Mendiko eskiatzailea

Aitor Ugarte: «Mimo handiz prestatu nahi dut datorren urteko mendi eskiko denboraldia»

Lesio batzuk eta ikasketak zirela medio, lehia albo batera uztea erabaki zuen duela hiru urte Ugartek. Itzuli egin da orain, «indarberrituta eta oso motibatuta». Bere garaian izan zuen maila berreskuratzea du amets. Ez du ahaleginean etsi nahi.

Aitor Ugarte mendiko eskiatzailea. ENDIKA PORTILLO / FOKU
ENDIKA PORTILLO / FOKU
2025eko otsailaren 12a
05:05
Entzun

Irribarretsu azaldu da hitzordura Aitor Ugarte mendiko eskiatzailea (Aramaio, Araba, 2002). Hiru urte dortsalik jarri gabe egon arren, kirola egiten jarraitu du denbora honetan. Ingeniaritza ikasketak amaitu ditu, eta suhiltzaile izateko lan eskaintza publikorako prestatzen dihardu gaur egun. Bertsolaria ere baden aldetik, hitz errazekoa da. Ahobizarrik gabe hitz egiten du.

Esprinteko eta errelebo mistoko Espainiako txapelketak jokatu berri dituzu Boi Taullen (Lleida, Herrialde Katalanak). Nola sentitu zara?

Ostiraleko esprinteko sailkapen fasean ondo sentitu nintzen, baina, final-laurdenetan irteera multzo oso gogorra tokatu zitzaidan, eta ezin izan nintzen aurrera igaro. Fisikoki indartsu ikusi nuen neure burua. Baina oraindik asko dut hobetzeko estrategiak eta teknikak garrantzi handia duten halako lasterketa laburretan. Larunbatean, aldiz, oso gustura aritu nintzen Igone Camposekin errelebo mistoan, eta bosgarren postua lortu genuen. Lan txukuna egin genuen. Aste gutxi igaro dira Andorran lehiatu nintzenetik, baina aurrerapausoak egin ditudala nabaritzen dut. Ea goranzko bide horretan jarraitzen dudan! Asteburu positiboa eta polita izan da.

Hiru urteren ondoren, lehiatzen hasi zara berriz.

Bai. 2022ko martxoan jantzi nuen azkenekoz dortsal bat mendi eskiko proba batean, baina, halere, horrek ez du esan nahi denbora honetan guztian eskiak jantzi ez ditudanik. Jakan [Aragoi, Espainia] izan ez bada, Aloñan [Oñati, Gipuzkoa] elurra egin izan duenetan jantzi izan ditut. Lehiatzeko motibaziorik gabe atera izan naiz, baina gustura ibili naiz.

Zergatik utzi zenion lehiatzeari?

Fisikoki min hartuta nengoen, eta mentalki ere nekatu samar. Bateratsu, karrerako hirugarren urtean Mexikora joateko aukera sortu zitzaidan sei hilabeterako, eta lehiaketetatik aldentzeko aitzakia ere izan zen hura. Arreta beste gauza batzuetan jartzeko aukera izan nuen, eta aldi berean gauza berriak bizitzekoa. Ez dut ukatuko etxe inguruan mendi lasterketaren bat ikusi izan dudanean tripazorriak izan ditudala. Halere, ez dut inbidia handirik eduki. Dena ez da kirola nire bizitzan, eta, zorionez, beste helduleku batzuk ere baditut. Asebeteta sentitzen naiz beste hainbat esparrutan ere.

Jende askok galdetu dizu zergatik utzi zenuen?

Bai, baina normala da. Lehen aipatutako arrazoiak eman izan dizkiet denei: alegia, lesioak eta kanpora joateko aukera izan direla arrazoi nagusiak. Itzulerako datarik gabe ibili izan naiz gainera, eta neure buruari ez diot inongo presiorik egin. Banekien suertatzen bazen itzuliko nintzela, eta halaxe izan da, baina izan zitekeen aurkakoa ere.

«Neure buruari ez diot presiorik egin. Banekien suertatzen bazen itzuliko nintzela, eta halaxe izan da; baina izan zitekeen aurkakoa ere»

Nolakoa izan da itzulera?

