Ekitaldiz eta emozioz betetako urtea izan da 2024a Martin Montañes eta Zigor Egia presidenteentzat. Elkarrekin ospatu dute mendeurrena, eta, kargua utzi berri duten honetan, aurrera begira ere elkarren ondoan egoteko borondatea agertu dute. Mende oso batez mendizaletasunari hezurdura eta giharra ematen egindako lanagatik, abenduan WOP Mendi Film Saria jaso zuten federazioek Bilbon. Ekitaldiaren atarian eginikoa da elkarrizketa, eta ekitaldiaren ostean, argazkia, jada aitortza eskuetan zutela.
Joan da 2024a, bukatu da mendeurrena. Atzera begiratu, eta nolakoa izan da urtea?
MONTAÑES: Ekitaldi ugari egin da 2024. urtean, mendizale kolektiboaren erantzuna jendetsua izan da, eta, balio erantsi moduan, bi federazioek eskutik egin duten lana azpimarratuko nuke. Duela bi urte hasi ginen elkarrekin lanean, espresuki sortutako Mendeurrenaren Batzordearen bidez, eta, egindako ekitaldi guztien gainetik, batasun hori nabarmenduko nuke.
EGIA: Mendeurrena ondo joan dela uste dut. Ekitaldi guztiak elkarrekin egin ditugu, eta oso giro ona egon da bi federazioen artean, baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako federazioekin ere. Ekitaldi batzuk ezinbestekoak izan dira, adibidez, maiatzaren 18an Elgetako plazan egin zena eta mendeurreneko gala. Baina, horiez gain, beste batzuk ere hunkigarriak izan dira, esaterako: oso polita izan zen Korrikan federazioen kilometroa korritzea, Elgetan bertan; 40 urte jarraian federatuta egon direnei urrezko garaikurrak emateko ekitaldiak ere oso bereziak izan ziren. Ekitaldi horietan argi ikusi genuen jendearen konpromisoa eta esker ona. Niretzat, Martin Zabaleta hemen izatea sekulakoa izan zen. Uste dut urtea, oro har, polita izan dela, lana egin dugula eta aho zapore ona utzi digula.
«Sartu ginenean, itsasontzi erraldoi bat aurkitu genuen, ahalmen izugarrikoa, bidaiari bikainez betea, baina gobernurik gabea. Gure lorpenik handiena itsasontzi horren lema eta gobernua hartzea izan da»
ZIGOR EGIAEMFko presidente ohia
Eta zuk, Martin, mendeurreneko ekitaldien artean, baduzu une hunkigarriren bat, gogoan iltzatua geratu zaizuna?
MONTAÑES: Zaila egiten zait bat bestearen gainetik bereiztea, baina niretzat une polita izan zen, adibidez, Athleticen eta Bartzelonaren arteko partidan San Mamesen egin genuen ohorezko sakea. Denok dakigu futbolak zer indar duen, eta, gurea hain federazio txikia izanda, ohore eta aukera hori izatea sekulako erakusleihoa izan zen milioika laguni gure lurraldean mendiak zer garrantzi duen agertzeko.
Baturik sortu zineten eta baturik ospatu duzue mendeurrena. Garrantzi berezia izan du horrek, ezta?
EGIA: Handia. Guk ez genuen beste era batera ulertzen. Duela bi urte Mendeurrenaren Batzordea eratu genuenean, burutik pasa ere ez zitzaigun egiten bakoitzak bere aldetik ospatzea. Bi federazioek oso argi genuen elkarrekin joan behar genuela.
MONTAÑES: Hala da, bi aldeok oso argi genuen. 1924an sortu ginen, elkarrekin egon gara urte askoan, eta, urteen joanean gorabeherak izan badira ere, gure zuzendaritzek oso argi zuten elkarrekin ospatu behar genuela mendeurrena. Esango nuke mendizaleek, federatuek, eskertu dutela hori, eta bat egiten dutela batasun espiritu horrekin. Duela aste batzuk, adibidez, Basauriko Baskonia mendi taldean izan ginen biok, eta horixe azpimarratzen ziguten: «jarrai ezazue horrela, segi lanean elkarrekin...».
