Hiru Handiak ultratrail proben artean aitzindaria da, lasterketa ospetsua, eta haren 23. ekitaldia jokatuko dute etzi. Antolatzaileek jakinarazi dutenez, mila korrikalari inguru ariko dira; 3.000 lagunek baino gehiagok eman zuten izena, eta, beraz, zozketa egin behar izan zuten. Horiez gain, bostehun pertsona ariko dira boluntario, antolatzaile eta laguntzaile. Lasterketa, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru gailur garaienetatik igaroko da: Gorbeiatik, Anbototik eta Aizkorritik.
Larunbatean hasiko da lasterketa, 00:00etan, Murgian (Araba). Hortik aurrera, Gorbeiako igoerari ekin ondoren, lasterkariak Ubide (01:52), Otxandio (02:20), Urkiola (03:05), Anboto (03:45), Landa (05:50) Usabakotzena (07:55), Aizkorri (09:51) eta Araiako lehenengo helmugatik (10:46) igaroko dira. 101 kilometro egingo dituzte guztira, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako gailurrik enblematikoenetara igo. Ibilbidea ederra bezain gogorra da; izan ere, 10.125 metroko desnibel positiboa du.
Parte hartzaile gehienak euskal herritarrak dira, baina badira kanpotik etorritakoak ere. Sexuari dagokionez, emakumezkoen kopuruak %15 inguru egin du gora.
Vital fundazioa da probaren babesle nagusia, eta, nabarmendu duenez, «alderdi guztietan garrantzi handia» eman nahi diete kirolariei. «Aukera osasungarrien eta gure bizitzan lagunduko diguten balioen berme dira. Gure erakundearen iritziz, kirolaren ezaugarri nabarmenak dira horiek, eta lasterketa honek islatu egiten ditu. Diziplina, ahaleginaren kontrola, irmotasunez saiatzea, lehiakortasuna, ingurumena errespetatzea...eta gure lurraldeko mendirik garaienetan ibiltzearen harrotasuna nahikoa arrazoi dira probaren alde egiteko aurrerantzean ere».
Parte hartzaileen artean, Julen Martinez de Estibariz, Alvaro Ramos, Lur Basterretxea eta Janire Fernandez de Olano nabarmentzen dira.
Mila korrikalari ariko dira etzi Hiru Handiak mendi lasterketan
Parte hartzaileak Gorbeiako, Anbotoko eta Aizkorriko tontorretara igoko dira. Ibilbideak 101 kilometro ditu, eta 10.125 metroko desnibela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu