Mikel Linazisoro (Bergara, Gipuzkoa, 2000) sasoi betean dago, bere «boladarik onenean». Medikuntzako karrera bukatu ondoren, iaz erabaki zuen pare bat urte gutxienez oso-osorik eskaladari eskaintzea, eta lau hilabete daramatza Bartzelonan, Sant Cugat del Valleseko CAR edo goi errendimenduko zentroan. «Aldaketa handia izan da: han, Bilboko rokodromoan, ia bakarrik entrenatzen nintzen, eta, hemen, Alberto Ginesekin, beste lauzpabost lagunekin eta David Macia entrenatzailearekin nabil; horrek asko laguntzen du. Oso indartsu dagoen jendearekin entrenatzeak zu ere behartu egiten zaitu gehixeago, motibatu egiten zaitu», adierazi du.
Entrenamendu mota edo metodoa baino gehiago, talde indartsu baten ubera horretan aritzea eta entrenatzea izan da aldaketarik handiena Linazisororentzat. «Hemen dauzkagun instalazioak harrigarriak dira, Espainiako onenak, eta taldea bera oso indartsua da, entrenatzaile bat dugu egunero gurekin, eta, horri guztiari esker, errazagoa da gehiago entrenatzea, saio bakoitzean gehiago estutzea, entrenamenduak aldatzea eta egokitzea nekatua bazaude...». Medikuntzako ikasketak bukatuta, gainera, eskaladan dabil buru-belarri. «Eta lau hilabeteotan aldaketa nabarmena igarri dut. Nik uste nire garairik onenean nagoela. Espero dut horrela jarraitzea eta poliki-poliki gorantz joatea».
«Lau hilabeteotan aldaketa nabarmena igarri dut. Uste dut nire garairik onenean nagoela. Espero dut horrela jarraitzea eta poliki-poliki gorantz joatea»
MIKEL LINAZISOROEskalatzailea
Ikasketak bukatu berritan, iazko abuztuan eta irailean, geldialdi bat egin, eta Hego Amerikan barna bidaiatzeko eta «bizitzaz gozatzeko» aprobetxatu zuen. Handik bueltan, urriaren erdialdera jo zuen Bartzelonara, entrenatzeko gogo handiarekin eta oso-oso motibatuta. «Geldialdia egin eta gero, hasieran kosta egin zitzaidan martxa hartzea, baina bi hilabetetan sasoi onean jarri nintzen». Eta aurreko bi urteetan Siuranan (Tarragona, Katalunia) probatua zeukan bide batean saiatzea erabaki zuen abenduan: Estado crítico bidean (9a). Nahikoa izan zituen hiru egun bidea kateatzeko. Laugarren 9a zailtasuneko bidea zuen. Aurrez, hauek zituen: Begi puntuan, Etxaurin, eta Obaba eta Il domani Baltzolan. «Bost urte ziren nire azken 9a egin nuela, Il domani, denbora asko zen jada. Hona etortzeak, bi hilabetean sasoiko jartzeak eta emaitzak hain azkar ikusteak bultzada handia eman zidaten bide honetan jarraitzeko, entrenamenduak ondo doazela egiaztatzeko, merezi duela sinesteko...».
Santa Linyako asteburua
Aurreko asteburuan, berriz, Santa Linyako kobazulora (Lleida, Katalunia) jo zuen Linazisorok. Iazko urrian ezagutu zuen Noguera eskualdeko kobazulo hori, eta hasieratik lerro bati eman zion begia. «Orduko hartan ez nuen Selecció natural (9a) bidea probatu, baina kobazuloan sartu orduko bide horrek izugarri erakarri ninduen. Oso luzea eta nabarmena da, kobazuloan behetik goraino doa... Lerro ederra da». Urtarrilean pare bat aste bukaera egin zituen bide hori saiatzen, baina ez zuen goraino eskalatzerik lortu, eta asteburu honetako lehen saiakeran ere ez zion traza onik hartu. «Larunbatean, pareta umela zegoen, dezente irristatzen zuen, atsedenlekuak erdi bustita zeuden eta baldintzak ez ziren batere onak, baina saiatzea erabaki nuen». Eta, metroz metro, ia goraino eskalatu zuen bidea. Azkeneko zinta itxita zeukala, azken mugimenduan erori zen. Hasierako amorruari berehala hartu zion gain itxaropenak: «Baldintza txarretan hain gora iristeak konfiantza ukitu hori eman zidan hurrengo egunean berriro goraino heltzeko».

