamendu taldeen helikoptero bat Mont Blanc mendigunean hegan. Udan, batez beste, 6-7 erreskate egiten dituzte egunean. GREGORY YETCHMENIZA / LE DAUPHINE
Ainhoa Lendinez
2024ko urriaren 9a
05:00
Entzun

Mont Blanc. 4.808 metro, Europa mendebaldeko eta Alpeetako mendirik garaiena. Munduan jende gehien erakartzen duten mendietako bat da: urtero 20.000 lagun baino gehiago saiatzen dira Mont Blanc gailurrera iristen, gehien-gehienak udan. Egunean, 300 bat lagun, Italiako eta Frantziako bide ezberdinetatik. Eta horren ifrentzua: mendi horretan gertatzen diren istripu ugariak. Heriotza gehien eragiten duten mendietako bat da Mont Blanc. Urtero 100 bat lagunek galtzen dute han bizia, eta uda da sasoirik latzena. Aurtengo udan 11 mendizale hil dira, tartean bi gipuzkoar, Mont Blanc du Taculetik jaisten ari zirela. Fabio Levi katalanak 15 bat urte daramatza Mont Blancen gidari: «Azken berrien arabera, hiru gazteak Mont Blanc du Taculeko bide arruntetik igo ziren. Antza denez, jaitsieran, leku ezegonkor batean egin zuten bilgunea, huts egin zien, eta hiru lagunetako bi erori egin ziren, Gervasutti korridorean behera». Abuztuaren 22a zen, eta euskal mendizale komunitatea lur jota utzi zuen albisteak.

Zergatik, ordea, horrenbeste istripu Mont Blancen? Michel Gonzalez aragoiarrak (Espainia) 20 urte daramatza gidari lanetan, eta Chamonixen bertan bizi da: «Mundu guztiak igo nahi du Mont Blanc, eta jendetza dabil azken urteetan. Horrez gain, udako beroaren ondorioz, baldintzak ez dira onenak izaten. Koktela beldurgarria da». Gonzalezen arabera, klima aldaketaren ondorioz, urtaroak asko ari dira aldatzen Mont Blancen, eta gidari batzuk uko egiten hasi zaizkio abuztuan gailurrera igotzeari. Areago, ez dute gaizki ikusten neurriak hartzea igoerak mugatzeko. Bide arruntetik igotzeko, esaterako, 2019tik ezinbestekoa da bi aterpetxeetako batean, Gouterren edo Tete Rousen, lotarako lekua hartzea —120 leku dauzka lehenengoak, 72 bigarrengoak—. Garai batean Gouter inguruan modu librean kanpatu zitekeen, baina hainbat mendizale hil ziren hipotermiak jota, eta orduan hartu zuten neurria. Gonzalezen hitzetan, «bide arrunteko murrizketek eragin argia izan dute istripuak gutxitzeko garaian».

Prestakuntza falta

Ertz zorrotzak, eskalada pikoak, glaziar amaigabeak eta arrakala sakonak. Haizea, elurra eta hotza. Mendiak arrisku objektiboak dauzka, eta istripu batzuk zorizkoak dira, baina arduragabekeria eta prestakuntza falta ere badaude faktoreen artean. «Batzuetan egoera negargarriak ikusten ditugu mendian. Ikaratu egiten gara mendizaleak sokan nola doazen ikusita. Bat eroriz gero, denak erortzeko moduan», dio Gonzalezek. Eta gaineratu du garaiak asko aldatu direla: «Garai batean jendeak ez zeukan material onik, baina esperientzia edo jakituria bai. Orain mendizaleak moda-modako arroparekin eta materialarekin doaz, baina askok ez dakite kranpoiak edo pioleta nola erabiltzen diren ere». Iritzi berekoa da Levi: «Bezeroek dirutza ordaintzen dute Mont Blanc igotzeko, baina prestatu gabe etortzen dira asko, ezer begiratu gabe. Interneten munduko mendi hilgarrienak bilatuz gero, Mont Blanc agertuko da, baina askok ez diote jaramonik egiten horri».

MICHEL GONZALEZ MENDI GIDARIA
Michel Gonzalez mendi gidaria.

«Batzuetan, ikaratu egiten gara mendizaleak sokan nola doazen ikusita. Bat eroriz gero, denak erortzeko moduan»

MICHEL GONZALEZMendi gidaria

Eukeni Soto bizkaitarrak ere uda osoa egin du Chamonixen gidari, eta harriturik azaldu ditu ikusitako pasarte batzuk: «Mont Blancera zer-nolako jendea igotzen den kontuan hartuta, ulertzen dut murrizketak jartzea. Orain gutxi pertsona bat ikusi nuen, azken ertzean, korrika egiteko kranpoiekin. Irrist egiten zuen etengabe, ezin zion zutik eutsi».

