2019ko denboraldian buru-belarri ibili zen Mikel Linazisoro (Bergara, Gipuzkoa, 2000) Jokoetarako sailkatzeko ahaleginetan. Munduko Txapelketan saiatu zen lehenik, eta, ondoren Europakoan saiatzeko asmoa zeukan arren, Espainiako selekzioak ez zuen parte hartu hartan. «Oso zaila neukan sailkatzeko. Munduko lehen hamahiruen artean egon beharra zegoen, eta ni ez nintzen egon maila horretan».
Alberto Gines ariko da Espainiako selekzioarekin Tokion. «Urtea ez zuen oso ondo hasi, blokean gehienbat, baina, azken hilabeteetan, zailtasunean oso indartsu aritu da. Presioa ere hobeto kudeatzen ari da azken hilabeteetan», esan du Linazisorok. Hasiera batean, oso zaila ikusten du hura podiumean sartzea. Aurkarien maila goraipatu du: «Narasaki, Ondra… Izar guztiek bateratu beharko lukete Ginesek urrea lortzeko. Halere, izugarri gustatuko litzaidake finalean sartzea».
Eskalada lehenbizikoz izango da Olinpiar Joko batzuetan, eta jende askoren ahotan dabil azken egunetan. Ikuskizuna espero da. Linazisorok ere bota du bere iritzia horren inguruan: «Abuztuaren 4an, Poloniarako bidean izango gara, baina han ikusteko asmoa daukat, telebistaren aurrean. Oso argi dut lehia ikusgarria izango dela. Polita izango da jendeari erakustea zer egiteko gai garen». Izan ere, azkenaldian Munduko Kopako probak Internet bidez ematen dituzten arren, Linazisorok argi dauka gehien-gehienek «ez dutela ikusten» zer egiten duten. Hori aldatzen hasteko lehen urratsa izan daiteke Olinpiar Jokoetan tokia egitea.
Tokio 2020. ESKALADA
Mikel Linazisoro: «Zer egiten dugun ikusteko balioko dio jendeari»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu