Urmuga

Moises bezala, urak bi aldeetara banatzen

Nafarroa Beherean eta Zuberoako mendietan barna ibili dira Urmugakoak, Irati parkean bigarren egunez. Mendibeltz, Barazea, Arthanolatze eta Harsüdürrako gailurretan izan dira.

Moises bezala, urak bi aldeetara banatzen.
Joxemi Saizar.
2020ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Moises bezala sentitzen dira egun hauetan Urmugako ibiltariak. Ez amak Nilo ibaian saski batean utzi zituelako. Ez profeta judu gisa, nahiz eta mezu sekretu bat eraman Euskal Herriko punta batetik bestera, sartaldetik sortaldera, eskultura baten barruan. Moisesek Itsas Gorriaren urak banatu bazituen hebrearrak gidatzen ari zela, urmugalariak gure herrialdeko bi isurialdeetako urak alde banatara bidaltzen sentitzen dira une oro, Bizkaiko itsasora eta Mediterraneora, hemeretzi eguneko bidaia luzean, bere lur agindura—Hiru Erregeen Mahaia— bidean.

Bigarren egunez, Irati parke paregabean ibili dira, Pirinioetako basorik handienean, bi itsasoen erdian. Bezperan ibilaldia utzitako puntuan, Burdinkurutzeta mendatean, abiatu eta aldapan gora hasi dira. Eguraldi garbiagoa dute, nahiz eta beheko zuloetan oraindik behe lainoa itsatsita ikusi. Lainopean izango dira Lakarrin eta Otsagabian. Mendibeltz (1.411 metro) dute lehen tontorra, ordubetean igo dira hara, berehala Ataramatzera, gero Barazeako gailurra zapaldu dute, jarraian Arthanolatze (1.531 metro), gailur zabala eta borobila, eta azken tontorra Eskaleta (1.477 metro) izan dute. Eskaleta ugari prestatu beharko zituzten zeberiotarrek egun hauetan Urmugako kontzertuetan. Nahiz eta gero abestien ordena aldatu maiz.

Jomuga izan dituzten lau mendiok Harsüdürra mendilerroan daude, lehen biak Nafarroa Beherean, eta azken biak, Zuberoan. Baso gutxi zeharkatu dute, mendi soilak baitira, belaze ederrak dituztenak, behi, txekor, zaldi eta moxalen gozamenerako. Ur mugak ukitzen dituen Ipar Euskal Herriko bi probintziak ukitu dituzte, beraz, Lapurdi lerro horretatik alde batera gelditzen baita.

Musikaz blaitutako errekak

Etaparen azken zatian, Bagargia edo Organbidexka mendatera jaitsi dira mendizaleak. Han beste trikuharri bat dago, Euskal Herriko garaiena (1.327 metro). Eta Iratiko txaletak ere hantxe aurkitzen dira, ibiltarien atsedenleku, bezperan bezala. Txango laburra izan denez, denbora libre gelditzen zaie nahi bezala erabiltzeko: batzuek siesta egiteko, inguruan buelta bat emateko, zerbait erosteko (tokiko gasna, adibidez) edo edateko… Edo norbaitek BERRIArako kronika idazteko. Zaldieta moxal batzuk ere inguratu dira inspiratzen laguntzeko, nonbait.

Moises moderno horiek urak ezkerraldera bideratzen dituzte, Errobi ibaiak jasoko dituen errekastoetara (Aldude, Arnegi, Beherobi, besteak beste), eta eskuinaldera Aragoi ibaira joango direnak, Erro, Urrobi, Zaraitzu eta Eska adibidez.

Egun hauetan musikaz beteta doaz ur horiek bi isurialdeetako erreka eta ibaietara. Ahotsek, biolinek, gitarrek, trikitiek, pianoek... sortutako doinuak. Iritsi ote dira ur musikatu horiek euskal ibaietatik bi itsasoetaraino? Entzun al dituzue aire gozo horiekBizkaiko eta Mediterraneoko itsasertzetako hondartzetan?

BIHARKO ETAPA:

Abuztuak 1: Belagua- Hiru Erregeen Mahaia-Belagua

18 km; 1.365 m igo, 1.492 m jaitsi; 8-9 ordu; Auñamendi ingurua, Zanpori, Pourtet, Añelarra, Hiru Erregeen Mahaia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.