Istripu kopuruak gora egiten du urtez urte, eta aurtengo udan ere erreskate taldeek erruz izan dute lana. Oso ohikoa da helikopteroa Mont Blanc inguruan hegan ikustea. Etengabe arakatzen dute mendigunea. 5 eta 20 minutu artean behar izaten dituzte istripuaren lekura iritsi eta zaurituekin haranera itzultzeko. Jendarmeen erreskate taldea eta Babes Zibila elkarlanean aritzen dira Mont Blanc inguruko istripuetan. 40 bat profesional dira, gehien-gehienak goi mendiko gidariak. Urtean, 1.400 bat irteera egiten dituzte; egunean, gutxienez erreskate bat. Zalantzarik gabe uda izan ohi da mugimendu handieneko sasoia, egunean 6-7 erreskate ere egiten dituzte. «Beti bezala, lan handia izan dugu, baina egia da uda honetan hildako asko izan direla», jakinarazi du Emmanuelle D’Alalek, Babes Zibileko buruak.

Mont Blanc tontorra milaka mendizaleren ametsa da. Ander Orokieta eta Miguel Tanco nafarrek aurten egin dute Pirinioetatik Alpeetarako jauzia. Gailurretik jaitsi berritan harrapatu genituen. Hala azaldu zigun Orokietak: «Pirinioetan asko ibili gara, eta bururatu zitzaigun Mont Blanc geure kabuz egitea,  baina, horrenbeste istripu izan direla ikusita, mendi gidari bat hartu dugu, eta bete-betean asmatu dugu. Bide arruntetik egin zituzten igoera eta jaitsiera. «Haize gogorra izan dugu, izugarrizko haizea, eta oso jende gutxi igo gara gailurrera. Izotz plaka batzuetan larri ibili gara une batean».

EUKENI SOTO MENDI GIDARIA
Eukeni Soto mendi gidaria.

«Orain gutxi pertsona bat ikusi nuen, azken ertzean, korrika egiteko kranpoiekin. Irrist egiten zuen etengabe, ezin zion zutik eutsi»

EUKENI SOTOMendi gidaria

Gouter eta Tete Rousse aterpetxeetako bidea da Mont Blanceko bide arruntena eta jendetsuena. Batzuek egun bakarrean igo eta jaisten dute mendia, baina 2-3 egunean egitea da ohikoena. Bide arruntak ez dauka eskalada teknikorik, baina baditu kontuz igaro beharreko tarteak. Bolatoki ezaguna, esaterako. 100 metroko inbutu horizontala da, minutu eta erdian zeharkatzen da, baina heriotzaren korridorea esaten diote, udan etengabe erortzen direlako harriak goitik. 1990 eta 2017 bitartean ehun lagun baino gehiago hil ziren pasagune horretan. Mendi gidariak gauez eta ordu hotzenetan igarotzen saiatzen dira. Tunel bat egitea, sare metaliko bat jartzea... Puntu beltz hori saihesteko hainbat proposamen eta ikerlan daude mahai gainean, baina, oraingoz, ez dago ezer erabakita.

Mendizaleen informazio gunea da mendiko etxea. Jendetza eta mendiko istripuak gora egiten ari zirela ikusita, 1972an sortu zuten. Bertan dago Le Chamoniarde, mendiko prebentzio eta segurtasun elkartea. «Informazio bila etortzen dira mendizaleak hona. Eguraldiaz eta mendiko baldintzez galdetzen digute, eta, batzuetan, ez igotzea gomendatu behar izaten diegu», dio Antoine Loupostek, Mendiko Etxeko arduradunetako batek. Orain bi urte, esaterako, 10 gradu ere neurtu ziren tontorrean eta Chamonixeko gidariek uko egin zioten Mont Blanc bide arruntetik igotzeari. Italiako bide arruntean dagoen aterpetxea ere, Gonella, itxi egin behar izan zuten ur faltagatik eta glaziarraren egoera negargarriarengatik.

Glaziarrak atzeraldian, luiziak...

Oro har, Alpeetako glaziar guztiak daude atzeraldian. Mer de Glace harri itsaso lehor bat da egun, baina elurra eta izotza zeuzkan orain 10 urte. Urtean 5 metro galtzen ditu sakoneran eta 30 metro luzeran. Adituen ustez, erabat desagertuko da 2050erako. Igor Irazusta hernaniarra (Gipuzkoa) goi mendietako gidaria da, eta Vallorcinen, Frantzian, bizi da aspaldiko urteotan. «Orain dela urte batzuk, Mer de Glace osorik jaisten genuen eskiatzen, Chamonixeraino bertaraino; gaur egun oso zaila da horretarako baldintzak egotea», esan digu kezkatuta. Glaziarrek izugarri sufritzen dituzte masifikazioa eta klima aldaketa, eta neurri guztiak dira lagungarri. Sinpleenak ere bai. Teknikariek oihalekin estaltzen dute Mer de Glaceko izotza, eguzkiak urtu ez dezan.