Euskal Herriko Mendi Biltzarra sortu duzue, organo bateratu bat, eta erregistratu duzue dagoeneko. Zer urrats egingo dituzue aurrerantzean ere bidea elkarrekin egiteko?
EGIA: Mendi Biltzarra duela gutxi hasi da bidea egiten. Erregistratutako organoa da, legezkoa, eta orain martxan hasteko garaia da. Bi federazioek borondatea dute Biltzarrarekin aurrera egiteko, eta helburu nagusi bat dute: hemendik aurrera ere elkarrekin egitea batzen gaituzten mendi eta kultura arloko ekimenak eta jarduerak, modu sistematikoan. Dagoeneko traileko egutegia eta probak horrela egiten ari gara. Asmoa da aurrerantzean Mendi Biltzarraren bidez antolatzea Euskal Herriaren erdigunera egiten den ibilaldia, Besaide Eguna eta beste hainbat ekimen.
MONTAÑES: Organo hori federazioko presidentetzen baitan ez egotea litzateke gure asmoa; bestela esanda, federazioetako batzarrek izatea organo horren gainean erabakitzeko eskumena. Orain arte egin den lan guztia ez dadila eten presidente batek bestelako iritzia duelako organo horren inguruan; egon daitezela mekanismo batzuk lan bateratu horri eusteko.
«Urteen joanean, hasiera batean kontra zegoen hainbatek ere aitortu du egin dugun lana. 'Ondo ari zarete', esan izan digute horietako askok»
MARTIN MONTAÑESNafarroako Federazioko presidente ohia
Zuen agintaldiari begira jarrita, zuk, Martin, 13 urte egin dituzu, eta zuk, Zigor, lau. Denboraren talaiatik atzera begiratuta, zer balorazio egiten duzue egindako bideaz?
MONTAÑES: Bizitza honetan gauzak beti egin daitezke hobeto, noski: gauza batzuk ongi egingo nituen, eta beste batzuk, gaizki, seguruenik; baina, ni neu pozik nago zuzendaritzak egindako lanarekin. Sartu nintzenean, lehen hilabeteak nahasi samarrak izan ziren federazioko estamentu batzuekin, baina konpondu genituen, eta, gerora, urteen joanean, hasiera batean kontra zegoen hainbatek ere aitortu du egindako lan hori. «Ondo ari zarete», esan izan digute horietako askok, eta horrek asebete egiten zaitu. Niretzat, federazioaren eta mendizaleen lana eta jarduna ikusaraztea oso garrantzitsua da, eta, orobat, mendi taldeek eta mendizaleek federazioa hurbil sentitzea, eta ez urruneko estamentu gisa. Emakumeen jardunari ere, parekidetasunari, garrantzi handia eman diogu. Sartu nintzenean, 8.352 lizentzia ziren Nafarroako mendi federazioan, eta, gaur egun, 14.400 gara; 6.000 gehiago. Kontzientziazio lan handia egon da horren atzean.
EGIA: Gu Euskal Mendizale Federazioan sartu ginenean, itsasontzi erraldoi bat aurkitu genuen, prestutasun eta ahalmen izugarrikoa, bidaiari bikainez betea, baina gobernurik gabea. Nik uste lau urte hauetako gure lorpenik handiena itsasontzi horren lema eta gobernua hartzea izan dela, norabide bat finkatzea, eta ontzia jomuga horretarantz eramatea. Noski, dena hobetu daiteke mundu honetan, eta, iritsi nahi genuen leku horretara iristeko agian lasterbide azkarrago bat har genezakeen, edo bide hobe bat, bidaian ikasten joan baikara. Baina uste dut federazioak, gaur egun, baduela norabide bat, gidaritzan dagoen eskifaiak elkarren artean hitz egiten duela, eta elkar ondo hartzen duela. Aurkeztu ginenean programan zehaztu genituen jarduera eta ekintza jakin batzuk gorabehera, esanguratsuena hori dela esango nuke.
