Mikel Linazisoro Espainiako txapeldun zailtasunean

Lur Guenetxea ere garaile izan da, 14 urtez azpikoetan, eta Maddi Agirre eta Udane Mujika bigarren, hurrenez hurren, 18 urtez eta 16 urtez azpikoetan. Madrilgo Arroyomolinos herrian jokatu da zailtasuneko txapelketa asteburuan.

Mikel Linazisoro Espainiako txapeldun izan da 2024ko kirol eskaladako zailtasuneko modalitatean
Mikel Linazisoro finaleko bidean. FEDME
ramon olasagasti
2024ko ekainaren 17a
13:30
Entzun

Kirol Eskaladako Espainiako Txapelketa jokatu da asteburu honetan, zailtasuneko modalitatean, Madrilgo Erkidegoko Arroyomolinos herrian. Espainiako Koparako lehen proba puntuagarria ere izan da. Aire libreko horma ikusgarri batean lehiatu ziren eskalatzaileak, 2019ko Eskaladako Munduko Txapelketan, Innsbrucken (Austria), erabilitako murru ikusgarri berean, hain zuzen. Eskarmentu handiko ekipatzaile taldea aritu zen eskaladako murru artifiziala egokitzen. Hauek kideak: Lucas de Jesus, Carlos Logroño Citro, Beto Rocasolano (bideen arduradunak), Kymy de la Peña, Sara Richart, Enrique Beltran, Christian Gutierrez, David Gambus eta Javi Iniest.

Larunbat ilunabarrean, eguzkiaren indarra apaldu zenean, jokatu ziren nagusien finalak. Gizonezkoetan, bi euskal eskalatzaile sartu ziren zortzikote hautatuan: Mikel Linazisoro bergararra (Gipuzkoa) eta Eneko Carretero zumaiarra (Gipuzkoa). Beste seiak hauek izan ziren: Lau Macia, Javi Cano, Jorge Diaz-Rullo, Raul Escribano, Guillermo Peinado eta Javier Paredes. Finaleko bidean, erdi pareko desplomea izan zen dominak zehaztu zituen mugarria.

Mikel Linazisoro izan zen ekipatzaileek proposatutako lerroa hobekien irakurtzen jakin zuena eta, bidearen erdi pareko sabai hori gainditu ondoren, beste bospasei presa kamuts eskalatu zituen bakarra. Raul Escribano Alacanteko eskalatzailea izan zen bigarren, eta Guillermo Peinado madrildarra, iazko txapelduna, hirugarren. Eneko Carretero bosgarren izan zen final horretan.

Emakumezkoetan, gaztetxoak izan ziren protagonistak. Finaleko zortzikotean, Iziar Martinez valladolidarra baino ez zen gai izan bidearen gorenera iristeko. Ez zen urrun ibili Geila Macia kataluniar gaztea, baina pixka bat beherago erori zen. Beste kataluniar gaztetxo bat, Julia Benach, izan zen hirugarren. Ainhize Belar podiumaren atarian geratu zen, laugarren, baina eskalatzaile atxondarra (Bizkaia) badator behetik gora, lesiotik osatzen. Maddi Agirre ordiziar gaztea, berriz, zortzigarren izan zen, finaleko talde hautatu horretan.

Gazteen kategorietan, ia berrehun eskalatzaile aritu ziren lehian. Nabarmentzekoa, 14 urtez azpikoen mailan Lur Guenetxea oriotarrak lortutako garaipena. Bidearen punturik altuena ez zuen urrun izan Guenetxeak. 16 urtez azpikoetan, Udane Mujika elduaindarra (Gipuzkoa) bigarren izan zen nesketan, eta Eñaut Uson tolosarra (Gipuzkoa), bosgarren. 18 urtez azpikoetan, Maddi Agirre –nagusien mailan zortzigarren– txapeldunorde izan zen, eta Elur Arteaga tolosarra (Gipuzkoa), berriz, hirugarren. Maila berean, mutiletan, Manex Iñurrategi aretxabaletarra ez zen dominetatik aparte ibili, laugarren izan baitzen, hirugarrenarekin ia pare-parean.

Zailtasuneko modalitate honetan, Espainiako Kopako hurrengo proba urriaren 24tik 26ra izango da, Kataluniako Vilanova i la Gertru herrian.

Sailkapen guztiak Espainiako Federazioaren (FEDME) webgunean.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.