Elurra gero eta urrunago dago, eta azken urteetan eskailerak eta teleferiko bat eraiki behar izan dituzte glaziarrera iristeko. Mer de Glaceko izotz kobazuloa turismo erakargarri handia da, urtero 500.000 bisitari baino gehiago jasotzen ditu. 1946an sortu zuten lehen aldiz, baina, klima aldaketaren ondorioz, urtero egokitu behar izaten dute. Orain bi urte erabat desagertu zen kobazuloa,eta beste bat eraiki behar izan dute.

EÑAUT IZAGIRRE
Eñaut Izagirre glaziologoa.

«Tenperaturak igo ahala, permafrosta urtu egiten da, hormak ezengonkortu, eta gero eta ohikoagoa da arrokak erortzea»

EÑAUT IZAGIRREGlaziologoa

Bossonseko glaziarra ere atzeraldi betean dago. Mont Blanc mendiguneko glaziarrik handiena eta garaiena da. 4.000 metroan sortzen da, eta garai batean Chamonixeraino bertaraino iristen zen, 1.000 metroraino. Egun, 2.000 metroan amaitzen da haren mingaina.

Klima aldaketaren eraginez, badira beste zenbait ondorio: harri erorketa izugarriak gertatzen dira. Dru mendiaren piramide ikusgarriari, esaterako, zati handi bat falta zaio. Lur azpian dagoen izotza da permafrosta. Tenperaturak gora egitean, urtu egiten da, eta orduan harri eta harkaitzak erori egiten dira. Eñaut Izagirre glaziologoak urteak daramatza Mont Blanc inguruko glaziarrak ikertzen. «Tenperaturak igo ahala, permafrosta urtu egiten da, hormak ezengonkortu, eta gero eta ohikoagoa da arrokak erortzea», azaldu du. Ikertzaileek aspaldi jo zuten alarma. 2100. urterako egungo izotz-bolumenaren herena baino ez da geratuko kasurik onenean.

«Ez dugu oraindik gainezka egin»

10.000 biztanleko herria da Chamonix, baina ibar osoan 82.000 loleku daude. Alpinismoa, eskalada, neguan eskia, parapentea eta mendi lasterketak. Turismoak %2 egiten du gora urtero. «Eta ez du oraindik gainezka egin. Egia da ibarrean jende asko dagoela, baina ez horrenbeste mendian. Ez dugu uste ingurune naturala arriskuan dagoenik», dio Nicolas Durochat, Chamonixeko turismo bulegoko buruak. Chamonix haraneko ekonomia jarduera nagusia da mendiko turismoa, 10 lanpostutik zazpi, eta milioi eta erdi euroko ekarpena urtean.

«Turismoak ez du oraindik gainezka egin. Egia da ibarrean jende asko dagoela, baina ez horrenbeste mendian. Ez dugu uste ingurune naturala arriskuan dagoenik»

NICOLAS DUROCHATChamonixeko turismo zuzendaria

Orain 60 urte, Chamonixeko orratz enblematikoan eraiki zuten Aiguille du Midiko begiratokia. Europako behatokirik garaiena, 3.810 metroan, mendizale askoren abiapuntua eta milaka turistaren erakargarria. Udan, 5.000 lagun inguru igotzen dira egunero, Mont Blanc eta inguruko menditzarrak bertatik bertara ikusteko. Teleferikoak egun osoz aritzen dira atzera eta aurrera. 20 minutu eskasean milaka mendizale eta bisitari eramaten dituzte Chamonixetik bertatik, 1.100 metrotik, ia 4.000 metrora. 360 graduan Mont Blanc mendilerro osoa ikus daiteke, Frantzia, Italia eta Suitzako gailurrak. Aterpetxeak, glaziarrak eta serac-ak, eskegita gelditzen diren izotz bloke ikaragarriak. Inork ez du geratu nahi kristalezko kutxan argazkirik atera gabe. 1.000 metrotik gorako amildegia azpian. Montenverse gunea da Chamonixeko beste turismo erakargarri nagusia, ia 2.000 metroan. kremailera tren gorri ezagunak milaka turista eta mendizale eramaten ditu egunero hara. Mer de glace glaziarra, izotz kobazuloa eta lau mila metrotik gorako hamaika orratz. Espedizio askoren abiapuntua, eta turisten paradisua.

Mont Blancek, Alpeetako mendirik garaienak, lilura eta desira sortzen jarraitzen du, baina, bistan denez, gutizia horrek baditu milaka aurpegi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.