Mila korrikalari inguru lehiatuko dira ekainaren 15ean Gasteizko Mendiak proban

Manuel Iradier txangozale elkartearen 75. urteurrena ospatzeko ekitaldia izango da proba. Partaideek 62,3 kilometro egingo dituzte Itxogana, Indiagana, Arraialde, Almurrain, Kapildui, Zalbizkar, Lendizgana, Arrieta, Zaldiaran, Busto eta Ezkibel lotuz.

Manuel Iradier Txangozale Elkarteak antolatutako 'Gasteizko Mendiak' mendiko kirol probaren aurkezpena
Probaren aurkezpen ekitaldia. Irudian, erdian, Arantxa Ibañez de Opacua Vital fundazioko zuzendaria, Fernando Casi elkarteko presidentea eta Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria.
ramon olasagasti
2024ko ekainaren 4a
10:00
Entzun

Manuel Iradier txangozale elkarteak antolatutako Gasteizko Mendiak mendiko kirol proba izango da ekainaren 15ean. Atzo egin zuten aurkezpena Fundazioa kulturunean Fernando Casi elkarteko presidenteak, Arantxa Ibañez de Opacua Vital fundazioko zuzendariak eta Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak.

Manuel Iradier txangozale elkartearen 75. urteurreneko programaren barruan topaketa nagusietako bat izango da lasterketa. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, espirituan joan den mendeko 50eko hamarkadako lehenengo urteetako martxa arautuekin bat egiten du probak, eta, hamarkada batzuk geroago, sorrerako printzipioei eusten die: «Natura kontserbatzea eta horretaz gozatzea, eta txangozaletasuna eta mendiko kirolak sustatzea arlo guztietan», nabarmendu du Casik.

Korrikalariek 62,3 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, eta Gasteizko hegoaldeko gailurrik esanguratsuenak lotuko dituzte bidean: Itxogana, Indiagana, Arraialde, Almurrain, Kapildui, Zalbizkar, Lendizgana, Arrieta, Zaldiaran, Busto eta Ezkibel. Guztira 1.000 korrikalari izango dira lehian, eta berrehun lagun boluntario lanetan.

Manuel Iradier Txangozale elkarteak, ondare naturalarekin duen konpromisoa berresteaz gain, konpromiso sozialerako deia egingo du beste behin, ingurukoek emandako babesa eskertzeko. Horregatik guztiagatik, Elikagaien Arabako Bankua GKEari emango dizkio anoaguneetan kontsumitu ez diren elikagaiak.

Probari buruzko informazio gehiago, lasterketaren webgunean.

URTEURRENEKO BESTE EKITALDI BATZUK

Elkartearen 75. urteurreneko egitaraua osatzeko, honako jarduera hauek ere egingo dira egunotan:

  • Goi Martinezen erakusketa. Goio Martinezen Patagonia eta Zeelanda Berria erakusketa (ekainaren 15era bitarte, elkartearen egoitzan, Pintore kaleko 15ean, eta, ondoren, gizarte etxeetan eta kultur etxean).
  • BiBat, 'Hileko pieza' erakusketa. Datorren ostiralean, ekainak 7, inauguratuko den Los Goros indusketari buruzko erakusketa.
  • Solasaldi-eztabaida. Armando Llanos eta Ismael Garciaren arteko solasaldi-eztabaida, ekainaren 20an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.