Larunbata ez zen, ordea, ekinaldi on horrekin bukatu. Arratsaldean, Santa Linyan bertan, lehorrago zegoen beste eremu batean, aurrez ikusita zeukan beste bide bat probatzea erabaki zuen eskalatzaile bergararrak: Rock Fucks (8b+). Mugimendu guztiak ondo igarri zituen, eta hasi eta buka, behetik goraino eskalatu zuen lerroa, bistaz; aurrez saiatu gabe eta lehen ekinaldian, alegia. «Zailtasun horretako nire bigarren bidea izan zen bistaz». Larunbata oso emankorra izan zen, eta poz-pozik bueltatu zen Linazisoro.
Igandea are hobea izan zen, ordea. Eguzkitsu, bero antzean esnatu zen eguna. Goizean, Selecció natural bideari eguzkiak ematen zionez, hormaren eremu ospelago batera jotzea erabaki zuen. «Lagun bat, Fabelita bidea ari zen probatzen, 8c bat, eta aurreko egunean hari aseguratzen egon nintzenez, haren mugimenduak ikusita, bidea gutxi gorabehera ezagutzen nuen, baina ez neukan probatuta. Hala, bestean itzala sartu arte, hari ekitea erabaki nuen. Egia esan, lagunak ondo esplikatu zidan dena, ondo azaldu zidan nola zen bidearen sekuentzia eta ni neu ere hasieratik fuerte sentitu nintzen. Horrelaxe lortu nuen nire lehen 8c bidea flash eran». Ezin hobeto hasi zen eguna.
«Hemen [CARen], Alberto Ginesekin, beste lauzpabost lagunekin eta David Macia entrenatzailearekin nabil, eta horrek asko laguntzen du»
MIKEL LINAZISOROEskalatzailea
«Izugarri motibatuta», Selecció natural bidea gerizpean geratu zenean, hari heldu zion. «Baldintzak bezperan baino askoz hobeak ziren, lerroa siku zegoen, ukipen onarekin, eta aurreko egunean arratoitxo batek bezala kostata egin nituen pausoak igandean hobeto egin nituen. Pixka bat nekatuta ere banengoen, baina buruak eta konfiantzak beste bultzada bat eman zidaten. Beheko blokeak nahiko ondo gainditu nituen, eta gora eta gora, lortu nuen katera iristea. Nolako asteburua! Ezin nuen sinetsi. Nire eskaladako 24 ordu onenak izan ziren».
Fisikoki «inoizko indartsuen» ikusten du bere burua Linazisorok, eta psikologikoki ere lasai. Denboraldia hasi besterik egin ez den honetan, ez dauka argi zer txapelketatara joango den, baina Munduko Kopako Europako lau probetara joateko asmoa du: Innsbruck (Austria), Chamonix (Frantzia), Madril (Espainia) eta Koper (Eslovenia). Eta Espainiako txapelketara ere bai, maiatzean. «Oraingoz horiek dira helburu nagusiak. Ea... Ez dut gehiegizko aurreikuspenik egin nahi. Aurreko urteetan, Munduko Kopako probetan finalerdietara pasatu izan naiz, baina beti oso justu, eta 17-20 postu horien artean ibili naiz nire txapelketarik onenetan. Aurten, gustatuko litzaidake postu horiek pixka bat hobetzea. Txapelketetara joan, burua lasai eduki eta ehuneko ehuna eman, hori izango da helburua».