«Gu sartu ginenean, Goi Mendi Eskola hilda zegoen, ez zuen aurrekonturik, eta, datozen lau urteetan, hori izango da gure taldearen helburu nagusietako bat: Eskola berriro martxan jartzea»
ZIGOR EGIAEMFko presidente ohia
Egin gabe edo erabat gauzatu gabe utzitakoen artean zerbait aipatzekotan?
MONTAÑES: Egia esan, agintaldiz agintaldi egitarauan jasotako helburuak bete ditugulakoan nago. Zuzendaritza parekidea lortu dugu; Belaguako aterpea zaharberritzeko proiektuan ur handitan sartu ginen, eta, gorabeherak izan arren, hori ere aurrera atera genuen; federatuen kopurua nabarmen handitu da... Gauzak egiteke geratuko ziren, seguru, baina helburu nagusiak bete ditugu, bai.
EGIA: Guk ere hasieran jarritako helburu gehienak bete ditugu, baina egia da, adibidez, Goi Mendi Eskola berriro martxan jartzeko helburua hor geratu zaigula, eta nik badaukat arantzatxo bat horrekin. Gu sartu ginenean Goi Mendi Eskola hilda zegoen, ez zuen aurrekonturik, eta, datozen lau urteetan, hori izango da gure taldearen helburu nagusietako bat: Eskola berriro martxan jartzea.
Euskal Mendizaletasunaren Museoa ere gauzatzeko dago oraindik.
EGIA: Bi federazioak EMMOAren patronatuko kide gara, eta uste dut gu hor gaudenetik museoa sortzeko ideiari bultzada eman zaiola. Berriki, Alex Txikonek beste museo bat sortu du Azpeitian [Gipuzkoa]: Mendietxe museoa. Museo hori oso ondo eginda dago, baina bi federazioek uste dugu euskal mendizaletasunaren historiari buruzko bilduma bat ere beharrezkoa dela, eta horren ardura EMMOAk izan behar duela. Ez dakit zer forma izan behar duen proiektuak: beste museo bat, beste leku bat, edota erakusketa sendo eta ibiltari bat, Euskal Herri osoan zehar batera eta bestera ibiliko dena urte beteko edo urte pare bateko erakusketa iraunkorretan... Agian nazioartera ere eraman liteke erakusketa hori. Ez dakit zein izango den formula egokia, baina gure historia eta orain arte bildutako ondare hori guztia azaleratu eta ikusgai jarri behar da.
«Belaguako aterpea zaharberritzeko proiektuan ur handitan sartu ginen, eta, gorabeherak izan arren, hori ere aurrera atera genuen; federatuen kopurua nabarmen handitu da...»
MARTIN MONTAÑESNafarroako Federazioko presidente ohia
Erakusketa ibiltari bat atontzea da, beraz, aukeretako bat?
EGIA: Izan daiteke, baina berriro diot, gu EMMOAren patronatuko bi kide besterik ez gara. Baina, bai, hori da proposamenetako bat. Tolosako museoari behin betiko bultzada ematea da beste aukeretako bat. Eta hirugarren proposamena zera da, euskal mendizaletasunaren historiari buruzko bilduma hori lehendik martxan dagoen beste museo batean txertatzea. Ez dakit azkenean zein izango den formula, baina ezin dugu eduki halako bilduma bat biltegi batean.
MONTAÑES: Adibidez, Gailurretan izan gaitun erakusketa Euskal Herri osoan barna ibili da urte osoan, eta oso arrakastatsua izan da. Iruñeko Planetarioan Juan Mari Feliuren erakusketa egin zenean ere oso arrakastatsua izan zen. Planetarioko arduradunek esan ziguten egin dituzten guztien artetik bisitari gehien jaso dituen erakusketa izan dela.
EGIA: Gainera, erakusketa hori ikusgai jartzen denean, material eta ondare gehiago iritsiko zaigu. Jendeak esango du: «Jo, nik ere baditut argazkiak etxean», edo «nik nire aitaren iltze hau daukat», edo «nire aitonaren piolet hau»... Jendeak zerbait fisikoa dagoela ikusten duenean, uki daitekeena, ikus daitekeena, emaile gehiago sortuko da.