Ez dut asko hausnartu horren inguruan. Naturalki etorri da. Azaroko lehen elurteekin batera, Urbiara joan nintzen eskiak hartuta. Egun batzuk egin nituen han, eta gustura sentitu nintzen. Horretan nenbilela, aipatu zidaten euskal selekzioak deialdi ireki bat egin behar zuela gazteentzat abenduaren 21ean eta 22an, Candanchun [Aragoi, Espainia]. Adin tarte horretan sartzen ez nintzen arren, selekzioan ditudan lagun batzuei aipatu nien ni ere azaldu egingo nintzela. Igor Alzelai hautatzaileak besoak zabalik hartu ninduen. Aldaketak entrenatu genituen gehienbat larunbatean, eta igandean igoera bertikal bat egin genuen test moduan. Oso oso gustura sentitu nintzen, gehienbat igandean, eta lehiatzeko sentitu behar den motibazio hori sentitu nuen. Selekzioko jendearekin ere primeran egon nintzen, eta giroak ere berriro kateatu ninduen. Berriz ere selekzioan egoteko gogoa izan nuen. Oso gustura itzuli nintzen etxera.

Handik gutxira, lehiatzen hasi zinen, ezta?

Egonaldi haren ondoren, Alzelaik urtarrilaren 4an Candanchun jokatzekoa zen kronoigoera baterako deialdian sartu ninduen. Hura ez zen jokatu, elur faltagatik, eta hurrengo lehiaketa Andorran jokatu zen Espainiako Kopako proba izan zen. Larunbatean bakarkakoa jokatu genuen, eta igandean binakakoa. Baina ez ginen baldintza onenetan aritu. Halere, gustura gelditu nintzen oro har. Konturatu nintzen gauza asko ditudala hobetzeko, baina horrek ere lanerako gogoa ematen dit. Fisikoki hobetu beharra daukat, baina gehienbat aldaketak landu behar ditut.

Binaka, Malen Osarekin aritu zinen.

Ez zen samurra izan niretzat! Harrituta nago harekin! Hark dituen gaitasuna eta burua izugarriak dira. Puntako teknika izan gabe, begira nola dabilen. Bikotekide bezala ere bikain portatu zen nirekin. Aurkari gogorrak genituen ondoan, esaterako, Munduko Kopan aritzen diren Oriol Cardona, Ot Ferrer, Maria Costa, Marta Garcia, Albert Perez eta Jordi Alis. Zortzigarren postuan amaitu genuen. Oso final gogorra izan zen!

Nola ikusi zenuen zeure burua haien ondoan?

Urruti samar, alde askotatik! Ez fisikoki bakarrik, teknikoki ere asko falta zait. Fisikoa asko landu dezaket oraindik, baina teknikoki are tarte handiagoa daukat hobetzeko. Denborarekin ikusiko dugu noraino hobetu dezakedan. Emaitza aldetik hobea izan zitekeen, baina hiru urteren ondoren hori ez zen lehen helburua. Taldeko lana aipatuko nuke gehienbat. Malen Osak hirugarren egin zuen banakakoan. Hugo Robles, Oier Urkiola eta Jon Razkin gazteek egindako lana ere bikaina izan zen.

Hiru urte hauetan, zein ezaugarri galdu dituzu?

Ez dut bereziki galera handirik ikusi. Gauza asko dut hobetzeko, baina lehen ere hala zen.

Eta aurkari zuzenak zirenak nola topatu dituzu itzuleran?

Zer esango dizut ba, oso-oso indartsu! Pentsa, Ot Ferrerrek nire adina dauka, eta duela gutxi hirugarren amaitu zuen Munduko Kopako proba batean. Maila asko hobetu da azken urteetan, eta kirol olinpikoa izango denez, jendeak aurrerapauso handiak eman ditu. Lan handia egin dute askok, eta garapen izugarria izan dute. Zirkuituak ere asko aldatu dira, eta hori ere izan liteke mendiko eskia zer norabide hartzen ari den seinale. Jendea beste ibilbide batzuetara bideratzen ari dira. Mendiko bizikletarekin ere hori gertatu zen bere garaian.

«Eskiatzaile batzuek garapen izugarria izan dute. Zirkuituak ere asko aldatu dira. Mendiko bizikletarekin ere hori gertatu zen bere garaian»

Zer probatan lehiatzeko asmo duzu?

Deialdietan sartzen banaute, lasterketak jokatzeko asmoa daukat. Hasiera batean, asteburuan, Izaban [Nafarroa] izango naiz, Euskal Herriko Txapelketa izango baita Bandres-Karoloren omenezkoan. Otsailaren 22an eta 23an bertikaleko eta banakako Espainiako txapelketak jokatuko ditut. Bertikalerako oso gogotsu nago. Ondoren, Causiat Extreme [Candanchu, Aragoi, Espainia] izango dugu martxoaren hasieran. Lau asteburu jarraian izango dira lehiatzen, baina oso lasterketa erakargarriak dira. Handik aurrera, ikusi egin beharko dugu.

Mendiko lasterketen denboraldiari ere begira jarrita zaude?

Oso berandu hartu nuen lehiatzen hasteko erabakia, eta oraindik esan dezaket denboraldiaurre batean murgilduta nagoela. Denboraldia ondo prestatzearen falta sumatzen dut. Halere, saiatuko naiz otsail gogor honi aurre egiten. Denboraldia ilusioz amaitzea da xedea, eta gero ikusiko dut zer egin. Aurten zerbait txukuna egin nahi dut, jakinik zer bilakaera izan dudan azken hilabeteetan. Motibatuta amaitu nahi dut mendi eskiko denboraldia. Datorren urtera begira bai, mendi eskiko denboraldia mimoz prestatu nahi dut, eta, horretarako, posible da mendi lasterketetako igoera bertikalen batzuetan egotea. Txindokiko bertikala Euskal Herriko Txapelketa izango da aurten, eta gustatuko litzaidake bertan egotea. Ondoren, ez dakit bertikaletako Espainiako Txapelketara joan edo ez.

Mendi lasterketak utzi zenituen arte, etorkizun oparoko korrikalaria zinen.

Indartsu nentorrela esan daiteke, baina beste asko bezala. Bere garaian gauza txukun batzuk egin nituen.

Jendeak emaitzak eskatuko dizkizula uste duzu?

Neure buruari ez diot presio gehiagorik erantsi nahi. Alde horretatik, estimatzen dudan gertuko jendeak badakit ez didala horrelako ezer eskatuko, eta alde horretatik gutxinaka joan nahiko nuke.

Mendi lasterketen zirkuitutik kanpo egon zaren denbora honetan, kasu egin diezu mendi lasterketei?

Gaur egun sare sozialak badakigu zer diren, eta zaila da erabat ihes egitea. Ni, gainera, oso kirolzalea naiz, dena gustatzen zait: txirrindularitza, saskibaloia…

Orain hiru urte zenituen babesleekin jarraitzeko aukera izan duzu?

Orduan, La Sportiva taldearekin ibiltzen nintzen. Baina bi aldeek akordioa etetea erabaki genuen. Oso eskertuta nago bere garaian emandako babesarekin. Markek eta sare sozialek beren abantailak eta desabantailak dituzte, eta geroz eta pisu handiagoa hartzen ari dira. Nik ere askotan sentitu izan dut tranpa horretan erori naizela. Gaur egun beste heldutasun bat dudala iruditzen zait, eta ez diet hainbesteko garrantzirik ematen. Besteek egiten dutenaz nahiago dut iritzirik ez eman.

 

MOTZEAN

  • Mendiko eskian egin duzun lagunik onena? Rafa Urbizu.
  • Lasterketa bat? Bandres-Karoloren omenezkoa.
  • Korritzeko duzun bat? Mezzalama saria [Alpeak, Italia].
  • Entrenatzeko leku bat? Aramaio [Araba].
  • Beste kirol bat? Txirrindularitza.
  • Sareetan gehien jarraitzen duzun kirolaria? Tadej Pogacar.
  • Jateko? Pasta.
  • Edateko? Ura.

  • Musika talde bat? The Clayton. Aramaiokoak dira.

  • Abesti bat? Kontraesanak (Bi bala).

  • Oporretarako leku bat? Calella de Palafrugell [Herrialde Katalanak].

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.